Migel Leonis kanbotarra Kaliforniako lurretan

Penagarria bada ere, oraindik oso berri gutxi daukagu euskaldunek Ameriketan egindakoez. Herri txikia gara, herri kolonizatua, eta horrek badu bere prezio mingotsa. Horietako bat da, gure historian eta munduan barrena egin dugunaren ezagutze maila eskasa. Ez gara besteak baino gehiago, baina ez gutxiago ere, eta gutarrek egindakoak, onak edo txarrak, ezagutu behar ditugu hurrengo belaunaldiek etorkizun hobea eraiki dezaten.

Ameriketara joan ziren euskaldunek euren bidea urratu zuten. Denetarik joan zen, eta denetarik egin zuten. Ikus dezagun orain Migel Leonis lapurtarrak Kaliforniako lurraldeetan egindako bidea.

XIX. mendeko lapurtar hau Kanbotik abiatu zen Ameriketako Kalifornia aldera. Indar ikaragarria omen zeukan, eta horrez gain, ospetsua izan zen bere krudelkeria eta bere maltzurkeriagatik. Halako doanekin, laster Kaliforniako lur jabe handienetakoa bilakatu zen. Bereak omen ziren San Fernando misio ohiaren hegoaldeko lur guztiak, El Encino-ko mendebaldekoak eta El Malibú-ko iparraldekoak. Bere menpean zeuden lurrak garaiko zenbait germaniar printzerri eta Ipar Amerikako zenbait estaturenak baino askoz zabalagoak ziren. Hori dela eta, sasi-erregetzat har genezake.

Badirudi Leonisek lurrak bereganatzeko erabilitako bideak ez zirela oso jatorrak izan, indarkeria eta lukurreria erabiliz, lortu baitzituen. Orduko Russel izeneko idazle batek oso deskribapen gogorra utzi digu Kanbokoari buruz. Bere artikuluetan idatzi zuenez, Leonisek lurren tituluak eta herentziak iruzur handiak eginez erosten omen zituen, eta onez ez bazituen lortzen, beste modu gogorragoen bidez atzematen zituen. Ba omen ziren Migel Leonisi lurrak saldu nahi ez izateagatik desagertuak ziren gizon aunitz, eta noski, beste lur-jabe askok, beldurrak eraginda, beraienak merke samar saltzen zizkioten.

Bere kuartela Calabazas izeneko herrixkan zeukan eta bertan bere zerbitzura ongi armatutako berrehun bat mexikotar zituen. Hauetaz baliatzen omen zen bere nahiak bete arazteko. Hau dela eta, Calabazas-ko Erregea ezizenaz ezagunagoa izan zen bere benetako izenaz baino. Baina bere menpe zebiltzan mertzenarioak ez ziren denak mexikotarrak, euskaldun franko ere ba omen ziren beraien artean.

Baina ikusten denez, batzuetan indarkeria ez zen nahikoa izaten eta eskuratu nahi zituen lurren jabe egin ahal izateko legezko jukutriez baliatu behar izan zuen. Horretarako bazuen abokatu bat, Horace Bell izenekoa, eta bera bezain diruzale eta maltzurra zena. Oso abokatu on eta trebea izan omen zen, eta berari esker, Migel Leonisek lortu zuen aunitzetan, pistolari mexikotarren bidez lortzen ez zuena.

1889. urtean kanbotarra hil zenean, garaiko miloi erdi dolarreko herentzia utzi omen zuen bere senideen artean banatzeko. Baina denen harridurarako, dirutzaren zatirik handiena Horace Bell-en sakeletan gelditu zen, Leonisek irekitako eta oraindik ordain gabe zeuden auzi ugarien zerbitzuak ordaintzeko.

Horace Bell abokatuak idatzitako testu batean azaltzen digunez, Leonis erraldoia eta ikaragarri sendo eta indartsua zen. Basati hutsa, eta ez zekien letra bakar bat ere irakurtzen, arrunt analfabetoa baitzen. Dena den, bere alde ona ere onartzen dio aipaturiko testuan, Bell-en ustez, kanbotarra izugarri langilea baitzen, eta horrez gain, bere lurren administratzaile fin eta abila. Kronika zaharretan esaten denez, Migel Leonis beti beltzez janzten zen eta bere zaldia ere kolore berekoa omen zen. Indiar buruzagi baten alabarekin ezkontzean, euskaldun askok euren adiskidetasuna eta laguntza ukatu zizkioten. Hala eta guztiz ere, ez zuen bere emazteaz inoiz ernegatu, eta pauso berria eman zuen bere legezko emaztetzat onartu zuenean. Gerora, ezkontza honek oso ondorio txarrak ekarriko zizkion. Bere bizitzaren azken urteetan Calabazas-en kontrola galdu zuen Jean Goienetxe eta Jean Etxamendi euskaldunek bere kontra testifikatu zutenean. Arras adierazgarria da Kalifornian euskaraz argitaratzen zen Escualdun Gazeta izeneko kazetan Martin Bizkailuz izeneko abokatu euskaldunak Migel Leonisi erreferentzia eginez, idatzi zuena: Emazu hor Migel. Zer behar geinuke avokatek eguin zu gabe? Hil!!!

1889. urteko egun batean, bere gurdia gidatuz etxerako bidean barrena zihoala, Cahuenga-ko pasagune estutik igarotzerakoan, gurdia irauli egin zitzaion eta gurpil batek zanpaturik hil zen. Ustekabeko heriotza hark legezko arazo franko ekarri zituen. Testamentua egina zuen, eta bertan bere ondasun gehienak Euskal Herriko senideentzat zirela zioen. Bere emazteak, biziki haserreturik, auzitegira jo zuen, indioa izan arren legezko emaztea zela argudiatuz.

Kaliforniako prentsa artikulu batean irakur daitekeenez, 1893ko maiatzaren 3an, Migelen arreba zen Mariana Bonete andrea Kalifornian zen nebak utzitako herentziaren zatia kobratu nahian. Auziak konpondu gabe segitzen zuenez gero, bertan gelditu behar izan zuen denboraldi batez abokatuak eta paperak mugitzeko asmotan. Bi urte beranduago,hau da, 1895eko urriaren 26an, ondasunen xahutzea zela eta, Laurent Etxepare abokatu euskaldunak auzitegian salatu zuen Leonis zenaren emaztea. Eta azkenean, 1896ko urtarrilaren 1eko egunkarietan azaldu zenez, Leonis zenaren dirutza eta ondasun guztiak banatu zituzten burutu gabe utzitako auzietan ibilitako berrogei abokaturen artean. Badirudi emaztea, arreba eta bestelako senideak deus gabe gelditu zirela eta Leonisek modu txarrean bildutako dirutza abokatu maltzurren poltsikoetara pasatu zela, euskal esaera zaharrak dioen bezala: Gaizki heldu dena gaizki doa.