JAZZINEMA ZIKLOA ETA ANA DIEZEN FILMA

 

Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloarekin eta Ana Díezen azken filmaren aurrestreinaldiarekin esango dio agur denboraldiari

Jazz on a Summer’s Day (Bert Stern, 1959), Mo’ Better Blues (Spike Lee, 1990), Urkamendirako igogailua (Ascensor para el cadalso, Louis Malle, 1957) eta Thelonious Monk: Straight no Chaser (Charlotte Zwerin, 1988) Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean ikusi ahal izango dira. Lehen hiru lanak Donibane Lohizuneko Le Sélect zinemetan ere egongo dira ikusgai.

Gainera, Ana Díez zinemagileak bere azken lana, A quien cierra los ojos, aurkeztuko du Tabakaleran, Patricia Reyes Spíndola aktorearekin batera. Uztailaren 9an Euskadiko Filmategiak euskal zinemagintzaren aitzindariaren film luze berria programatuko du.

Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloarekin emango dio amaiera denboraldiari eta uztailean lau film proiektatuko ditu Euskadiko hiru jazz jaialdi handiekin bat eginik (Getxo, Gasteiz eta Donostia). Programak klasiko zaharrak eta modernoak biltzen ditu, hala nola Miles Davisen soinu-banda monumentala duen Urkamendirako igogailua, eta Spike Leeren Mo’ Better Blues, baita Newporteko 1958ko jaialdian parte hartu zuten artisten gainean iaz 4K-n zaharberritutako dokumental bat eta Thelonious Monki buruzko beste bat ere.

Jazzineman programatutako lehen filma Jazz on a Summer’s Day (Bert Stern, 1959) izango da. Bertan, besteak beste, Louis Armstrong, Mahalia Jackson eta Thelonious Monk jazz-artisten emanaldiak jasotzen dira, Newport-eko jaialdi mitikoaren 1958ko edizioan. Lana Donostiako eta Gasteizko jazzaldietako zuzendari diren Miguel Martín eta Alberto Ibarrondok aurkeztuko dute.

1990ean Spike Leek zuzendutako Mo’ Better Blues filmak jazzeko tronpeta-jotzaile baten ibilerak kontatzen ditu eta Denzel Washington aktoreak antzezten du rol nagusia. Filma Donostia Kulturako Zinema Unitateko arduradun Josemi Beltranek aurkeztuko du.

Zikloko hirugarren filma, Urkamendirako igogailua (Louis Malle, 1957), frantziar zinemaren klasiko handia da eta haren soinu-banda jazz modernoaren historiako pertsonarik garrantzitsuenetako bat den Miles Davis tronpeta-jotzaileak egin zuen. Begoña del Teso kazetariak eta Alberto Ibarrondo Gasteizko jazz jaialdiaren arduradunak aurkeztuko dute filma.

Thelonious Monk pianista eta konpositore estatubatuarraren bizitza aztertzen duen Thelonious Monk: Straight no Chaser (Charlotte Zwerin, 1988) dokumentalak emango dio amaiera Jazzinema zikloari.

Filmak Gasteizko Artium Museoan, Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Iruñeko Golem zinemetan proiektatuko dira. Halaber, Jazz on a Summer Day, Mo’ Better Blues eta Ascenseur pour l’Echafaud Donibane Lohizuneko Le Sélect zinemetan ere ikusi ahal izango dira.

Ana Díezen azken lana

Halaber, Euskadiko Filmategiak Ana Díez (Tutera, 1957) A quien cierra los ojos zuzendariaren azken lana proiektatuko du uztailaren 9an Donostiako Tabakalera zentroan. Díez, euskal zinemagintzaren aitzindaria, berriz ere jarri da kameraren atzean (Paisito, bere aurreko film luzea, 2008n estreinatu zuen), eta Donostian aurkeztuko du pelikula Patricia Reyes Spíndola aktore mexikarrarekin batera.

Egitaraua