HIRU IKERTZAILE DOKTORETZA ONDOKO BANA EGITEN ARI

 

Hiru ikertzaile doktoretza ondoko bat egiten ari dira NUPen, talentua erakartzeko “Iberus Experience” deialdiari esker

Trung Anh Trieu (Vietnam), Anand Shrivastav (India) eta Lucas Gabriel Castellani (Argentina) hautatu dituzte Europar Batasunak finantzatutako programa horretan

 

Trung Anh Trieu (Vietnam), Anand Shrivastav (India) eta Lucas Gabriel Castellani (Argentina) ikertzaileak doktoretza ondoko bat egiten ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), unibertsitateen Campus Iberus partzuergoak nazioarteko talentua erakartzeko egin duen “Iberus Experience” deialdiari esker. NUPek eta Europar Batasunak batera finantzatutako ekimena da (Marie Sklodowska-Curie programaren barruan, zeinak ikertzaileek prestakuntza jasotzeko eta mugikortasun egonaldiak egiteko hainbat ekintza biltzen baititu).

Ekintza horri esker, doktoretza ondoko 11 ikertzaile hasi dira Campus Iberus osatzen duten unibertsitate publikoetan (Zaragozako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lleidako Unibertsitatea eta Errioxako Unibertsitatea). Ikertzaileek bete beharreko baldintzetako bat zen azken 3 urteetan ez bizi izatea espainiar estatuan 12 hilabetez baino gehiagoz.

36 hilabetez, ikertzaileek zenbait proiektu garatuko dituzte, banaka, industria sektorearekin lankidetzan (ikerketa-egonaldi laburrak eginez beste entitate batzuetan), eskualde mailan bikaintasun zientifikoaren aldetik eragin positiboak sortzeko xedez. Doktoretza ondoko egonaldiak partzuergoaren bost arlo estrategikoetako batekin lotuta egonen dira: elikadura eta nutrizioa, osasuna eta teknologia, energia, jasangarritasuna eta ingurumena, eta bio-ekonomia zirkularra.

 

Antibiotikoekiko erresistentzia, klima-aldaketa eta biomolekuletarako sentsoreak

Trung Anh Trieu Navarrabiomeden hasi da antibiotikoekiko erresistentziaren arloko ikerketan aritzeko, hori baita etorkizuneko belaunaldiek osasun publikoaren arloan izanen duten mehatxu nagusietako bat. Farmakoek (antibiotikoek) blokeatzeko moduko jomuga berriak bilatzeko, sakon ezagutu behar da zer prozesu biologiko gertatzen diren modu desberdinean bakterioetan eta zelula eukariotoetan farmakoak bakterioei eragin diezaien eta kaltegabea izan dadin giza zelulentzat. Ikertzaile hori Iñigo Lasa Uzcudun mikrobiologiako katedradunaren zuzendaritzapean ari da NUPen lanean, eta entzima jakin baten jarduera ikertuko du bere proiektuan; izan ere, entzima horrek, dituen ezaugarriengatik, antibiotikoak garatzeko jomuga berri bat izateko ahalmena du.

Lucas Gabriel Castellaniren ikerketak Cesar Arrese-Igor Landare Fisiologiako katedradun eta IMAB institutuko kidea du zuzendari, eta estres baldintzak onartzen dituzten laboreak bilatzea du ardatz, klima-aldaketaren mehatxuaren aurrean hori nahitaezkoa baita. Testuinguru horretan, interes handia sortu da azken urteetan DNA molekula zirkularrak aztertzeko, zelula mota askotan baitaude, legamiak, landareak eta animaliak barne. Molekula horiek extrachromosomal circular DNA (EccDNA) dute izena, eta haien presentzia estres biotiko edo abiotikoekiko erresistentziarekin lotzen da. “Proiektu honetan proposatzen dugu mundu osoan erabiltzen den landare lekadun bat aztertzea landare eredu moduan, hain zuzen Medicago truncatula landarea, errizobio izeneko bakterio batzuekin sinbiosi harreman bat izateko duen gaitasuna dela-eta”, azaldu du ikertzaileak. “Zehazki, lehorteak eragindako estres-baldintzetan landare horretako ehun desberdinetan EccDNAren presentzia eta ezaugarriak agerian uztea da gure asmoa, urik ezak sortutako defizitarekiko tolerantzia ekar lezaketen determinatzaileak bilatzeko helburuarekin”, zehaztu du.

Bestalde, Anand M. Shrivastaven proiektuaren helburu nagusia sentsore sistema oso bat garatzea da, karkasa barne, teknika plasmonikoetan eta erresonantzia optikoetan oinarritua. Sentsore hori hainbat gaixotasunen biomarkatzaile gisa jarduten duten biomolekulen tarte zabal bat identifikatzeko erabiliko da; biomolekula horiek askotariko tamainakoak izan daitezke, nanometro gutxi batzuetatik mikrometroetara bitartekoak. Ikertzaile hori Delhiko Institutu Teknologikoan doktoratu zen 2018an, eta Hong Kongen eta Israelen ere egin du lan. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean garatuko du bere proiektua, Ignacio Matías Maestro katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) kidearen zuzendaritzapean.

 

Iberus Experience eta Campus Iberus

“IberusExperience” nazioarteko talentua erakartzeko onartutako bigarren programa da, “IberusTalent” programaren ondotik. Programak 26 herrialdetako 84 erakunderen bermea du. Erakunde horiek prest daude prestakuntza eta ikerketa-egonaldiak eskaintzeko, baita ikertzailearen karrera profesionala unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo garatzen laguntzeko ere.

Hala, Campus Iberusek indartu eta nabarmendu egiten du Ebro ibaiaren erdialdeko ibarreko lau unibertsitate publikoen batasunaren indarra, nazioartekotzeko eta ikerketa-talentua erakartzeko ibilbide bateratu batean. Gainera, horrela, Iberus Campusek bidea errazten du beste herrialde batzuetako unibertsitate eta enpresa batzuekin harremanak sortzeko.

Campus Iberus Ebro ibarreko unibertsitateen aliantza estrategikoa da (Zaragoza, Lleida, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Errioxa). Guztira, 55.000 ikasle biltzen ditu graduko 142 titulutan, eta doktoretzako 3.200 ikasle, 83 doktoretza-programatakoak. Gainera, 138 master ofizial eta 181 titulu bereki ematen ditu lau unibertsitateetan.

 

Argazkia: Trung Anh Trieu, Anand M. Shrivastav eta Lucas Castellani doktoretza ondoko ikertzaileak NUPen.