MINBIZIAREN AURKAKO MUNDUKO EGUNA

 

NUPek bat egin du Minbiziaren aurkako Munduko Egunarekin, G-9 esparruko dibulgazio jarduera batzuen bidez

Otsailean izanen den egun horretan bi jarduera izanen dira Lizarraldea BHIn eta erakusketa bat NUPeko Ikasgelategian

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bat egiten du Minbiziaren aurkako Munduko Egunarekin; dibulgazio jarduera batzuk eginen ditu otsailean Iruñean eta Lizarran, IdisNArekin eta Navarrabiomedekin lankidetzan. Ekimena Unibertsitateen G9 Taldeko G9Missions partzuergoan sartzen da, eta helburu du Horizonte Europa Programaren Minbiziaren Misioari lotutako xedeak sustatzea, eta, bereziki, minbizia eta haren arrisku faktoreak ulertzea, haren diagnostikoa eta tratamendua hobetzea, milioika europarren bizitza eta perspektibak hobetzeko hemendik 2030era.

Hala, otsailaren 1aren eta 10aren artean, NUPeko Ikasgelategiko hirugarren solairuan “Minbiziaren aurkako Munduko Eguna” erakusketa egonen da ikusgai; zifratan eta mezu laburrez, minbiziaren inpaktua eta haren prebentzioaren garrantzia azpimarratzen ditu, artikulu zientifikoen emaitzak emanez. Erakusketa ikusgai egonen da Lizarraldea BHIn ere. Zaragozako eta Oviedoko unibertsitateen ekimena da, eta partzuergoko hiri guztietan eginen da.

Horrez gain, otsailaren 3an, Lizarraldea BHIn “Minbizia eta ikerkuntzaren garrantzia” hitzaldia eginen da Paula Aldaz Donamaria Navarrabiomedeko ikertzaile eta NUPeko irakasle elkartuaren gidaritzapean. Azkenik, otsailaren 3an, institutu horretan bertan, batxilergoko ikasleek “Minbiziaren genoma dezifratzen” jarduera eginen dute. Jolas multzo bat da, Álvaro Fernández Fernández eta Ana Gutiérrez Fernández Asturiasko Onkologiako Unibertsitate Institutuko eta Oviedoko Unibertsitateko ikertzaileek diseinatua; haien bidez, ikasleek zelula osasuntsu baten eta kantzerigeno baten DNA sekuentziak ezagutuko dituzte. Jardueraren koordinatzaileak Paula Aldaz Donamaría, Marta Redondo Muñoz eta Irene Lasheras Otero doktoretza aurreko ikertzaileak izanen dira.

 

Minbiziaren aurkako Munduko Egunari buruz

Minbiziaren aurkako Munduko Eguna Minbiziaren aurkako Nazioarteko Batasunaren (UICC) ekimen bat da, 2000ko otsailaren 4an onetsia Milurteko berrirako Minbiziaren aurkako Munduko Goi-bileran, Parisen. Hauek dira egun horren helburuak: ikerkuntza sustatzea, minbizia prebenitzea, pazientearentzako zerbitzuak hobetzea, kontzientzia zabaltzea eta munduko komunitatea mobilizatzea minbiziaren aurka aurrerapenak lortzeko.

 

G9 Missions

‘G9 Missions. Go for the Missions!’ izenaren pean, Unibertsitateen G9 Taldea osatzen duten erakundeak, Kantabriako Unibertsitateak koordinatuta, partzuergo batean elkartu dira Ikertzaileen Gau Europarra 2023an elkarrekin ospatzeko (2022an ere egin zuten moduan). Era berean, beste dibulgazio ekitaldi batzuetan ere aritzen dira lankidetzan, hala nola Minbiziaren aurkako Munduko Egunaren ospakizun honetan.

Unibertsitate anitzek osatzen dute partzuergoa: Haren jarduerak ekimenaren webgunean kontsultatzen ahal dituzue.

Proiektu hau Europar Batasunak finantzatu du, “Horizonte Europa: Ikerkuntza Eta Berrikuntza Esparruko Programa” programaren barnean.