URRUÑAKO TXORIA BETI TXIOKA

Txori kantu zale ederra, non ote haiz kantatzen? Horrela dio Benito Lertxundiren ahots magikotik ainitzetan entzun dugun kantu eztiak. Uste dut, oker ez banago, Zaraitzuko bardoaz ari zela Orioko bardoa bere kantuan. Baina, izan badira, txori kantari gehiago Euskal Herriko hamaika bazterretan. Horietako bat dugu Urruñan, Sokorri muinoaren azpian, Migel-enea izeneko etxean. Xerar Urrutia da txori kantari hori, eta aspalditik ari zaigu kantatzen eta Euskal Herriko bazterrak alaitzen.

Xerar Urrutia Jorajuria urruñarra da, 1959ko martxoaren 19an sortua. Gazte-gaztetik euskal nortasunari atxikia. Musika arloan, eskualdeko beste mutil lapurtarrekin osaturiko Hegoak taldean ibili zen kantari eta kanta-egile. Ordukoak dira bere lehen olerki musikatuak. Talde honek hiru disko plazaratu zituen: Hegoak – 1, Hegoak – 2 eta Bizia izenekoak, eta hiruretan parte hartu zuen taldeko partaide gisa.

Geroztik Kuxkuxtu txarangarekin ibili da Euskal Herriko luze zabalean kanta-kantari. Kuxkuxtu erreferentzia bilakatu da Lapurdiko itsas-hegian, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko ekitaldi guztietan. Taldeak, jadanik, hiru disko plazaratu ditu eta Xerar Urrutiak, gainerako adiskideekin batera, hiru diskoetan parte hartu du. 2011ko ekainaren hastapenetan kaleratu zuen bakarka egindako lehen diskoa, ZU izenekoa. Disko horretan Xerarrek gehien maitatzen dituen elementuei kantatzen zien: emazteari, euskarari, Euskal Herriari, izadiari…, azken finean, biziari. Lapurdiko luze-zabalean hedatu zen eta laster zen denda eta ostatuetatik agortu.

Aurten, hau da, 2015eko uztailaren hasieran bere bigarren diskoaren aurkezpena egin zuen Urruñako auzoa den Pausuko Xaia ostatuan. Bertara jende andana hurbildu zen urruñar txoriaren kantu berriak entzutera, eta horrela izan zen. Tamalez, diskoa ez zen iritsi, argitaletxean erratu baitziren eta Euskal Herrira igorri beharrean, Australiako basamortuetara bidali baitzituzten. Ordutik han bizi diren euskal artzainak Xerar Urrutiaren kantuak abesten eta xaramelatzen aritzen dira. Diskoak ZU-BI izena du, aitzinakoaren jarraipen logikoa delako, eta hitz joko bat eginez, errealitatearen eta atzeman nahi dituen ametsen arteko zubia izan nahi duelako.

Diskoan hamar abesti sartu ditu. Lehena Askatasunez egarritua izenekoa da. Mundu osoan den askatasun gabeziaz mintzo zaigu bertan, mezu poetiko ezin hobea erabiliz. Bukaeran honela erraiten digu: Begira ongi, begira / gure inguruan dagoena, biziak ekartzen diguna, ainitzetan funtsezkoa. Maita gaitezen maitia, hartu amodioaren sua, gure erotasun goxua, berak harrapa gaitzala. Xerarrek maitasunaz eta libertateaz egiten baitu amets. Musika Fred Iturri urruñarrak egina da.

Bigarrena Bisita izenekoa dugu. Kantu honetan Espainian, Zaragozako Zuerako kartzelan preso duen adiskideari egindako bisita kantatzen digu sentimendu handiz. Abesti sentikorra da, bihotzeraino iristen den horietakoa, eta Fred Iturrik egindako doinua abestia sarkorragoa egiten du. Euskal presoek bizi duten egoera gordina islatzen digu baina, denbora berean, badu itxaropenezko mezu bat, euskaldunok amesten dugun garai berriei begira. Horrela dio azken koblan: Agur bero bat zueri, euskal preso guzieri, / itxaropenez betea, hemen nauzue kantari, / inork gure inguruan ez dezala nehoiz ahantzi, / euskaldun ainitz dutela presondegietan itxi. / Libertate osora guk beharko dugu iritsi, / hauxe da behar duguna, bai biharko irabazi, / dudarik gabe bakea izanen dela hobeki, etxean sartzen badira gure preso eta iheslari.

Hirugarrena, Benito Lertxundik Euskal Herri osora hedatu zuen Nire herriko neskatxa maite abesti goxoa da. Ziurrenik euskaraz dugun amodiozko kanturik famatuenetako bat. Laugarrenak Bihozkada izena du. Maitasunezko kantu eztia, Mixel Claudio musika-egileak asmatu doinu ederraz abestua. Oroitzapenari zabaldutako leihoa nahi du izan. Bihozkada bakarrik ez da / maitasunaren historia, / gauak pusatzen du eguna, / betetzen baitidazu bizia. / Nola ahantzi zure bisaia, / begi berdez argiztatua, / irriñoz marraztatua, / gau hortan ikusi nuena.

Bosgarrena aita zenari eskaintzen dio. Lehen diskoan abesti ederra eskaini zion zendu berria zuen amari, oraingoan gauza bera egiten dio aitari. Xano Urtxegik egindako doinuak indar etnikoa ematen dio Xerarren narrazioari. Ene ustez, hauxe da, diskoan dagoen kanturik ederrena. Azken koblan honela erraiten digu: Joana eta gero ohartzen baigira / arbasoen errana urrezkoa dela, / begietan lañotsu isurtzen da,/ nik zutaz pentsatzen dudalarik, aita.

Seigarren abestian, Haurraren galderak izenekoan, haurrak bizitzaren garratza ezagutzen duelarik, gurasoei, kasu honetan, aitari, egiten dizkien ohiko galderak. Zergatik hau eta zergatik bestea, munduaren absurdua ezin ulertuz. Hirugarren koblan, zorigaitzez, Urruñan eta Iparralde osoan oraindik horren ohikoa den beldurraz edota ahalkeaz mintzo zaigu, Xano Haltzuet-ek egindako doinuari jarraiki. Aita, zergatik jendea beldurtzen da / karriketan euskaraz hitz egitean? / iduri luke lotsatuak direla / gaizki ari dela hola mintzatzean.

Hurrengo kantuaren mezua ez da Xerarrek egina, Ttotte Etxebeste borrokalari urruñarrak baizik eta Popo du izena. Musika Fred Iturrik eta Jujubek egin dute, eta indar handiko doinua dela erran behar dut. Kantu honetan, Ttottek kontatzen digu, sentimendu garratza azaleratuz, zer gertatu zitzaien zorigaiztoko 1983ko agorrilaren 7 hartan. Berarentzat latza izan zen eta egun hartan polizia batek egindako balentria eguneroko ordaina zaio bilakatu. Baina okerrago izan zen Jean Louis Larre Popo heletarrarentzat, ordutik desagertua baitago. Haren haurride eta lagunek alferrik xerkatu dute, alferrik dituzte xoko eta bazterrak miatu, egileek ez baitute inolako aztarnarik utzi. Herriak, behin eta berriz, galdetu du Non dago Popo? Eta horixe da Ttotte Etxebestek, Xerar Urrutiaren ahotsaren bidez, kantu honetan galdetzen duena. Olerki hau 2013ko azaroan Maiatzek argira eman zuen 57. zenbakian plazaratu zuen. Hirugarren koblan honela digu kontatzen Ttottek garraztasun handiz: Landetan zepoan hintzen erori / azkenik basoan hindugun ihes ikusi, / oihanak, bazterrak, guziak itzuli / laguna ezabatuz ibili denari, / Popo non dago? galdetzen baitiogu zintzoki.

Zortzigarrenean, adierazpen askatasunaz hitz egiten digu. Kantuak Adierazpen askatasunaren izenean du izenburu. Bertan Parisen, Charlie Hebdoren aurka fanatiko islamistek egin zuten atentatuaz mintzo zaigu. Bai baina ez. Salagarria da sarraski hori, bai horixe! Baina zer kontatzen diete horretaz eta zein zilegitasunaz palestinarrei, txetxeniarrei edota egunero sarraskituak diren herritarrei? Justizia ez da, ez, denentzat berdina / euskaldun edo korsikarra bazira / edo txetxeniarra, palestinarra… / zapalduentzat denak gezurrak dira. Alain Martineauk musikatu du.

Bederatzigarrenean, Laboraria izenez bataiatu duen abestian, laborarien arrangurez eta arazoez aritzen zaigu. Abiadura Handiko Trenaren aurkako borroka existentziala ere digu aipatzen: Gure arbasoek egin zuten bezala / lurra zaintzen, defenditzen ari zira, / hemendik urruti joan dadila / inposatu nahi diguten AHT-a. Doinua Xano Haltzuet-ek egina da.

Eta azkenekoan, hau da, hamargarren kantuan, XX. mendeko azken hamarkadetan maiz entzuten zen doinu bat erabiliz, Ene argia izeneko abestia digu aurkezten. Maitasunaz hitz egiten digu eta zeruan, iluntasunen arteko zirrikitu batetik agertzen zaigun argia digu aipatzen, esperantzaz eta ilusioz beterik. Zu, zu zira ene argia / Oi! Neure bihotza, eztia. / Zu, zu zira ene argia. / Oi! Berpiztu nauen bizia. -dio kantuaren luzetasunean bitan errepikatzen digun leloan.

Txori kantu zale ederra, non ote haiz kantatzen? –zioen Orioko bardoak ahots melankoniatsuaz. Eta guk badakigu non den Urruñako txoria kantari, hemen, hor eta han, euskaldunoi abesten, maitasunari, libertateari, herri zanpatuei, ama euskarari… Hemen, hor eta han, itxaropenez eta alaitasunez. Iduzki izpien azpiko Euskal Herriari, euskal presoei, laborariei… Azken finean, biziari. Urruñako txoria txioka ari zaigu, gu guztion bihotz-altxagarri.