Hartzaroaren garrantziaz

ABERE TOTEMA

Lur planetaren  hainbat kulturatan abere totemaren kontzeptuak berebiziko garrantzia izan du, baita gurean ere. Antzinako tribuak naturarekin harreman estuan bizi zireneko ondarea dugu delako hori, piztiak ehizatuz edo haiengandik babestuz bizi ziren garaietakoa, alegia.

Begirunea zieten, dudarik gabe. Bakoitza ezberdina zen, bistan da, ez bakarrik  fisikoki baita espiritual mailan ere.

Espezie bakoitzak  izate bakana ordezkatzen zuen, izpiritu berezia, nortasun aparta, bestelakoa; bizirauteko ezaugarri propioen jabe, milurtekoetan zehar zorroztutakoak planetan aurrera egin ahal izateko.

Arbasoek ongi ezagutzen zuten, eta xamanaren, aztiaren zeregina zen, muin hori, izpiritu hori atzematea, eta magiaren bidez bereganatzea, beste munduetara, dimentsioetara bidaiatzeko, non  bizidun ororen energiak eskurakoiagoak ziren.

Aztiak bazekien hori, bazekien bezala  izaerak eta nortasunak kutsakorrak direla edota  enpatia bidez lor ditzakegula. Bazekien kide duguna erakartzeko gai garela, eta horregatik, hain xuxen, sinisten zuen pertsona bakoitza ehizatutako abere horien  izpirituaren eraginpean zegoela, miresten, izutzen eta errespetatzen zuen horren menean, alegia.

Antzinako ehiztariak begirunea zion bere harrapakinari, funtsezkoa zelako bere elikadurarako, aurkari duina zelako eta, horregatik, hartza edo beste pizti bat ehizatzen zuenean, garaikur gisa atzapar, letagin, edo larru puska bat kentzen zion; zati horretan, oraindik ere bere indarrak, energiak zirauela eta  lagunduko ziola uste baitzuen, errespetuz ehizatu izanaren truke.

Beraz, esan dezakegu abere-totemaren energia guregan ezar daitekeela, harekin bat egin arte; arrazoia ez dakigun arren  beste mailetako energia erakartzeko gai omen gara, ametsen bidez, esate baterako. Beste batzuk diote berraragitzeetan abere hori izan ginela, eta orain horren eboluzio aurreratua garela, giza itxurazkoa. Horrek agian azal dezake  zergatik gero eta pertsona gehiago eta abere gutxiago dagoen, planetaren energia beti bera izaki; arimen “kopurua” beti bera izan ei da baina ez haien eboluzio izpirituala. Eboluzio naturala izan da aldarazi gaituena zelulatik marmokara, narrastira, ugaztunera, tximura( euskaldunon kasuan hartzara) gizakira.

HARTZA TOTEMA: HARTZAROA

Hartza totema oso garrantzitsua izan da Amerikako jatorrizko leinuentzat. Bere larrua sarritan hotzetik babesteko erabiltzen zen, atzaparrak bitxiak eta lepokoak egiteko, eta burua maskara gisa xamanarentzat. Mito zabaldua da, kultura askotan, pizti baten larrua ezustean topatu eta jantziz gero, ilargi beteko gauetan, abere horretan bihurtzen zarela. Konturatzen bagara, larruak berebiziko garrantzia du gure inauterietan (Momotxorroak, joaldunak…)

Europan ere, bai Grezian zein Erroman, aparteko balioa zuen; Artemisa, ehizaren jainkosaren erritualetan, ezagutzen ditugu hartzari zuzendutako gurtza zeremonialak.

Ipar Europako eskandinabiar mitoetan, hartza Odin jainkoaren alderdi bat zen eta “Bersekers” deituriko gerlari bikingoak hartzaren larruarekin besterik ez ziren janzten; gainera, hartzaren mozorroa zeramaten gudan ahalik eta ankerkeria eta izurik  handiena sorrarazteko.

Europa zeltiarrean, hartzak gerlarien adorea ordezkatzen du eta  Artio jainkosarekin eta ilargiarekin lotuta dago.

HARTZAREN SINBOLOGIA

Hartzaren totemak esango dizu gure galderen erantzun guztiak gure baitan daudela, barne kobazuloan. Gutako bakoitzak gogoa lasaitzeko, isiltasunean eta jakindurian sartzeko, leizean alegia, gaitasunaren jabe da. Hartzak erakutsiko digu noiz den ekiteko garaia eta noiz pausatzekoa. Gure ametsak eta helburuak lortzeko, barne bidaia ezinbestekoa da.

Antzinako herri askotan hartza eta ilargiaren arteko harremanean sinesten zuten hibernazio aroa zela eta; horregatik lotaratzerakoan ilargiaren munduarekin konektatzen zen (Yin energia, negua, iluntasuna, barne bidaia) eta esnatzean eguzkiaren sinbolismoarekin (Yan energia, argia, udaberria, kanporakoia), beraz, hartzak sinbolismoaren bi aurpegiak ditu bere baitan: neguan ia hilzoriarena, udaberrian berpiztearena.

Astroen manikeismo, bikoiztasun horrek alkimiaren tradizioan du jarraipena, non hartza eraldaketaren sinbolotzat duten. Alkimisten arbasoak konturatu ziren haren usai sarkorrak bere presentziak baino askoz  gehiago irauten zuela leizetan, beraz, horrek esan nahi du  hartzak oso luze irauten duen erresonantzia energetikoa duela; beste modu batean esanda, erritualetan, inauterietan, botere handi baten beharra bazegoen, hartza zen erabiltzen zuten totem nagusienetarikoa.

Indiarren artean magia handia zuela sinetsita zeuden eta haien ustez, xamana, aztia zen. Jakin badakigu “ osasunaren zaindari” izendatzen zutela  eta indiarren antzinako sendabideen eta Amalurren izpirituen sekretu guztien  jagoletzat zutela.

HARTZAROaren garaian gaude, jabetu gaitezen gure arbasoentzat zuen garrantziaz eta goza ditzagun bere begiradapean inauteriez.