SANFERMINAK ETA IHAUTERIA

 

Duela denbora luzea, ihauteria zelarik, Jose Maria Satrustegi zenari bertzeak bertze sanferminei buruz ari izan nintzaion. Hau da Arbazuko euskaltzainak oparitu zidan gogoeta:

“Iruñean dago, ihauteriei buruz, ihauteriak berpiztu nahi bat. Ez da beharrik. Hor gaizki gabiltza. Iruñeak du ihauteri aipatuena Euskal Herrian, mundu osora sonatuena eta dira sanferminak. Eta karatularik gabe. Sanferminek giroa ematen dute bera izateko. Eta horiek dira, hain zuzen ere, udako solstizioko ihauteriak. Bi zeuden. Ereintzakoa eta fruituena eta hain zuzen uztailearen lehen egunetan, sanjuanetatik uztailearen lehen egunetara, Europa guztian, Erdi Aroraino, izugarrizko festa egiten zuten. Eta erraldoiak, Europa guztikoak, hortik datoz. Hori istorio sakona da.

Orduan, Iruñeak kontserbatu du. Sanferminak berandukoak dira, feriak ziren, 1610ean aldatu ziren, Iruñeko udalak apezpikua zen Sandovali eskaturik, udazkenetik ferietara. Horregatik dira feriak eta festak, ez dira festak eta feriak. Horren antzinako oinarria ihauterietan bada, baina oso bereziak dira ihauteri horiek zeren sanferminetan nagusia dena eta nagusia ez dena beste pertsona batzuk dira, berak dira, kalea berea da eta ateratzen dute barneko errepresio guztia. Pertsonak egiten du festa. Festak ez du inolako aurpegirik. Topagune zabala da eta horregatik aldatzen doaz, urtero ezberdinak dira…”.