Garat Jaun erretora

Baxe Nafarroan, beste leku askotan bezala elizak presentzia handia ukan du. Belaunaldiz belaunaldi fededunen kopurua ainitzez ttipitu bada ere, harrituko zintaizkete ikustea zenbat jende elizara joaiten den oraindik. Zahar eta gazte. Pertsonalki ez dut iñoiz jainko batean sinetsi, nahiz eta ama fededuna izan, eta gogotik pasatzen ditut igande goizak beste edozein eginbeharretan… Ateo bat naiz, unibertsoaren seme…


Gure haurtzaroan aldiz, erabat behartuak izan gira, amaren erabakiz, Armendaritzeko elizkizunak segitzea. Aitak ez zuen nik uste hainbeste sinesten baina kantatzea gustukoa zuen eta bere boz ozena entzunarazten zuen beste guzien artean. Erran beharra dago Armendaritzeko elizan kantari eder asko entzuten zirela garai hartan bederen eta hor sortu zela segurrenik ere, gaur egun kantatzean sentitzen dudan gozamena.

Frantxoa Garat deitzen zen bertako apeza eta onartu behar dut gure familiarekin adiskidetasun berezi bat zuela. Gizon hori, gu bezela, abertzalea zen eta usutan edo frangotan errezebitzen genuen afari on bat egiteko asmoarekin. Gogoan dut oso atsegina zen gizon bat zela eta egia erran aipagai ugari zituztela. 80. hamarkadan ginen eta euskal errefuxiatu asko lagundu izan zituen apeza zen Garat.

 
Gogoan dut Peio deitzen genuen errefuxiatu batek eskaini zigun zurezko taula hura. Hartan, zura erretzen zuen idazteko tresnarekin, Xan eta ene potretak marraztu zituen, bixkienak alegia, ondoan poema ospetsu bat jarri zuela:


Maitatua sobera, nintzelarik haurra

Ez nekien nik zer zen amaren beharra

Bortu batean nonbait naiz bakar bakarra

Amaz orroit orduko heldu zait nigarra


Hortik guttira, gure jaun erretorak garrantzia hartu zuen Euskal xoko huntan eta Ezpeletako apez izendatu zuten. Segitu ginuen ala ere harekin ginuen harreman eta adixkidetasuna. Zenbait hilabete berantago presondegiratuko zuten errefuxiatuak laguntzeagatik eta “kristoren” oihartzuna eragingo zuen arrestatze horrek, nola ez. Eliz gizonak sustengu ugari jaso zituen, Monseigneur Gaillot deituriko frantses eliz gizon ospetsua ere Fleury Mérogis-era hurbildu zitzaion bisitan.


Libratuko zuten zenbait hilabete geroago…