“Narrazioak” – Joseba Sarrionandia

“Iragan da azken trena, burdinbide amaigabetan galtzera, eta ez da isiltasuna baino geratu, olio zaharraren usainez. Hiriko bazter auzo baten bazterrean, etxalde arraildu bat da estazioa, zeinera gatazkarik gabe abailtzen den gaua, bere amets arriskutsuekin. Hari mehe eta geldotan hedatzen da kriseilu ahul baten argia, argi elektriko gaisoa, armiarma sare baten antzera. Kristala hautsirik eta orratzak geldirik dituen horma-erloju bat dago, gainerako guziaren zaindari. Landare more eta mendre batzuk harri grisen artean, lur zokorik urrienetan hazten dira. Eta aulki bi ere badaude, erdi ilunetan, argi haritxoak desegin eta galtzen diren aldean. Andere bat dago eserita aulkietarik batetan, oinetako beltz eta gona urdinez jantzia, eta zabalik duen kazetak ezkutatzen ez duen alkondara edo jersei ferdeskaz. Trenbideko orratz zaindaria hurbildik iraganen balitz berari begira geratuko litzateke, desira lizunak gogoratuaz edota nor ote den imajinatuaz, baina hiriko kale nagusietan ibiltzen dira orratz zaindariak abandonoaren orduetan”.