Nerabeekiko harremanaz

Geu ere gazte izan gineneko bizipenaren gogorapena da nerabeen mundua ulertu nahi dugun helduok eskura dugun tresnarik hoberenetako bat, eta memoria ariketa xume horretan ikasiko duguna, gure jardunaren oinarrian ezarri beharreko jakintza egiatia. Gure pasioak, maiteminak, galerak, abandonuak, une batzuetan hartu gintuen hiltzeko gogo bizia, bakardadea, ilusioak, gorabehera emozionalak…

Geure buruan arakatu eta barnean lozorroan bizi zaigun nerabea esnatu behar horretan datza, gainera, gazteagoekiko harremanak gu hazteko ematen digun aukera paregabea. Izan ginen eta jada ez garen ameslari eta errebeldearen ahotsaren xuxurla ekartzeak gure bizitza askotan mugiezinaren zutabe irmoegiak astindu eta kolokan jartzera eramango gaitu. Nerabeekin aritzeak aukera ezin hobea eskaintzen du egunero bizitzaren lokatzean murgiltzeko. Eta hori ez daramagu ongi, ez beti bederen, eta ez denok. Gaztea zerbaitek definitzen baldin badu, poroetatik darion bizi-izerdiak definitzen du; bizitzaren zipriztin horietan noraino busti nahi dugun edo noraino nahi dugun hori saihestu, horren aurreko gure jarrerak baldintzatzen du, neurri handi batean, sartu-irten horretatik biziberriturik –gazteturik– edo zaharturik aterako garen.

Gure jarreraren araberakoa da, hortaz, nerabeekiko lana arazo ala opari moduan bizitzea. Niretzat zinez opari ederra da egunero ukan ahal izatea deabrutxo maitagarri hauekiko harremana. Baina, horrela bizi ahal izateko, ezinbestekoa da helduok gure historia psikoafektiboarekin gutxieneko maila batean adiskidetuta egotea, ezinbesteko baldintza eta ezaugarria baita hori haurren eta nerabeen heziketa-prozesuan lagun egin nahi duen edozeinentzat.