Gañecoleta

Oso harrigarria badirudi ere, 2013ko irailaren 4an, oraindik honela irakur zitekeen: GAÑECOLETA, auzo haren bidegurutzean barna igarotzean, eta data hau azpimarratu dut, egun hartan, hain zuzen ere, ikusi nuelako errotulu xelebre hura, Jean Haritxelar euskaltzainburu ohi jaunari, Baigorrin azken agurra egin eta gero.

Badaezpada ere, Euskaltzaindiaren Toponimia arloan begiratu eta honako hauxe azaltzen du, alegia, Gainekoleta: Izaera: Auzoa. Ofiziala: Gainekoleta. Non: Luzaide. Erabaki maila: Batzordeak onarturiko argitalpena. Oharra: hemen biltzen diren izenak Onomastika batzordeak emandako irizpen eta gomendioak dira. Udal, eskualde eta probintzia izenek arau maila dute.

Hori ikusita, ematen du ez dagoela inolako zalantzarik, nola agertu beharko lukeen idatzita izen horrek, baina, aldiz, gorago adierazi dudan bezalaxe agertzen zen, hau da, Gañecoleta, eta, gainera, errotulua oso zaharkituta dago.

Antza denez, gai honetarako, alfer-alferrik izan dira Franco diktadorea hil zenetik igaro diren urte guztiak, eta baita, demokrazia deitzen zaion honi, joandako denbora guztia . Era berean, inola ere ezin da esan Nafarroa Garaiak izandako gobernuek asko luzitu dutenik beren burua, gure erkidegoko toponimia zaintzen eta mimatzen.

Espero dezagun, Luzaiden eta Gainekoletan bertan, norbaitek edukitzea aurreko gobernu guztiek baino sentiberatasun handiagoa eta akats lotsa emangarri hori behin betiko zuzentzea, Jean Haritxelar jaun handiarenganako begirune soilagatik baino ez bada ere.

Bukatzeko, ziurtatu ahal dut, azken urrian errotulu hark berdin-berdin jarraitzen zuela.