Zer da begizta?

Begizta kontzeptua ezagutzen ez dutenentzat, esan ahal dugu, begizta dela termino bat, informatikariek sortutakoa, sarean dauden hainbat eta hainbat katramilatako bat definitzeko, zeinarentzat ez baitute definizio samurrik aurkitzen. Hori horrela, informatika-programa bat esaten da sartu dela begizta batean, hurrengo egoeraren antzeko zerbait gertatzen denean:

Zuzendariak bere idazkariari deitu eta esan zion:

-Aitziber, Argentinan izan behar dut astebeteko mintegia, eta zu nirekin etortzea nahi dut, nire bazkideak ezagut ditzazun. Egin itzazu bidaia prestaketak, mesedez.

Idazkariak senarrari deitu zion:

-Aizu, Jon. Astebetez, atzerrira egin behar dut bidaia, zuzendariarekin. Beraz, aste horretan bakarrik gelditu beharko duzu etxean, maitea.

Senarrak maitaleari hots zion:

-Leonor, kutuna: etxeko sorginak atzerrira joan behar din astebeterako, hortaz, aste hori elkarrekin emanen dinagu, laztana.

Maitaleak, eskola partikularrak ematen zizkion mutikoari dei egin zion:

-Mattin: heldu den astean ikaragarrizko lana zeukaat… ez etorri eskolak hartzera, mesedez.

Mutikoak aitonari deiadar egin zion:

-Aizu, aitona: heldu den astean ez dut eskola partikularrik izanen, nire andereñoa lanpetuta izanen baita. Beraz, azkenean, astea elkarrekin pasatu ahalko dugu!

Aitonak (istorio honetan zuzendaria denak) idazkariari deitu zion:

-Aitziber, zatoz lasterrean! Uztazu bertan behera bidaia, heldu den astea bilobarekin igaro behar baitut, bada-eta urtebete ikusten ez dudala. Hortaz, ez dugu parte hartuko mintegian. Baliogabetu bidaia eta hotela.

Idazkariak senarrari hots egin zion:

-Jon: zuzendariak, pailazo horrek, ideia aldatu eta berriki bidaia deuseztatu egin du; akabo Argentinarako bidaia!

Senarrak maitaleari dei egin zion:

-Bihotza, barkatu! Ezinen dinagu heldu den astea elkarrekin pasatu, emazte titi-handiaren bidaia ezeztatu egin baitute.

Maitaleak, eskola partikularretako mutikoari egin zion deiadar:

-Mattin: begira, planak aldatu ditiat; aste honetan beti bezala emanen dizkiat eskolak.

Mutikoak, berriz ere deitu zion aitonari:

-Aitona: nire andereño gogaikarri horrek orain esan dit baietz, aste osoan izanen ditudala eskola partikularrak, beti bezala. Barkatu, ezin izanen dizut lagun egin.

Aitonak, berriro ere hots egin zion idazkariari.

-Aitziber: bilobak oraintxe bertan esan dit, aste honetan ezin izanen dela egon nirekin, eskola partikularrak dituelako. Beraz, jarraitu mintegirako bidaiaren prestaketarekin.

Argi eta garbi gelditu al da zer den begizta? Ba, horixe da!