“FOKATU” ARGAZKI LEHIAKETA

 

Hemen da berriro ‘Fokatu’ argazki-lehiaketa, zeinean 900 euroko saria emanen baitzaio Iruñeko argazkirik onenari

 

Interesdunek urriaren 13ra arte aurkezten ahalko dituzte argazkiak

Iruñeko Udalak ‘Fokatu’ argazki-lehiaketarako deia egin du beste behin, hiria beste ikuspegi batetik islatzen duten irudiak saritzeko asmoz. Aurkeztutako argazkien artean eginiko hautaketa batek abenduan herritarrei doan banatzen zaien udal-egutegia osatzeko balioko du, halaber. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek urriaren 31ko 23:00k bitarte aurkezten ahalko dituzte beren argazkiak. Argazkirik onenari 900 euroko saria emanen zaio. Horrekin batera, bigarren eta hirugarren sari bat ere izanen dira, 600 eurokoa eta 500 eurokoa, hurrenez hurren. Bestalde, egutegia osatzeko hautatutako hamabi argazkiek 150 euroko diru-saria izanen dute.

Aurreko edizioan bezalaxe, aurten formatu digitalean soilik aurkeztuko dira argazkiak, dagoeneko www.pamplonaescultura.es webgunean erabilgarri dagoen izena emateko formularioaren bidez. Webgune horretan bertan kontsultatzen ahalko dira deialdiaren oinarriak. Lehiaketak pertsona bakoitzari gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera ematen dio, hori bai, jatorrizkoak izan behar dute. Izan ere, ez dira onartuko jadanik argitaratutako edo beste lehiaketaren batean saritutako irudiak.

Argazkiak (2 MBkoak gehienez ere), JPEG formatuan aurkeztuko dira (gutxienez, 72 ppi-ko bereizmena). Tamainaz ezin izanen dituzte neurri hauek gainditu: 794×1077 pixel bertikalean, eta 1077×794 píxel horizontalean. Horrez gain, argazkia zein egunetan eta zein toki zehatzetan egin zen, eta argazkiaren deskribapen laburra azalduko da. Pertsonak erretratatzen dituzten argazkiek bertan agertzen diren pertsonen baimena eta oniritzia beharko dute.

Argazkilaritzako profesionalez eta Udaleko teknikariez osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu argazki irabazleak eta egutegia irudiztatuko duten irudiak. Gure hiriaren erabilerak, ikuspuntuak, ondarea, argiak eta abar islatzen dituen konposizioa baloratuko da. Aukeratutako argazkiak bereizmen handian aurkeztu beharko dira lehiaketaren antolatzaileek hala eskatzen dutenean, argazkiak jendaurrean jarri eta egutegia argitaratzeko. Lehiaketa irabazi duten irudiak abenduan ezagutaraziko dira. Saritutako argazkiak eta horiek erabiltzeko eskubideak Iruñeko Udalaren jabetzakoak bilakatuko dira.