UNIBERTSITATE ZABALPENEKO DIPLOMA ZIENTZIAN ETA KULTURAN

Begoña Pérez Eransus, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, eta Juan Ignacio Latorre Biel, Tuterako campuseko Arloko zuzendaria

NUPek Zientziako eta Kulturako Unibertsitate Zabalpeneko Diploma berri bat emanen du Tuterako campusean

Jende guztiari zuzendua dago, eta zientzien, teknologiaren, giza zientzien, gizarte zientzien eta osasunaren arloetako irakasgaiak ditu, independenteki egiten ahal diren lau modulutan bereizita

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) titulu bereki berri bat emanen du datorren urritik aurrera: Unibertsitate Zabalpeneko Diploma Zientzian eta Kulturan. Jende guztiari zuzenduta dago, eta helburu du zenbait arlori buruzko ezagutzak eta analisirako gaitasunak ematea, lau modulutan bereizita: zientzia eta teknologia, giza eta gizarte zientziak, osasun zientziak, eta, azkenik, gure gizartea ulertzeko erronkak eta gakoak. Titulua 2024ko ekainean amaituko da, baina moduluak eta haiek osatzen dituzten irakasgaiak –12 ordukoak dira, eta batzuk Erriberako errealitateari heltzen diote espezifikoki– elkarrengandik bereizita ere egiten ahal dira.

Izen-emateko epea irekia dago urriaren 5era bitarte; NUP Fundazioaren webgunean egin daiteke, edo bestela aurrez aurre Tuterako campusean, urriaren 3an eta 4an. Eskaera egiteko ez da eskakizun akademikorik behar, baina ikaspostu libreen kopurua baino eskatzaile gehiago badaude, ikaspostuak zozketa bidez banatuko dira. Eskolak urriaren 18an hasiko dira, eta astearte, asteazken eta ostegunetan izanen dira, 10:00etatik 14:00etara.

Titulu berriaren helburuak hauek dira: bizitza osoko ezagutza eta prestakuntza sustatzea; ezagutza humanista eta soziala Erriberako errealitatera moldatzea; erronka sozial nagusiak aztertzeko eta ulertzeko gidalerroak ematea; eta, azkenik, artearen, kulturaren, zinemaren eta musikaren esperientzia hobetzea. Hala adierazi dute gaur, irailak 22, Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta Ignacio Latorre Biel NUPeko Tuterako campuseko Arloko zuzendariak, titulu berriaren aurkezpen ekitaldian.

Ikastaroko edukiaren xehetasunak

Esan bezala, titulua osatzen duten irakasgaiak lau modulutan daude multzokatuta: zientzia eta teknologia, giza eta gizarte zientziak, osasun zientziak, eta azkenik, gure gizartea ulertzeko erronkak eta gakoak. Moduluak osatzen dituzten irakasgaiak askotariko edukiak dituzte, hala nola Bardeako ondare geologikoa, XXI. mendeko garraioa, Internet eta ekologia (zientziaren eta teknologiaren moduluan); min muskuloeskeletikoa, nutrizioa eta osasun mentala (osasun zientzien moduluan); arte garaikidea, zinemaren historia eta Nafarroako Erresumaren historia (giza eta gizarte zientzien moduluan); eztabaida sozial handiak, desparekotasuna eta migrazioak Erriberan, edo Tuterako urbanismoaren historia (gure gizartea ulertzeko erronka eta gakoen moduluan).