Mikel Dalbret edo usapalaren hegalkada

Han eta hemen, oihan batetik bestera, herri batetik bestera, hegaldatu da gure usapala. Euskal Herrian egin du habia. Orduz geroztik, hemen da, gure artean, hemengoa eginik. 2014an, Sarako Idazleen Azokarako plazaratu zuen “Hainbat zorte edo usapalen hegaldi nahigabea” izeneko liburuak horren berri ematen digu.

Mikel Dalbret dugu oihanez oihan dabilkigun usapala eta denbora berean, narrazioaren nondik norakoak zuzentzen dituen egilea. Narratzaile bikaina, gainera. Liburua bidaia da, edo agian hobeto erranik, abentura batekin aldera genezake, Mikel Dalbreten bizipenek egilearen abentura nahigabetuaren berri ematen baitigute. Bai, liburu hau, neurri handi batean, autobiografikoa da, baina ez hori bakarrik. Mikelek narrazioa bi istoriotan banatu du, elkarri zentzua eta interakzioa ematen dioten bi istorio. Lehena istorio baino gehiago historia da, Dalbreten bizitzan gertatutakoak kontatzen baitizkigu; eta bigarrena, fikziozko pertsonaiak erabiliz, egiantzaz egindako kontakizun ederra. Bigarren horretan gure artean horren ohikoak diren gertakizun latzak dakarzkigu gogora.

Bi kontakizun paralelo direla erran genezake, baina errealitate beraren ildoetatik abiatzen direnak. Liburu honek Euskal Herriaren izate gatazkatsuaren, herri honen bizirautearen aldeko lan eta borroken, antzinako iragan batetik abiaturiko orainaldi tristearen eta ametsezko etorkizun desiratuaren berri ematen digu. Eta ez edonola, gainera! Dalbreten bizitzatik ateratako pasadizoak egilearen nortasuna ezagutzeko ezinbesteko iturriak dira.

Kontakizunaren ildoari jarraiki, egilearen jatorria, lehen gerla handiak haren familian eragindakoak, haurtzaro erraria, bigarren gerla handiaren gorabeherak, amatxiren etxeko goxotasuna, anaiaren moto istripua eta heriotza, ikasketak, bizitza profesionalaren hastapenak, margolaritzaren hautua, erakusketak, Euskal Herrira bizitzera etortzeko hartutako deliberoa, Miarritzeko ateliera, euskara ikasten hasi zeneko lehen urratsak, poliziek atxilotu eta itaundu zutenekoa, Saran egindako urte ahaztezinak, Etxalarko borda urrunean ezagutu zituen bakardade, bake eta sorkuntzarako iturri joria, euskal kulturaren ezagupen integrala, Ziburuko bizimodua, eguneroko konpromisoa, sorkuntza artistikoa… eta hamaika kontu gehiago korapilatzen eta txirikordatzen dira narrazioaren irakurketan.

Maialen, Iñigo, Txomin eta Martine gazteen bizipen paraleloak Herri honek une oro jasan behar duen ukaziotik sortuak dira, zoritxarrez, gure artean horren ohikoak direnak: gazteen konpromisoa, kultur borroka, euskararen gibelatzea, guardia zibilen erasoak eta presentzia itogarria, estatuek inposaturiko sasi muga, kolonizazioa, irakasle intelektualaren ikuspegia, euskal gastronomiaren aipamenak, bertsolariak…, eta azkenik, Txominen heriotza guardia zibilekin izandako enfrentamendu batean.

Deskribapenek zama handia hartze dute liburuaren baitan, pertsonaiak, lekuak, egoerak, jateko eta edatekoak, arropa berberak…, zehazkizun handiz eta irudi ederrak erabiliz azaltzen baitizkigu, ainitzetan, deskribapen horietatik barne gogoeta sakonak isurtzen direlarik. Egilearen filosofia, bizitzaren aitzinean hartu dituen bide eta jarrera garbi agertzen dira bai deskribapenetan eta bai liburuaren ildo osoan.

Liburu autobiografikoa da, zalantzarik gabe, baina baita filosofikoa, metaforikoa eta konprometitua ere. Dalbreten konpromisoa nabarmena da, begi bistakoa, bizitzarekin, artearekin, gizakiarekin, justizia sozialarekin…, eta, nola ez, horren barnetik sentitzen eta maite duen Euskal Herriarekin ere. Nik Dalbret margolaria eta Dalbret euskaltzalea ezagutzen nituen, baina orain, liburu eder honi esker, egiazko Dalbret ezagutzen dudala erran dezaket: Dalbret pentsalaria, Dalbret borrokalaria, Dalbret gizona…

Bere bizitza usapalaren hegalaldi erratu eta nahigabetuarekin alderatzen duelarik, bere izate eta bizipenen laburpen ezin hobea egiten duelakoan nago. Euskal herriari eskainitako liburu hau, oroitzapen, gogoeta eta itxaropenen sinfonia eder, aberats eta oparoa dela erranen nuke nik. Iraganaren sustraiak, orainaldiaren ilun-argiak, gazi-gezak, eta geroarekiko nahikari eta esperantzak maisukiro azaltzen dizkigu liburuaren luze-zabalean.

Irakurleok badugu, beraz, zer irakurri, zer hausnartu eta zer ikasi liburu honen irakurtzetik. Horixe bera da, nik liburu honetatik atera ditudan ondorioak. Itxaro dezagun hau ez izatea Mikel Dalbreten luma narotik ateratzen den azken liburua. Liburu hau ez da, ene irudikoz, egilearen testamendua, bide eta pentsamendu berrien abiapuntua baizik. Horrela nahiko nuke nik, bederen.

Ez dut artikulu hau bukatu nahi Mikel zoriondu eta eskertu gabe, bere liburuari esker, bizitzaz eta Euskal Herriaren norabideaz nituen ikuspegiak zabalagoak, argiagoak eta ulerkorragoak egin baitzaizkit. Milesker, beraz, Mikel! Jarrai ezazu zure hegalaldi nahigabetuan horrelako fruitu ederrak ematen.