LUISA CHOCARRO DE ERAUSO

 

NUPeko doktoretzako ikasle bat saritu du Onkologia Medikoko Europako Elkarteak (ESMO)

Luisa Chocarrok Oinarrizko Zientziako poster hoberenaren saria jaso du erakundearen kongresuan, Bartzelonan

 

Luisa Chocarro de Erauso (Iruñea, 1996) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzietako Doktoretzako ikasleak Oinarrizko Zientziako poster hoberenaren saria jaso du Onkologia Medikoko Europako Elkarteak (ESMO) irailaren 13tik 17ra bitartean Bartzelonan egin duen kongresuan. Navarrabiomed[1] Nafarroako Gobernuaren eta erakunde akademikoaren ikerketa biomedikoko zentroko OnkoImmunologia Unitateko doktoratu aurreko ikertzaileak deskribatu du biriketako minbizian immunoterapiaren aurkako erresistentziari aurre egiteko estrategia terapeutiko berritzaile baten garapen preklinikoa.

Ikerketak identifikatu ditu itu terapeutiko berriak, farmakologikoki inhibitzen ahal direnak immunoterapiarekin konbinatuta, tratamenduarekiko erresistentzia gainditzeko. Immunoterapiako sendagaiek pazienteen defentsak aktibatzen dituzte, eta pazienteen sistema immuneek minbizi-zelulei antzeman eta eraginkortasun handiagoz desagerrarazten ahal dituzte. Nolanahi ere, paziente batzuek tratamendu horrekiko erresistentzia garatzen dute, eta, hortaz, ez da eraginkorra.

Beste aukera terapeutiko batzuk bilatzeko asmoz, Luisa Chocarrok zelulen barruan beste puntu espezifiko batzuk aurkitu ditu, beste sendagai batzuekin blokeatzen ahal direnak sistema immunea aktibatzeko, immunoterapiarekin konbinatuta.

“Emaitza horiei esker doitasunezko terapia berriak garatuko dira, minbizia duten paziente gehiagok izan ditzaten tratamenduaren onurak”, esan du Luisa Chocarrok.

Minbiziaren Aurkako Estatuko Elkarteak, Carlos III Osasun Elkarteak (ISCIII), Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatu dute ikerketa.

 

Curriculum laburra

NUPen bere doktoretza hasi aurretik, Luisa Chocarrok Biokimikako Gradua eta Sendagaien Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Masterra egin zituen. Tesia egin bitartean, ikerketa-egonaldi bat egin du University College London-en (Londres, Erresuma Batua), Nazioarteko doktore aipamena lortzeko hautagai baita.

Navarrabiomedeko OnkoImmunologia Unitateko bi ikertzaile hauek zuzentzen dute haren tesia: David Escors Murugarren eta Grazyna Kochan.

 

Argazkia:

Luisa Chocarro, Onkologia Medikoko Europako Elkartearen (ESMO) kongresuan saritutako posterraren aurrean.

 

 

 

https://www.navarrabiomed.es/eu