Neguko festak deitzen ziren?

Inauteriak badatoz, hor dauzkagu, kosk-kosk egiten gure imaginarioan, neguari kontu eske, udaberriaren irrikaz; dena den aurten neguak gorritik gutxi erakutsi digu eta, hor nonbait, Piriniotako hartzek ez dute lozorro luzearen beharrik izan; beraz, inauteriaren, negu festen oinarrizko osagai bat,hots, negua bere lozorrotik ateratzearena, aldaketa klimatikoa dela eta, guztiz desitxuratu da, dugu.

Guk gizakiok gure etengabeko ustiaketaren bidez ataka larrian jartzen ari gara “Gaia” gure planeta, gure Amalurra, ustez horrela iraun dezakegula inongo ondoriorik gabe, edo behintzat, inongo ondorio larririk gabe.

1854ean, Noah Sealth indiar buruzagiak naturaren aldeko lehen manifestua idatzi zuen, justu amerikar presidente batek, txurien eta indiarren arteko gatazkei bukaera ematearen aitzakiaz, beraien lurrak erosi nahiean zebilenean; hainbat gauza esan zituen Noah-k eta ideia nagusi hau atera nahi dut manifestu hartatik: Txuriak ere iraungiko dira, beste hainbat leinu baino azkarrago, behar bada;lurra kutsatzen dute eta gau batean bere hondakinetan itota esnatuko dira.

Hartzak eta otsoak, zein minotauroak suntsitu genituen, zaldiak etxaberetu eta horren antzezpen errituala inauterietara eraman; orain, mozorroen bidez antzezten ditugu, ahaztu gabe horiek duten balio sinboliko-magikoa eta izua eta algara partekatzen ditugu horrelako munstroen aurrean. Denborapasa, kohesio gune, tradizio, gizarte formala hankaz gora jartzeko eremu, aro bihurtu ditugu neguko festak; negua desagerraraziko dugunean, ordea, zer mito berri sortuko dugu gure gainbehera irudikatzeko?