MELATONINA

Melatonina guruin pinealak sorturiko hormona naturala da. Guruin hori dientzefaloan dago, organo txikia da, 100-200 mg-koa. Horren jariaketa endogeno normala erritmo zirkadianoen kontrolarekin lotzen da. Hormonaren jariaketa gora egiten du ilundu eta gutxira (maximoa goizaldeko 2ak eta 4ak bitartean), eta behera egiten du ondoren. Efektu hipnotikoa du, eta lotarako joera handiagoa eragiten du, ziurrenik MT1, MT2 eta MT3 errezeptoreetan duen eraginagatik.

Ezer baino lehen esango dugu erritmo zirkadianoak 24 orduko zikloa jarraitzen duten aldaketa fisikoak, mentalak eta jokabidezkoak direla. Argiari eta iluntasunari dagozkie batez ere. Izaki bizidun gehienei eragiten diete, baita animaliei, landareei eta mikrobioei ere.

Beraz, melatoninaren eragina norbanakoaren osasun mental eta fisikoarekin lotuta dago. Horren urritasunak zailtasunak ekar ditzake, besteak beste, kontzentratzeko orduan, lo egiteko orduan eta aldarte normalari eusteko.

Jakina, melatonina eta loak hartzen laguntzen duten produktuak hartu aurretik, zenbait neurri osasuntsu hartu beharko dira, hala nola, oheratzeko ordua errespetatu, pantailarik ez erabili lotara joan aurretik, afari oparoak, tabakoa, kafeina, alkohola eta giro zaratatsuak saihestu, egunean zehar ariketa fisikoa egin, sedentarismoa ekidin etab.

Espainian melatonina baimenduta dago insomnioa tratatzeko ahotik hartzen diren medikamentuetan (1-5 mg-ko askapen luzeko konprimituak). Gainera, 2 mg-tik beherako dosietan, Europar Batasuneko (EU) estatu kideen akordio baten bidez, melatonina merkaturaturiko elikadura-osagarri ugarien osagaietako bat da. Azken kasu honetan, bi propietate osasungarriak onartzen zaizkio: jet lag sentsazio subjektiboa arintzeko (gutxienez 0,5 mg hartu behar da) eta loak hartzeko behar den denbora murrizteko (lo egin aurretik miligramo bat hartu behar da).

Melatonina duten produktuen agerpen farmazeutikoak askotarikoak dira: konprimituak, kapsulak, forma likidoak, gominolak eta askapen luzeko konprimituak.

Produktu askok, melatoninaz gain, loak hartzen eta norbanakoaren egoera orokorra hobetzen laguntzen duten beste osagai batzuk badituzte, hala nola, Kaliforniako mitxoleta, pasiflora, kamomila, belar bedeinkatua, izpilikua, B2, B6, B12 eta zinka.

Halaber, badira agerpen farmazeutiko batzuk non melatonina pixkanaka askatzen den gauean zehar; melatoninazko askapen luzeko konprimatuak dira, alegia.

Badira, ere, bi geruza dituzten konprimituak, desintegrazio-denbora desberdinak dituztenak. Melatonina duen geruza berehala askatzen da. Beste geruza hainbat osagai izan ditzake, hala nola pasiflora, Kaliforniako mitxoleta, belar bedeinkatua, garraiska, B2, B6, B12 bitaminak eta abar. Geruza honetako konposatuak gauean zehar pixkanaka askatzen dira. Horrela lo naturalaren kalitatea hobetzea lortzen da.

Melatonina hartzea ez da gomendatzen haurdunaldian eta edoskitzaroan, eta, askotan desegokia da haurrei melatonina ematea. Haur bati melatonina eman aurretik, medikuarekin edo farmazialariarekin kontsultatu behar da, eta, zenbait kasutan medikuak esan beharko du haur batek melatonina hartu behar duen.

Bestalde, melatoninak COVID-19aren prebentzioan eta tratamenduan izan dezakeen eraginari dagokionez, Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak ez du orain arte baimendu melatonina duen medikamenturik edo elikadura-osagarririk. Gaur egun ez dago COVID-19aren tratamenduan edo profilaxian melatoninaren eraginkortasun eta segurtasun klinikoko daturik.

Erreferentzia:

www.farmaceuticos.com. Melatonina y COVID-19 ¿qué debes saber? Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusia. 2021eko otsaila.