INGENIARITZA ELEKTRONIKOAREN ASTEA

 

Martí Montferrerrek (CdeCiencia) eta Rocío Vidalek (La gata de Schrödinger) NUPeko Ingeniaritza Elektronikoaren Astean parte hartuko dute

UPNA Labek eta i2tec ikasle-elkarteak antolatu dute astea; otsailaren 6tik 8ra eginen da, eta hitzaldiak, tailerrak eta ikastarotxoak izanen ditu

 

Martí Montferrer “CdeCiencia” Youtubeko kanalaren sortzaileak (1,46 milioi harpidedun) eta Rocío Vidal “La gata de Schrödinger” Youtubeko kanalaren sortzaileak (623.000 harpidedun) hitzaldiak emanen dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen den Ingeniaritza Elektronikoaren Astean.

i2tec Elkarteak eta UPNA Labek antolatu dute ekitaldia. Jarduerak otsailaren 6aren eta 8aren artean eginen dira, eta doakoak dira, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, lekuak mugatuak baitira. Aste horretan parte hartzeagatik, NUPeko ikasleek ECTS kreditu bana lortzeko aukera izanen dute.

Aste hori datorren astelehenean hasiko da, otsailak 6, 10:40an, Liburutegiko beheko solairuko “Open Space” espazioan. Jardunaldian zenbait hitzaldi eginen dira. Goizean, “Aprende a diseñar un chip” hitzaldia eginen da, Carlos de la Cruz NUPeko irakasleak gidatuta, eta “InBiot” hitzaldia Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoko kideek emanen dute. Arratsaldean, adimen artifiziala izanen da gai nagusia. 17:15ean Martí Montferrerrek (CdCiencia) “Ay, IA!” hitzaldia emanen du; 18:00etan Rocío Vidalek (La Gata de Schrödinger) “El futuro de las IAs” izanen du hizpide, eta 19:00etan “IAs y computación cuántica” mahai-ingurua eginen da.

Otsailaren 7an eta 8an ingeniaritza elektronikoaren aplikazio batzuk ezagutarazteko zenbait jarduera eginen dira, adibidez hiru orduko ikastarotxoak, besteak beste gai hauei buruzkoak: Arduinoaren hastapenak, murgiltze-soinua Jaulaben, 3D inprimaketa, PCBen diseinua, creative coding eta lebitatzaile akustikoaren eraikuntza.

Era berean, 14:00etatik 16:00etara Arcadeko eta errealitate birtualeko lehiaketak, “maker” direlakoen topaketa eta 3D inprimaketako eta laser bidez ebakitzeko eta grabatuak egiteko makinari lotutako jarduerak eginen dira.

 

Ikasle-elkartea

NUPeko ikasleen elkarte bat da i²tec. 2017an sortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle-talde batek, eta ‘RS Components’ enpresaren laguntza ere badu. Elkarte horren helburua unibertsitateko kideei eta gizarteari oro har komunitate bat eskaintzea da, hain zuzen, ezagutzak partekatzeko eta elektronikako proiektuak egiten kooperatzeko, teknologiari buruzko pentsamendu kritikoa garatzeko eta lankidetzaren eta taldeko lanaren bidez teknologiaz konplexutasun handiagoko proiektuetan gozatzeko komunitate bat. NUPeko ikasle-elkarte bat gara.

 

Argazkia: Aurreko edizio bateko 3D inpresioko ikastarotxo horietako bat.