EGERIAREN «IBILBIDEA»

Nor izan zen Egeria?

Lehen emakume idazlea. Sekulako bidaldia egin zuen, eta aberrian geratu ziren bere lagunei eskutitzen bitartez ikusitakoa kontatu zien, duela mila eta seiehun urte pasatxo.

IV. mendean ezagutzen zen mundu osoa zeharkatu zuen, Gallaecia probintziako zehaztugabeko herri batetik, hots, munduaren beste muturretik, Lur Santura, alajaina. Ibilbideak guztira hiru bat urte iraungo zituela uste da, baina guregana iritsi zaiguna 381. urtetik 384 bitartekoa da. Eta ez osorik, emakume batek latinez idatzitako testuekin gertatu ohi denez.

Testua XIX. mendeko italiar eruditu bati esker heldu da guregana. Pentsa, beraz, zenbat urtetako isiltasuna bizi izan duen Egeriaren Itinerariumak. Gamurrini Biblioteca della Confraternitá dei Laici liburutegian txukuntze lanetan zebilela, XI. mendean kopiatutako eta latinez idatzitako pergamino bat deigarri gertatu zitzaion. Kodex hartan, esku desberdinek idatzitako bi testu batera ageri ziren, zeharo desberdinak biak ala biak.

Bata Poitiersko San Hilarioren pasarteek osatzen zuten. Bestea, bitxiagoa, Lur Santura egindako bidaia baten kontakizuna zen, garai oso goiztiarrean eta lehenengo pertsonan idazten zuen emakume ezezagun batek idatzia.

Kontakizunaren garrantzia

Bidaia bera, goresgarria izanagatik ere, ez da Egeriaren kontakizunaren handitasuna bezain garrantzitsua. Adierazgarriena, batik bat, kontaketa bera da. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, bidaiariaren xehetasunak azaltzeko gaitasuna eta joan-etorriaz gozatzeko gogoa.

Egeria dugu guregana latinez iritsi den Iberiar penintsulako lehen emakume idazlea. Horrez gain, Leku Santuak bisitatzeko asmoz, Mendebaldetik Ekialdera egindako bidaiaren kontaketa egin duen lehena ere bada.

Egeriaren erretratua

Egeria Erdi Aroko eta Errenazimentuko aurkitzaileen nahiz esploratzaile ilustratuen bidaiari senaren aitzindaria izan zen. Egeriaren berezitasunik aipagarriena, xehetasunetan erreparatzeko behar adina asti hartzeko berezko dohaina da. Badaki bere bidaia zukutzen. Ez du ezkutatzen bidaiak eragiten dion gozamena, tartean nekaldiak ere izan arren. Esperientziarekin aberastea du xede nagusietako bat.

Berak aitortzen duenez, ut sum satis curiosa, «oso jakinguratsua naizenez gero», dena ikusi nahi du, ibili ahala suertatzen diren helburu berriekin pentsatutako ibilaldiak luzatzen ditu. Ikusten duen guztiari buruz galde egiten du, azal diezaioten eskatzen du, are ikusten ez duen hura ere, eta bertara eraman dezaten eskatzen du.

Estiloa

Hizkera arrunta darabil, zuzena, hurkoa; batzuetan, errepikakorra, bizkorregia. Aspaldiko lagun batekin topo egiten duenekoa kontatzerakoan, Marthanarekin, esate baterako, edo gizon santuren baten bertuteak goraipatzerakoan, aditasuna galtzen du, eta errepikatu egiten da, trabatu, galdu. Trabatze arrunt horretan datza Egeriaren estiloaren xarma nagusia.

Hizkuntza apala erabili arren, emakume kulturaduna zela jakin daiteke, kritikarako duen sena erakusten duelako beti. Erabateko jakin-gosea duen emakumea da, oso irekia eta jakinguratsua.

Altxor filologikoa

Oso hizkuntza freskoa da, zuzena, bakuna itxuran. Hala eta guztiz ere, testu aberats bezain erakargarria da, indartsua, berez. Egilearen asmoa bere neska-lagunen jainkozaletasuna eraikitzen laguntzea izanagatik ere, literatura genero baten aitzindari bilakatzen da.

Hasteko eta behin, bere kontakizunerako epistola era hautatzen du. Horrez gain, «bidaia egunkaria» da, abenturazko kontakizunen ernamuina izango dena.

Turismoaren hastapenak

Inperioko aristokraziaren joan-etorri friboloen eta Erdi Aroaren hasieran garatzen hasia zen bidaiatzeko era berriaren artean kokatu ohi da Egeria.

Santa Helena izan zen, Konstantino enperadorearen ama, bidaiatzeko era berriaren oinarriak ezarri zituena.

Turisten ohiturak ez dira asko aldatu ordutik hona. Bidaiari eskoladun hark gida profesionalekin bidaiatu zuen. Bidaiatu aurretik, bisitatuko zituen lekuei buruz irakurri zuen, eta bisitaren unean bertan, liburu bat irekitzen zuen, eta irakurtzen hasten zen. Horretaz gain, bidaiako oroigarriak ere bazeuden: eulogiak, gaur egun bezalaxe. Normalean, lekuko fruituak, gozokiren bat, lanpara sakratuko olio anpoila bat edo antzerakoak izaten ziren, abegi onak agindu bezala egin beharreko opariak.

Euskarazko itzulpena

Lehenbizikoz euskaratu du Maite López Las Heras idazle eta itzultzaileak. Egeriaren Ibilbidea hizkuntza askotara dago itzulita: frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, errusiera, grekoa, katalana, galegoa, espainola, daniera, nederlandera, errumaniera, portugesa, eta abar.

Testu Zaharrak argitaletxeari esker liburu bilakatu da. Hitzaurrea Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak ondu du. Irudiak, berriz, Laura Freijo bilbotar diseinatzailearenak dira. 2022ko abenduaren 8an aurkeztu zen Durangoko Azokan, Xabier Monasterio idazle, itzultzaile eta editorearen lan bikainari eskerrak.

Maite López Las Heras