ANTERAL NUP-EN “SPIN-OFF” ENPRESAK 6G KOMUNIKAZIOETARAKO ANTENAK EGITEN DITU ETA HUAWEI ENPRESAK TESTATU ETA ONIRITZIA EMAN DIE

Anteral enpresako kideak (artxiboko argazkia).

Anteral NUP-en “spin-off” enpresak 6G komunikazioetarako antenak egiten ditu, eta Huawei enpresak testatu eta oniritzia eman die

Prototipoa gai da datu tasa altuak denbora errealean transmititzeko

Anteralek garatu ditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antenak ikerketa-taldetik sortutako enpresa nafarrak, Huawei enpresa teknologikoaren lorpen handi baterako 6G antenak, etorkizuneko komunikazioetako mugarri honetarako alegia: segundoko 240 gigabiteko transmisioa lortzea distantzia ertain/luzeko haririk gabeko komunikazioetan eta kanpoaldean. Itziar Maestrojuan Anteraleko CEOak azaldu duenez, “Huaweik maiztasun altuko komunikazioak garatu eta frogatu ditu terahertzen bandan (THz). Horrek aukera asko zabaltzen ditu, eta oinarriak ezartzen ditu etorkizuneko haririk gabeko 6G komunikazio-sistemetarako”.

Hirietan testatu da komunikazio-prototipoa: transmisoreak estazio base tipiko bat simulatzen zuen, eta eraikin baten goialdean zegoen instalatua; hartzailea, berriz, lurzoruaren mailan zegoen, kale batean. Anteralek egindako prototipoa lehenbizikoa da kanpoaldean 240 Gb/s-ko transmisioa lortzen duena distantzia ertain/luzeko haririk gabeko komunikazioetan.

6G komunikazioetako lorpen handi horretarako —esan du Maestrojuanek— Anteralek garatutako antenak erabili dira. Antena horien bidez, maiztasun altuko komunikazioak egiten ahal dira, oso irabazi handiekin, eta horrek modua ematen du datu transmisioko eta komunikazioko tasa altuak gaitzeko, denbora errealean”. Anteralek esperientzia handia du telekomunikazioen sektorean, eta maiztasun altuko komunikazioen arloko garapen eta proiektu asko. Horri esker, posizio ona hartu du nazioartean enpresa handiekin lan egiteko, Huawei enprearekin adibidez.

Terahertzen banda uhin milimetrikoen eta infragorrien maiztasunen artean dago, eta irtenbide alternatibo garrantzitsutzat jotzen da oso abiadura handiko komunikazio-tasak lortzeko, haren komunikazio-bandaren zabalerari esker. Beraz, uste da eginkizun oso garrantzitsua izanen duela 6Garen garapenean.

Anteral

Anteral 2010ean sortu zuen NUPeko Antenen Taldeak, eta Unibertsitatearen eta enpresaren arteko jakintzaren transferentziaren adibide ezin hobea da. Sortu zenetik, ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua egin du. Bi negozio ildo ditu. Lehenbizikoa, helduagoa eta finkatuagoa, sektore aeroespazialerako, telekomunikazioetarako, segurtasunerako, defentsarako eta abarretarako prestazio handiko antenen eta pasiboen garapenean oinarritzen da. Hala, bere garapenetako batzuk 12 satelite baino gehiagotan aplikatu dira, eta sektoreko enpresa eta erakunde liderrekin egin du lan: Airbus, Thales Alenia, Indra, ESA, JPL-Nasa, etab.

Bere bigarren negozio ildoa radar teknologiaren garapena da, eta haren erabilera hiri adimendunetan, industrian, hezkuntzan, osasunean eta bestelako sektoreetan sustatzea eta unibertsalizatzea du helburu.

Gainera, bi lerro horiek barne hartuta, Anteralek hainbat produktu garatu ditu bere gaitasun teknologikotik eta irrati-maiztasunen arloan duen esperientziatik abiatuta.

Anteralek egindako antenetako baten argazkia (lagatako argazkia).