Makinak eskulana kentzen du

Xabier Lete zenaren kantua da Izarren hautsa. Honela hasten da: “Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai”. Esaldi horretan, denboraren elipsi izugarria dago; esan nahi dut Letek poesian egiten diren bihurrikeria horietako bat egin zuela hura idatzi zuenean: unibertsoa noizbait sortu zen, eta hartatik bizia formatu gure lurrean. Ohartu ia-ia ez daitekeela hori baino gehiago laburtu esaldi batean denboraren joana, hain hitz gutxitan. Denbora saltoena maiz egiten da pelikuletan ere. Entzuna nago Stanley Kubrick izeneko zine zuzendari batek egina duela pelikula batean dagoen denbora saltorik handiena. 2001: Espazioko Odisea du izena pelikula horrek (1968). Oso ezaguna da, eta telebistan behin baino gehiagotan eman dute. Hasieran ageri du ditxosozko denbora salto hori: historiaurreko gizaki batek ikasten du hezur batek balio duela arma bezala; gero, hezurra airean tiratzen du, eta, bat-batean, satelite bat agertzen da zeruan, hezurra zegoen tokian. Zine zuzendariak horrekin erakutsi nahi du gizakiaren eta teknologiaren arteko joko bat (Interneten leitu dut teknologiaren hori). Gizaki horrek hezurra ibiltzen ikasten duenean, beste gizaki bat hiltzen du (atakatzen ari da edo defenditzen ari da? Biak ematen du, norbait atakatzen eta territorioa berreskuratzen), eta filmaren akabilan, teknologiak berak hiltzen du gizakia. Jainkozko monolitoa ere azkenean gizakiarena bezalako inteligentzia batek sortua izanen dela pentsarazten du. Gauza asko esaten ditu Kubrickek pelikulan, eta, poesian bezala, zaila edo inposiblea da egile batek esan nahi duen guzia harrapatzea… Nire ustez, berak esan nahi duen gauzetako bat da teknologiak ez duela mugarik. Gure herrian badago makinak eskulana kentzen duela dioen adin handiko pertsona bat. Denak konforme egonen dira izugarri buru argikoa dela. Ematen du teknologiarekin halako borroka bat izan duela bere bizian, uko egin baitio auto bat izateari, tratore bat izateari, motozerra bat izateari, niri iduritzen…