Oporretan

Iritsi egin zen: lana ahanzteko garaia; birao lehiaketa, heldu den irail arte bada ere, bukatutzat emaiteko unea; gainean (ezen ezaldamenean) zortzi orenez eduki duzuna hiltzeko gogoa iraungitzekoa … Oporraldia, oporraldia iritsi zen, iritsi egin zen. Hamaika hilabeteko odisea amaitu zen. Lantegiko hitzarmenaren berraztertze etengabeak, langile batzuen kalegorriratzeak, gainerakoon baldintzen beheititzeak nahiz gure iritzia eta jarrera bermatzeko grebek azken hilabete hauetan aldartea arras karmindu digute. Astebururoko bi egunek nekez balio izan digute hurrengo astearen itolarriari aitzi egiteko indarra bila genezan. Aste hasteak zinez negargarriak ziren, itogarriak, estresagarriak, suntsigarriak. Lehen orenetan, goikoak oraino iristen ez direlarik, lanaz baizik kezkatzen ez garelarik, giroa jasangarri da, gero etorriko direnek pozoituko dutena baino jasangarriago behintzat…

Baina kontuok, hiru astez gutxienez, akitu dira. Oporretan gaude; aisialdi legeztatuan (bakazioak debekatzen ez diren artean); olgetan ibiltzeko epean; kontuak zuzen, artez eta epe handiz egiteko garaian. Goiti oporrak!

Aurten Galiziarat joaitea xedatu genuen. Aspaldian genuen asmoa urrunxko egonagatik, laket zaizkigu handik datozkigun albisteak, jakiak, edariak; laket telebistan nahiz aldizkarietan ikus ditzakegun iduriak; laket hango eguraldia izan ere hondartza zale izanik ere, beroa ez baitugu gogoko eta bai, aldiz, euria. Areago, ikusteko dagoenari eder iritzi ezean, beti bagenuke izugarri gogoko dugun Asturies alderat hurbiltzeko parada. Aitzakiarik ez, bada, Galiziarat bidaiatzeko.

Eta joan egin ginen. Aldez aitzinetiko uste batzuk erdi ustel suertatu ziren. Bero gaitza pairatu genuen, batzuendako “Euri Herria” den Galizian ez genuen euririk izan han eman genuen aste osoan. Idor zegoen dena, eta sutan. Zinez negargarria da hain herrialde hezea hain lehor ikustea eta, erretzearen ondorioz, beltz-beltzik. Aipatzeko modukoa suhiltzaileen ardura sutean iraungitzeko orduan. Orduan?, ez!, astean!, aste osoa behar baitzuten bidean ikusi genuena itzaltzeko, gaixuak!

Izan genituen, ordea, kontu onak. Zoragarria Miño-Minho erreka nahiz eta haren inguruan ibiltzeko, feiticeiras delakoen beldur, ahoan harri bat eraman behar izan genuen. Are zoragarriago Xallas errekaren itsasoratzea Ézaro izeneko herrian (bai, adiskide, Ézaro eta ez Izaro, Galiziakoan ez omen dute teilarik botatzeko ohiturarik). Naturak zinez leku ederrak zaindu ditu Galizian.

Tokiz toki ibili ginen gure denbora apurrak utzi zigun bitarte zoragarrian. Behin, Santiagotik hurbil, bazkaltzeko orena iritsi zitzaigun eta egungo teknologiari esker, gure telefono “internetdunari” esker, jatetxe on bat aurkitu genuen. Hiritik at, baina hurbilxko, aparkatzeko arazorik gabe, hagitz prezio onean…Bertaraino hurbildu ginelarik, berriz, itxirik zegoen. Hau zorte txarra! Berant zela oharturik, Santiagon berean jatetxe bat erdiestea izan zen hurrengo muga. Berriz telefonoa erabili behar, oraingo honetan jatetxe bat bilatzeko ez ezik, hitzordua eskatzeko ere. Gidatzen ari naizen bitartean bikotekidea jatetxearen arduradun batekin ari da. Helbidea galdetu dio baita iristeko ibilbidetxoa ere. Eskukorik gabekoa ez darabilen arren, tabernariaren ahotsa entzun dezaket, haren galizieraren musikaltasuna, haren hitz jarioa, haren azalpen laster-lasterrak.

-Kokapena eman zidak—neska-lagunak—ea orain hemengo tramankulu honek mapa emaiten didan.

-Gure emakumearen teknologikoa!

GPS delakoak, desbideratze batzuk gorabehera, ongi eraman gaitu jomugaraino. Beribila karrikan aparkatu arren, ordaindu behar izan dugu. Kontxo, Iruñean bezalaxe! Hiru oreneko egonaldia ordaindu dugu.

Taberna ederra da, halako auzo ederrean kokaturik eta, Galiziako bertze anitz tokitan bezalaxe, harriz eginik eta ederki horniturik. O Sendeiro du izena, joan nahi duenarendako hauxe helbidea: Rúa Do Olvido, 22. Santiago. A Coruña.

Karrikako sapatik nehoiz aldenduko ez ginen uste baikenuen, ezuste polita ukan dugu jatetxearen barnerat sartu orduko, paretetako harriek ederki babesten dute taberna Eguzki Anderearen erasoetatik. Jendez mukuru egonagatik, freskotasuna da nagusi lehen jantokian. Lehenetik bigarrenera bitartekoan halako baila dago, beroa gogoko dutenendako, doike. Gu ez gara horietakoak, Eguzkia gogoko dugu, bai, baina otsailean. Bigarren jantokian sartu gara. Zerbitzari bat zaigu hurbildu. Kontu bitxia zeren jantokiko zerbitzari guziak hagitz meharrak dira, gihartsuak, bai, baina meharrak. Ez dakit jatetxeari egin dakiokeen propagandarik onena den, beharbada sekulako diseinua bai, baina plater exkaxak emaiten dizkizuten horietarikoa den jatetxe hau. Menturaz garestia eta ezin ordain daitezkeen platerak eskaintzen dituena. Nork daki!

Gure baitaraino zerbitzari bat etorri da, gizon arina da, bizarduna, ilea motx-motxa duena eta sekulako irria darakusana.

-Ixabel?—galdetu dio neska-lagunari galizieraren doinua daukan bere erdara nahiz bere irri limurtzailearekin—nirekin mintzatu zara berriki. Badut zuendako mahaia prest.

Hemengo zerbitzari oro arin da, ez da harritzekoa gizendu ez izana. Gurea bertze bi mahairen arduradun ere bada, bietako bazkaltiarrekin berbetan dihardu isildu gabe, gaztelera bitxian galizieraren eragin handia baitu. Gainerako zerbitzariekin galiziera hutsean ari da, oraingo honetan doinua ez ezik, hiztegia galizieraduna da, egiazta dezaket ez baitiet ja ere endelegatu. Irri eta eleen artean ari dira, balirudike elkarri xextoka ari direla, ele egiteari utzi gabe platerak zerbitzatzeari ere badeutsote. Hori duk arintasuna, mutilok!

Zerbitzariak karta ekarri digu haren hortz ezinago distiratsuek irria are dotoreago bihurtzen duten bitarte atseginean. Prezioak ongi daude, lekua net xahu dago eta berriki bisitatu ditudan komunetan ere jaten emaiten ahalko lukete. Ez dago zalantzarik, zerbitzariak ez ezik, tabernak ere merezi du.

Bazkari gozoa eman digute, gidatu beharrak gero eta gogokoago daukadan Ribeiro arnoa bazter utzarazi dit. Pena, ederki eta gustura edaten baita hotz-hotzik egun beroetan. Hiruron platerak trukatu ditugu txandaka denetarik dastatzeko, semeak hiru azkenburuko eskatu ditu, adin horretan dena sartzen da, ez dago kolesterolik, ez gehiegizko koiperik, gorputzak dena erretzen du, .

Ondorengo kafeak nahiz solasak bazkal gibela luzatu dute. Neska-laguna kezkaturik dago aparkalekuaren ordainketarekin. Ez dakigu nolakoak izanen diren Santiagoko udaltzainak isunak jartzeko orduan. Telefonoko halako aplikazio berezi batekin ari da zehazki ongi dihardun ez jakinagatik. Zerbitzariari galdetzea onena izanen da.

-Aizu, hemendik nola egin daiteke aparkalekuaren ordainketa telefonoaren bidez?—galde egin dio neska-lagunak telefonoa erakusten dion bitarte ezinago teknologikoan.

-Bai, lehenik eta behin hemen sakatu, gero ondoko honetan, bukatzeko hau zapa eta jar ezazu zenbat sos ordaindu nahi duzun—erantzun eta azaldu dio zerbitzariak liluraturik gauzkan galizieraren doinuaz, ez da harritzekoa hain musika ona egitea Carlos Núñezek, musikaltasuna airean dago.

-Iruñean ez dabil beti, edo ez dakigu ontsaerabiltzen—mintzatu natzaie ea horrela galiziar zerbitzariak neronekin ere egiten duen bere hizkera zoragarrian.

-Iruñean?—jakin-minez galdetu du hain jaki gozoak ekarri dizkigunak—ni Elorriokoa naiz.

Estonaturik laga gaitu, ez da galiziarra galizieraz berba ondo egiten duen arren. Geroztiko elkarrizketa euskaraz egin dugu.

-Elorrixokoa?—nik, Bizkaiko herri zoragarri hartan “Zazpi aldiz elur” ikusi genuenean ikasi nuen bizkaiera apurra erabili nahian—nik uste neban galiziakoazinala. Euskaldun bat Galizian!

-Bai, bixkaitxarra—bere irririk zoragarriena erakusten dueno—baina urte bat emondoteuskiax berba egin barik.

-Entzun zaitugunean uste izan dugu bertakoa zinala, Santiokoa, hain hizkera berexixa, oso azkar berba eginda, areago, zeuen hizkeratik, galizieratik, ez dugu ezertxo ere aditu.

-Urte batzuk emondodaz amen, galizixera ikasi bi da adituko badozu, gainera neure emaztegaia bertokoa da, hau poza neurea!

Bizkaiera hutsean errepikatzen ez dakidan elkarrizketa izan dugu, Ixtebe du grazia, karrera Gasteizen eginik, espezialitatea Galizian egin gura izan zuen. Beharra behar eta ostatu horretan hasi zen lan egiten. Beharrak agintzen du, eta nola! Oraingoz ez daki noiz amaituko duen espezialitatea, ezta zelango etorkizuna edukiko duen tabernea lagaz gero.

Zerbitzaria mahairik mahai dabil plater barriak eroaten edo kontuak egiten. Beti alai, beti pozik. Noiz edo noiz gure mahaira hurbiltzen zaigu (nola ote da hau elorrixoeraz, “urbildutenxaku”?), zerbait esan eta ospa egiten du beste behar batera. Ez da gelditzen, bixi-bixi mugitzen da. Eta beti irribarretsu, arrai. Aspaldian ez ei du Elorrio ikusi. Banago noizbait ikusi ote duen elorrio. Joan gura ei du Elorriora badaki eta, halaxe dio lasaitasunez, ez zaiola elorrio egundo helduko.

Hiria ikusterat joaitea xedatu dugu. Kaleratu behar genuelarik Elorrixoko zerbitzari arin bezain alaia zaigu hurbildu

-Orain hiria bisitatzera, alde zaharra zoragarria dozute—erran digu hagitz euskara ongi ahoskatuan, ulerkuntza erraztu nahiko balu bezalako batuan.

-Ondo pasa, aixkide, xoragarria ixan da euskaraz berba egitea Euskal Herritik kanpo—nik; bizkaieraz saiatu naiz, alfer lana, ordea. Nekez erabiltzen dut ohiko topikoez haratagokorik—badaukazu herrira bihurtzeko asmorik?

-Joan gura dot, bai, ez dakit noix,baina; beharrak agintzen dau.

Bidai osoa ikusteko eta errepikatzeko modukoa izan zen. Gastronomia bikaina, Natura joanari eta jinari kontatzeko erakoa, jendea atsegina… Galiziak merezi du, gure aburuz.