EZTIAK ETA PROPOLIEK ELIKAGAI JAKIN BATZUK KONTSERBATZEKO TESIA

Carmenza López Patiño, NUPeko campusean.

Eztiak eta propoliek elikagai jakin batzuk kontserbatzeko izan ditzaketen aplikazio berriak aztertu dituzte doktoretza-tesi batean

Carmenza Liliana López Patiñok Nafarroako Unibertsitate Publikoan gauzatu du bere ikerketa

Erleek bildutako eztia eta propoliak elikagaien prozesu eta produktuetan erabiltzeko modu berriak aztertu ditu Carmenza Liliana López Patiño nekazaritzako industriako ingeniariak NUPen irakurri duen doktoretza-tesian. Zehazki, erleen produktu horien gaitasun antioxidatzailea aztertu du, baita patatan eta txahal haragian eta bestelako elikagaietan duten eragina ere.

Eztia erleen produktu nagusia da —adierazi du lanaren egileak—, eta jatorri naturaleko ahalmen edulkoratzailea duelako erabiltzen eta merkaturatzen da; hala ere, ezaugarri horretatik harago, gero eta handiagoa da haren propietateekiko interesa, haiei esker hainbat eremutan erabil baitaiteke, elikagaien sektorean esaterako. Hori eztiaren eta propolioen (erleek landareetatik eta zuhaitzetatik biltzen dituzten erretxinak) konposatu bioaktiboen ondorioz gertatzen da; izan ere, konposatuok ahalmen antioxidatzailea ematen diete, eta hori da erlezaintzako produktuen ezaugarri komuna”.

Paloma Vírseda Chamorro NUPeko Elikagaien Teknologiako katedradunak gidatu du doktoretza-tesia, “Desarrollo e innovación en procesos y productos a partir de los productos de las abejas” izenekoa (“Garapena eta berrikuntza erleen produktuetan oinarritutako prozesu eta produktuetan”), eta bikain kalifikazioa lortu du.

Bere ikerketan, Carmenza Lópezek Nafarroako eztien eta propoleoen ezaugarri bereizgarriak zehaztu zituen, eztiaren freskotasun parametroen jarraipena egin zuen epe jakin batean, eta, emaitzetan oinarrituta, elikadura-aplikazio berriak garatzeko prozesu eta produktu berritzaileak identifikatu zituen.

Eztiaren kasuan, freskotasunaren ezaugarriak eta baldintzak aztertu zituen epe jakin batean; izan ere, produktu naturala denez, zahartu egiten da eta propietateak galtzen ditu. Ikerlaneko lagin gehienek (% 76 eta % 96 artean) eutsi egin zieten beren kalitate-ezaugarriei 2 eta 4 urtez biltegiratuak egon ondoren, tenperatura eta hezetasun erlatibo kontrolatuetan (21 ± 2 ºC eta % 28). Bestalde, presio hidrostatiko handiak aplikatuz (teknologia horrek eztia hondatzen duten tratamendu termikoen erabilera ordezkatzen du), eztien % 90-100ek kalitate-parametroak betetzea lortu zen.

Alternatiba posibleak

Eztiaren eta propolien erabilera alternatibo posibleak aztertzean, egindako esperimentuetan aplikazio batzuk aurkitu ziren. Hala, Monalisa eta Jaerla patata-barietateetan, propoli estraktua mendazko esentzia-olioarekin konbinatuta, erabat inhibitzea lortu zuen 8 °C-tan biltegiratutako pataten ernetzea, eta, Jaerla barietatearen kasuan, 60 egunez 25 °C-tan biltegiratutako patatena % 20 baino txikiagoa izatea.

Era berean, eztiz (% 30) eta azido askorbikoz (% 0,05) osaturiko konbinazio batek, ahalik eta gutxien prozesatutako eta xaflatan moztutako patata baten gainean aplikatua, efektu antioxidatzailea lortu zuen, 14 egunez 4 ºC-tan biltegiratutako patataren azala iluntzeko prozesua atzeratu egin baitzuen; beraz, antioxidatzaile naturala dela esan daiteke.

Haragiari dagokionez, eragin positiboa lortu zen 14 egunez 4 ºC-tan biltegiratutako txahal haragi freskoaren kalitatean. Horrela, frogatu zen propoliz eta ezti ihintzaz osaturiko nahasketek (% 8 eta % 10 hurrenez hurren) propietate antioxidatzaileak eta antibakteriarrak dituztela, eta, hortaz, kontserbagarri natural gisa erabil litezkeela.

Era berean, liofilizazio bidez ezti hautsa lortzeko balio izan zuten esperimentuetan, irina eta eztia 1:1 proportzioan nahasteak aurkeztu zituen ezaugarririk hoberenak. Haragi xehatuari gehitzeko erabili zen, % 10ean eta % 20an. Aplikatutako tratamenduek mikroorganismoen hazkundea moteldu zuten, neurri handiagoan ezti kontzentrazio handiagoarekin, “baina tratatutako laginen koloreak okerrera egin zuen jarraipeneko 10 egunetan. Beraz, parametro gehiago barne hartzen dituzten azterketa berriak planteatu beharko lirateke”.

Curriculum vitae laburra

Carmenza López Patiñol Nekazaritzako Industriako Ingeniaritza ikasi zuen La Gran Colombia Unibertsitatean (1997), eta Kalitate eta Kudeaketa Integraleko Masterra Santo Tomás Unibertsitatean, Kolonbian hori ere. Nekazaritzako Elikadurako Doktoretza egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bertan defendatu du doktoretza-tesia.

2000. urteaz geroztik, lanaldi osoko irakaslea da Caucako Unibertsitatean, eta zenbait irakasgai eman ditu bertan: Nekazaritzako Industriarako Sarrera, Ikerketaren Metodologia, Nekazaritza Zientziak eta Uzta Ostekoak, eta Erlezaintza, besteak beste. Bere ikerketa-ildo nagusia erlezaintzaren garapena eta berrikuntza da, eta Caucako Unibertsitatearen ordezkari gisa parte hartzen du Kolonbiako Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Ministerioaren Erleen eta Erlezaintzaren Kate Produktiboaren Kontseiluan.

Bere ibilbide akademiko eta profesionalean, bere eragin-eskualdeko nekazarien eta indigenen komunitateei zuzendutako ikerketako eta ekoizpeneko proiektuak formulatu eta gauzatu ditu. Iberoamerikako eta Karibeko Nekazaritzako Industriako Ingeniaritzako programen UNIA sareko kidea da, ikerketako hainbat artikulu argitaratu ditu, eta 20 hitzaldi baino gehiago eman ditu kongresu nazionaletan eta nazioartekoetan.