AUZO LOTSA 39 ZEZENKETA BURU IZATEA

 

Urte hartako egun batean, 2003ko uztailaren 9an, zehazkiago esanda, gure alderdi politikoko kide bati egokitu zitzaion zezenketa buru izatea, hau da, Jabier Eskubi Larratzi, baina, orain gogoratzen ez dudan arrazoiren batengatik, niri proposatu zidaten bere ordezkoa izatea.

Gaur egun, nik ez dut zezenketa zaletasunik, eta, garai hartan ere ez, baina aukera ona iruditu zitzaidan, aspaldiko errebindikazio zahar bat egiteko, izan ere, Nafarroan, dibertsitate funtzionala zuen jende asko, aspalditik ari zen eskatzen, Iruñeko zezen plaza, pertsona guztientzat irisgarria izan zedin, alegia, edozein motatako gizakiak, inolako arazorik gabe, sartu eta atera ahal izan zitezen eraikin hartan.

Esan bezala, ni zezenketen torturaren aurka nengoen, eta, normalean, ez nintzen inoiz joaten halako zentzugabekerietara, baina, gogoan eduki behar da, plaza hartan, bestelako ekitaldi ugari ere egiten zirela, esate baterako, kontzertuak, feriak, dantzak, azokak, kirolak eta abar. Horregatik, aukera bikaina iruditu zitzaidan ikuskizun basati hura aprobetxatzea, aldarrikapen zaharra aurrera eramateko.

Zezenketaren bezperan, kazetari batek, telefonoz deitu eta galdetu zidan, ea nik zer janari eramanen ote nuen gustura zezentokira, askaltzeko. Orduan neronek galdegin nion ea esan behar ote nuen zerbait ongi gelditzeko ala benetan pentsatzen nuena. Berak erantzun zidan, esan ahal nuela benetan uste nuena, eta, horren ondorioz, esan nion, atsegin handiz eramanen nuela entsalada on bat, esan nahi baita, ez haragirik, ez arrainik, eta, ezta tomate saltsarik ere, nahiz eta azkeneko hau ere oso gogokoa eduki, baizik eta entsalada bikain bat. Badakit, bai, egoera horretarako ez dela batere ohiko jakia, baina nik horrela erantzun nion, eta, geroztik, jakinaren gainean nago, norbaiti oso erantzun surrealista iruditu zitzaiola. Baina, tira, zer eginen diogu, bada?

Gauzak hala, zezenketaren egunean, gala-uniformea eta xistera jantzita, taxi batean, zezen plazako ataurre nagusi bateraino eraman ninduten. Oztopo arkitektonikoak, hain zuzen ere, hantxe hasten ziren, alegia, presidentetzako palkoraino iristeko, maila asko zeuzkan eskailera luze bat igo behar baitzen, eta, horretarako, Iruñeko Udalak makina berezi bat alokatu behar izan zuen, ni han pausatu eta goraino, mailaz maila, igo nintzaten; motela eta deserosoa izan zen, baina, tira, minutu batzuen buruan, behintzat, hantxe nintzen, goian.

Baina, hala eta guztiz ere, palkoraino iristeko, oraindik beste maila batzuk gehiagotan jaitsi behar izan ninduten, bai, kasu honetan, jaitsi! Kontura gaitezen pixka batean, zer-nolako arkitektura mota erabili zuen han arkitektoren batek, zezen plaza hura proiektatu zuenean, hau da, batere ibilerraza ez zena. Eta, jakina, zezenak jokatu eta dena bukatu ondoren, berriz ere, maniobra astun berberak egin behar, baina oraingo honetan, zeharo alderantziz, noski.

Behin palkoan kokatu eta gero, jarduera anker hark erabateko normaltasunez egin zuen aurrera. Ni, zezenketa gai hartan guztiz ezjakina izanik, zeharo esaneko jardun nintzen, eta, Usetxi jaun ustezko adituak, aholkatzen zidan guztia egiten nuen, isil-isilik, konparaziora: <Toreatzaile honi belarri bat emanen zioagu, baina itxoin ezak pixka bat! Oraindik ez altxatu zapia, bestela, bigarrena eskatuko zigutek, eta, hainbeste ere ez dik merezi>. Hortaz, bada, nik, txintxo-txintxo, ustezko adituak gomendatzen zidan guztia egin nuen, txintik ere atera gabe. Hala eta guztiz ere, badakit, biharamunean, kritikariren batek edo bestek, berenak eta asto beltzarenak esan zituztela niri buruz, emandako belarriengatik edota eman gabe utzitakoengatik.

Baina, horretaz gainera ere, norbaitek esan omen zuen nik ez nekiela bereizten belarriak, adarrak eta buztanak. Bueno, zer eginen diogu, bada? Nik pentsatu nuen, agian bera oso aditua eta trebea izanen zela bere adar eta buztan kontu nahasietan, baina, badaezpada ere, ez nion deus ere erantzun. Dena dela, kazetari gaixo hark, segur aski, ez zuen jakinen, ni, txikitatik, Behiko Bordan hazia eta hezia nintzela, behi eta txekorren artean, beraz, animalien belarri, adar eta buztan kontuetan, ni oso aditua nintzen, seguruena, bera baino gehiago, baina, beste esanahi batean, baliteke, bera ni baino askoz ere eskarmentu handiagokoa izatea; auskalo!

Kontua zera da, gorago adierazi dudan bezalaxe, nik zalaparta hartan guztian parte hartu baldin banuen ere, helburu jakin bat lortzeagatik izan zen, alegia, alkatetza presionatu eta zezen plazan, igogailu bat gutxienez jar zezaten; eta, hurrengo urterako, zorioneko igogailua paratuta zegoen, hortaz, azkenean esan liteke, arrakasta handia eduki eta jomuga erdietsi nuela.