JOSÉ LUIS IRIARTE ETA UNAI BELINTXON

Liburuaren egileetako bi NUPen. Ezkerretik eskuinera: Unai Belintxon eta José Luis Iriarte.

José Luis Iriarte eta Unai Belintxon NUPeko irakasleak zuzendari aritu dira aduanei eta nazioarteko merkataritzari buruzko lan batean

Juan José Álvarez Rubio EHUko katedradunarekin partekatu dute Thomson Reutersek argitaratutako liburuaren zuzendaritza

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) José Luis Iriarte Ángel katedradunak eta Unai Belintxon Martín irakasleak zuzendari lana egin dute, Juan José Álvarez Rubio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradunarekin batera, “Representación aduanera y comercio internacional en el siglo XXI” liburuan. Thomson Reuters Aranzadik argitaratutako liburua taldean egin dute, eta, aipatutakoez gain, beste 28 egilek hartu dute parte; horietatik bederatzi NUPekoak dira, eta, gainerakoak, beste unibertsitate eta erakunde batzuetakoak.

Liburuaren helburua da, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, hausnarketan eta analisian oinarritutako erantzun bat ematea nazioarteko merkataritzaren sektore jakin batzuetako garapen juridiko arauemaile eta teknikoari buruz, XXI. mendeko aduana-ordezkaritzaren eta nazioarteko merkataritzaren berezko ezaugarrien araberakoa; izan ere, liburuko zuzendariek diotenez, Espainiako doktrinak ez ditu oraindik bi esparru horiek batera jorratu.

Aipatutako hiru zuzendariez gain (kapituluetako batzuk idatzi ere egin dituzte), NUPeko irakasle hauek hartu dute parte: Marina Castro Bosque, Alicia Chicharro Lázaro, Sergio García Magariño, Rafael Lara González, Francisco Mesa Davila, Xabier Orbegozo Miguel, Aránzazu Pérez Moriones, Cristina Zoco Zabala eta Iñaki Zurutuza Arigita.

Brexita, nazioarteko zigorrak, pandemia edo itsas pirateria

Hogeita hamar bat kapitulu ditu liburuak, eta askotariko gaiei heldu diete haietan, besteak beste: nazioz gaindiko jabaria eta haren bortxaezintasunaren bermea Europar Batasuneko (EB) estatu kideen konstituzioetan, EBren nazioarteko lankidetza aduanen arloan, Brexitak ekarri dituen arazoak nazioarteko merkataritzan, nazioarteko zigorrak eta haien ondorioak, edo armen merkataritza eta zirkulazioa EBn. Beste gai hauek ere jorratu dituzte: ekoizpenaren deslokalizazioa eta globalizazioa eta munduko merkataritza pandemia garaian, aduanetako agintarien funtzionamendua, aduana-zergak egoki sailkatzearen balioa, salgaien jatorria nazioarteko merkataritzan, dohaintzen esportazioa GKEen kanpaina humanitarioetan, edo salgaien balorazioa Europar Batasuneko Aduana Lurraldean (TAU).

Halaber, edukien artean daude Brexitaren zerga-ondorioak Espainiako merkataritza-eragileentzat, aduanako ordezkariaren zerga-erantzukizuna, XXI. mendean salgaien nazioarteko salmenta-kontratuetan aplikatzekoa den legeari buruzko zenbait kontu, betebeharren edukiaren mugapena incotermsen bidez, eta salgaiak entregatzeko tokiak. Horrez gain, aztertu dute poloetako uretan aritzen diren ontzientzako nazioarteko kodea, eta horrek nolako eragina duen itsas garraioan, errepideko eta trenbideko garraioan, aireko garraioan, industria-makineriaren salerosketan, nazioarteko merkataritza-arbitrajean, itsas piraterian edo nazioarteko aseguru-kontratuetan.

Juan José Álvarez Rubio artxiboko argazki batean