Goxoaren indarra

Logela ezagututa,
betikoa
baina gaur ordea
ezberdintzat hartu dut,
begi lokartuak irekitzen saiatzerakoan,
ahoa berriz busti nahian listua irentsi dudanean.
Usain gozoa sentitu dut berriz,
gorputz osoaz besarkatzen amaitu dut,
inozentziaz beteriko usain sakona,
nola ez,
gaur baita,
ama zen, landareak zekartzan bere besotxoetan.
Aspaldiko partez usainak lortu du
nire kontzientzia lasaitzea,
lasaitu ditu nire barrenean
tentsioan zeuden zainak.
Begiekin, buruak gidatuta,
usain horren jatorria ezagutu nahi izan dut.
More argia etorri zait burura,
more iluna sartu da pentsamenduen putzuan.
Harritu ninduen
pentsamenduak gidatzeko,
zer nolako erraztasuna zeukan more hark.
Zenbat pertsonek ikusi al zuten beraien bizian zehar more hura?
Borroka izatera pasatako esperantzen armarria zena,
goxotasuna airean zabaltzen zuena,
inozentzia faltsuaz altxatzen zena.
Ibilbide hura,
lore batean finkatuta zegoen,
bera izatera heltzeko sustraiak lurretik altxatutakoa.
Eguzkiaren norabidea
jarraitzeaz nekatutako lorea,
eguzkia eskuetan izan nahi zuen lorea,
subertsio txikiak sortuz.
Ikusi nahi dut,
eguzkia noizbait itzali ezean,
belar beltza,
iruntzi belarra abiapuntutzat izango duena,
eguzkilorearengana iristeko,
eguzkira gerturatzeko.
Eta iristerakoan,
guztien pentsamenduak
moreak izanen dira,
more sutsua,
pizgarria.
Orduan, ama konturatuko da,
more bizi hori
barnean daramala,
egutegiko egun nahiz gau guztietan.