Iparraldeko soldaduak Madrilen

808ko martxoaren 23an, Murat mariskalak, Napoleon enperadorearen izenean, Madril bere agindupean hartu zuen. Apirilaren 27an Espainiako errege-erreginak eta printzeak Baionara eraman zituen Napoleonekin hitz egitera, eta Lapurdiko hirian zegoela, Fernando VII. erregeak Napoleonen anaia zen Jose Bonaparteren izenean utzi zuen koroa. Maiatzaren 1eko gauean, Madrilen gelditzen ziren Espainiako errege etxeko azken senideak jauregitik atera eta Baionarako bidean jarri zituen. Eta hauxe izan zen madrildarren artean sugarra piztu zuen txinparta. Erraz manipulatutako herri xeheko zenbait jende jauregi aurreko plazan bildu eta frantsesen aurka aritu ziren. Maiatzaren 2an, Murat mariskalak plazan bildutakoen aurka egiteko agindu zuen. Inguru historiko horretan kokatzen da orain kontatuko dugun pasadizoa.

Murat Printzea

 

Joachim Murat Frantziako Labastiden sortu zen 1767. urtean eta Napoleonen mariskal edo jeneral hoberenetarikoa izan zen. 1800. urtean Napoleonen Caroline arrebarekin ezkondu zen, horrela printze titulua bereganatu zuelarik. 1808an Espainiara bidali zuten eta Madrileko tropa frantsesen agintaritza bere esku zegoen. Berari egokitu zitzaion maiatzaren 2ko matxinada zanpatzea eta baita ondorengo fusilatzeak burutzea ere. Espainiako koroa lortu nahi omen zuen, baina Napoleonek Jose anaia jarri zuen errege Madrilen eta Murat Napoli eta Siziliako errege-aulkian. 1815ean Calabrian fusilatu zuten.

Murat printzeak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hirurehun mutil hartu zituen bere Ohorezko Guardia (Garde d´Honneur) osatzeko. Maiatzaren 2ko matxinada gertatu zenean, beste tropekin batera Madrileko plazara bidali zituen, eta han zeudela kalapita handiak izan zituzten madrildarrekin. Hirurehun euskal mutil hauetatik gehien-gehienak gerran hil ziren. Gauza da, guardia horretan izandako gazte batek bertan gertatutakoa bertso sail batean kontatu zuela eta horren bidez mutil haien oihartzuna gure gaurko egunetaraino iritsi dela.

Goya margolariak 1808ko maiatzaren 2an Madrilen izandako gertaerez egindako margolan bikaina

 

Bertso sail horren hiruzpalau aldaera ezagutzen ditugu, eta aldaera guztietan ez dira bertso berberak azaltzen. Aldaerak ezagutu nahi dituenak jo beza Jabier Kaltzakortak 2009ko urtarrila/maiatzean dataturiko Karmel aldizkariaren 265. zenbakian plazaratutako artikulu bikainera. Jaso ditzagun orain, aipaturiko bertsoen laguntzaz, historiaren nondik norakoak.

Lehen bertso batean, Iparraldeko mutilak noiz izan ziren armadara deituak aipatzen zaigu:

Martxuaren lehenian Jandoni Leon da,

soldaduen galdia orduian jina da.

Bildu bihar girela guziak zortera,

laurdenak harmekilan gerla egitera.

Beste bertso batean, Ohorezko Guardia osatzen dutenen sorlekuaren berri ematen zaigu, eta baita maiatzeko 2an, plazara bidaliak izan zirela ere:

Maiatzeko hilaren bigarrenian,

errebolta eman daukute Madrilgo hirian.

Hiritikan kasatu nahi ginituzteian,

ederki tronpaturik baitaude ordian.

Lauetan hogoi ginen kasernatik partitu,

bi plazetara ginituzten gero partitu.

Lehenbiziko suia ginuen abiatu,

ikus ahal oro baikintuen garbitu.

Lapurdi, Baxenabarre, Zuberoa heiekin,

gerlara juan behar gira, guziak elgarrekin;

Madrileko plazaraino guziak lerro-lerro;

kantatzen dugularik:”bego frantsesa libro”.

Euskal makilariak

 

 

 

Murat Printzearen Ohorezko Guardia gorriz jantzia zen. Xupa gorria, txapel gorria, mokanesa…. Euskal mutilak plazara sartutakoan, madrildarrek trufa handiren artean hartu eta zezenak zirelakoan toreatu nahi izan zituzten. Horrela, plazan bilduak zirenetako asko su-piztaile aritu ziren euskal mutilei txapelak kenduz, mokanesetatik tiraka, ipurdian ostikadak emanez…

Xupa gorriekin ginenian atera plazara,

burla egiten zaizkigu hasi berehala.

Madrilen uste zuten zezenak ginela,

toleiatzekotzat mokanesekila.

Azkenean, eta bertsoetan ematen den bertsioaren arabera, euskal mutilak, etengabeko probokazioen aitzinean, aspertu eta haserretu egin ziren, eta fusilak aterata, tiro egin zuten horrelakoetan ari ziren madrildarren aurka eta baita horietako aunitz hil ere.

Mokanesak iharrausiz, ipurdiaz jo,

oihu egiten zaukuten: “Tira, tira, karako!”

Tiratu ere baginiotzaten dotzena bi tiro,

on zirenak juan ziren erran gabe adio.

Hala ere, plazan matxinatutakoek harrika segitu zuten.

Ikusi zutenian gure borondatia,

kurutze banarekin jin zaizkigu bia.

Bertziek kapapetik harri ukaldia,

pena duk halakoak bizirik uztea.

Ikusten dugun bezala, frantsesen eta espainolen menpe gaituzten euskaldunok batzuen eta besteen gerretan sarturik ukan gaituzte beti. Eta gerra napoleoniko haietan sufrikario handia jasan behar izan genuen batzuekin eta besteekin. Beraien mapetan ez gara agertzen, ez gara existitzen, baina euskaldunok bertsoaren bidez jakin izan dugu gure ibilbide eta gertaeren berri ematen eta iraunarazten. Hauxe dugu kasu horietako bat.