ALETXA ETA MIKEL – 4

 

Goiz goizeko udaberriko eguzkiak zeharka argitutako kostaldeko apartamendu aberatseko egon gelan, irribarretsu sartu zen Mikel.

– Egun on Aletxa! Ongi zaude? Azken finean sasoiko eguraldi polita dugu!

– Bai, Mikel! Milesker! Aro berri, eguzki berri! —erantzun zion Aletxak— “Gustatzen Zaidana”-k zure gosaria ekarri berri digu. Gosaltzeko prest zaude? Pisua neurtu ote duzu?

Bainu gelatik ateratzen zen Mikel harriduraz ia ito zen.

– Zer Aletxa? Pisua neurtu? Zertan ari zara? Zergatik neurtuko nuke pisua? Gosaltzeko momentuan horrez gain!

– Berriz ere, Mikel, ez duzu arreta osoarekin tratu berria irakurri! Egunero egunero, goiz goizean ezer hartu aurretik pisua neurtu behar duzu, biluzik. Horregatik balantza konektatua duzu bainu gelan, garbiontziaren azpian. “Gustatzen Zaidana”-k neurri hau behar du, zure elikatzeko programa zorrozteko. Eta zure pisua automatikoki sartzen da ordenagailuen algoritmoetan. Ez da ederra hori? Zuri, lanik ez: balantzan zarenean eta pisua egonkorra denean, bakarrik erran “BAI”. E, biluzik. Ez ahantzi. Eta pixa egin ondotik. Gero, ordenagailuek zure ondoko apairuak egokituko dizkizute. Ulertzen ote duzu?

– Bai, bai Aletxa! Baina tratuan ez dut hori ikusi!

– Gogora ezazu Mikel: “Gustatzen Zaidana”-ren apairuen programa eta algoritmoa funtzionarazteko behar diren neurrien eguneroko hartzea onartzen ditut”. Hau, besteak beste, barda elektronikoki izenpetu zenuen. Pantailan erakutsi behar ote dizut?

– Ez, ez Aletxa! Baina erdi kukutua zen hori testu luze horretan! Ba, banoa pisua neurtzera, oraintxe!

Segidan gibelera itzuli zen Mikelek eta bainu gelara ziztu bizian joan. Jantzi guztiak erantzi eta hango balantza garbiontziaren azpitik atera zuen eta gainean igo. Pantailatxoa kliskaka hasi zen eta segundo baten barne agertu zen mezua:

“Pixa egin ote duzu? Baiezkoan ahoskatu “BAI”. Ezezkoan balantzatik atera eta egin ondotik itzuli”.

Mikel aho bete hortz gelditu zen! “Baina zer deabruzko sisteman sartu ote naiz?” Dublinekoei pentsatuz isilik bere buruari erran zion. Tratua tratu, Mikel balantzatik jaitsi zen, komunera hurbildu, bixika hustu eta itzuli. Balantza gainera igan eta berriz agertu zen mezua.

“Bai” ahoskatu zuen Mikelek, berriz jantzi eta egon gelara joan, pixka bat urduri. Handik sukaldera eta kafe makina piztu zuen. Makina baino robota gehiago zen, egia erran. Berak pantailatxoa ere zuen eta “Ur ontzia bete ezazu otoi” idatzia zen. Idatzi eta egin. “Kafe bihien ontzia bete ezazu otoi” mezuari berriz isilik erantzun zuen Mikelek “Hau da nire eguna!”. Berriz idatzi eta egin. “Hauta ezazu edaria” ikusi eta gero “Expresso” botoia premiatu zuen Mikelek eta Boing 747 baten harrabotsa entzunez jakin zuen hasperen batekin kafe hondarkin tiradera ez zuela hustu beharko, aldi honetan bederen.

Sukalde mahaian jarri eta gero, azken finean gosaria gozatu zuen.

– Nola zen zure gosaria? —galdetu zion Aletxak Mikel altxatu zenean, lanera joateko prest.

– Egia erran, aski ona zen eta zure “Gustatzen zaidana” programarekin beldur nintzen ez bezala, ez naiz gose. Amatxik beti erraten zidan mahaitik gose eta ohetik logale atera beharko nukeela, baina oraintxe ez da egiaztatua, hitz zahar hori. Bon, ondorioak pixkanaka pixkanaka ikusiko ditugu, ezta, Aletxa?

– Baietz Mikel! Eta uste duzun baino fiteago. Zure trenpua hobetzeko kirol motako zerbait ere egin beharko zenukeela pentsatzen dugu. Trankilki hasteko hemengo dantzak ikasten hasi zintezke. Urratsak aski errazki ikasten dira. Eta igandero herriko plazetan dantzatuko dituzula, hemengo jendearen topatzeko aukera ona izanen da. Laneko kideetatik aldaketa bat. Ez dute zure pisua aipatuko! Zer diozu?

– Aletxa, lan dorpea egin behar dut gaur giro bero-beroan eta ez dut oraintxe horretan hausnartzeko denborarik. Nahi baduzu afariarekin berriz aipa ditzagun dantza hauek. Nola deitzen dira, bidenabar?

– Mutxikoak, Mikel. Biziki giro atseginean dantzatzen dira. Eta ez ahantzi izenpetu duzun tratuan ere daudela: “Gustatzen Zaidana”-ren apairuen programaz gain kirol mota bati ekitea onartzen dut”.

– Ai, ai, ai Aletxa! Beste zenbat gauza ote daude tratuan, ikusi ez ditudanak? Eroetxean bukatuko naiz zuekin! Hori da arazoa! —Mikelek, eta maletatxoa hartu eta lanera abiatu zen.

2022/01/21

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (74. zenbakian)