HENDAIA: MINTZODROMOA ABENDUAK 1EAN

 

Mintzodromoa Hendaiako Gaztelu Aretoan

 

Euskaraldiaren baitan, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, Mintzodromoa antolatu dute 2022ko abenduaren 1ean Hendaiako Gaztelu Aretoan, “Bidasoan biz (h) itza. Euskararen korronteak busti zaitzala” lelopean.

 

2018an Irunen egin zen azken Mintzodromoaren ondoren, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak berriro antolatu du gune hau, euskaraz lasai hitz egiteko. Ekitaldia Hendaiako Gaztelu Aretoan izango da, goizeko 10:00etatik eguerdiko 12:00etara.

Kotte Ecenarrok, Hendaiako auzapez eta Partzuergoko lehendakariak, azpimarratu duenez, “ekimen honen helburua ingurune atsegin eta hurbilean euskaraz lasai hitz egiteko jarduerak eta, kasu honetan, aukerak sustatzea da.”

Bestalde, Jose Antonio Santanok, Irungo alkate eta Partzuergoko lehen lehendakariordeak, adierazi duenez, “euskara ikasten ari diren pertsonak animatu nahi ditugu euskaraz hitz egin dezaten, eta euskara jakin arren hitz egiteko ohitura ez duten pertsonak euskara erabiltzera gonbidatu nahi ditugu.”

Azkenik, Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkate eta Partzuergoko bigarren lehendakariordeak, azpimarratu du “oso garrantzitsua dela ekimen hauek aurrera eramatea, euskaraz hitz egin nahi duten baina aukerarik ez duten pertsonek euskaraz egin ahal izan dezaten, nahiz eta arin hitz egin ez.”

Antolatzaileek euskara ikasten ari diren guztiei dei berezia egiten diete eta Mintzodromoaren edizio berri honetan parte hartzera animatzen dituzte. Dena dela, azpimarratu beharra dago ekitaldi hau edozein euskaltzalek parte har dezan bideratuta eta irekita dagoela.

 

FUNTZIONAMENDUA

Parte-hartzaileak 4-6 pertsonako taldeetan eseriko dira mahai baten inguruan, eta lasai hitz egingo dute interes orokorreko gaiei buruz, taldeak gidatuko dituen eta elkarrizketak animatuko dituen dinamizazio-talde baten parte-hartzearekin.

50 minutuko saio bakoitzean hiru gairi buruz hitz egingo dute. Gai bakoitzari 15 minutu eskaintzen zaizkio, eta denbora amaitu ondoren, pertsonak mahaiz eta lankidez aldatzen dira.