Alopeziaren tratamendua

Gizakiok badugu ile-haztearen abiadura espezifikoa eta ile-lodiera propioa. Ilearen zikloan hiru fase bereizten dira: hazkuntza garaia edo garai anagenoa (ileen %84a gutxi gorabehera), garai katagenoa edo atsedenaldia (%1a) eta garai telogenoa edo askatze garaia (%15a gutxi gorabehera). Hau da, buru-larruazalean beti daude ileak berritzen; ile bakoitzak berezko hazkuntza zikloa du eta nahiz ile batzuk elkarren gertu egon, bakoitzak bere ziklo espezifikoa du.

Garai telogenoan erortzen den ilea luzea eta mardula da, ile horrek hazkuntza prozesua burutu baitu. Aitzitik, gerta daiteke erortzen den ileak besteak baino motzagoak eta meheagoak izatea. Horrek esan nahi du garai anagenoa tupustean eten egin dela (kimioterapian kasu). Beraz, ile motza eta mehea erortzea kezkagarriagoa da ile luzea eta mardula erortzea baino.

Medikamentu batzuen eraginez ilea galtzen da edota ezohiko hazkuntza izaten dute. Era berean, zenbait gaixotasunen ondorioz ilea galtzen da. Halaber, estresak, depresioak, dieta okerrek, ohitura desegokiek eta abarrek ilea kaltetzen dute. Alopezia androgenikoa izateko joera bestalde, heredatu egiten da.

Ilearen osagai nagusiak proteinak dira, beraz, ileak hazkuntza-fasean (fase anagenikoa) proteina asko behar ditu. Keratina eta kolagenoa dira proteinarik garrantzitsuenak. Hala eta guztiz, proteina horien digerigarritasuna oso urria da, eta bere horretan hartzeak ez du arazoa konpontzen. Proteina horien aminoazidoak hartu behar dira: zisteina, lisina, arginina, metionina eta beste.

Bitaminak eta mineralak ere funtsezkoak dira ileari eusteko, baita hazten laguntzeko ere. Bitaminak hidrodisolbagarriak: C bitamina, biotina, piridoxina edo B6 bitamina, azido folikoa, azido pantotenikoa edo B5 bitamina eta inositola. Bitamina lipodisolbagarriak: D bitamina, E bitamina, A bitamina eta karotenoak. Mineralak: selenioa, burdina, zinka, kobrea, magnesioa eta kaltzioa.

Alopezia androgenikoari aurre egiteko badira bi medikamentu: minoxidiloa eta finasterida. Minoxidiloaren soluzioa buru-larruazalean eman baino lehen eta finasterida konprimatuak hartu baino lehen farmazian galdetu behar da. Finasterida eskuratzeko berriz, medikuaren errezeta beharrezkoa da.

Minoxidiloa alopeziaren aurkako medikamentu bat da. Eragin hodi-zabaltzailea du. Ile-folikuluaren inguruko mikrozirkulazioa hobetu ahal du, baita buru-larruazaleko metabolismo androgenikoa aldatu ere. Zenbait pazientetan alopezia androgenikoaren progresioa atzeratzen du. Eragina ez da berdina paziente guztietan. Buru-larruazalean ematen da, ilea lehortuta dagoela, tratatu nahi den lekuan hatz-mamiez zabaldu egiten da.

Finasterida da beste medikamentu alopezia androgenikoa tratatzeko. Testosteronaren analogoa da, 5alfa-reduktasa II inhibitzen du, eta horren ondorioz, dihidrotestosterona-ren (DHT) maila gutxitu. DHTren kontzentrazioa gutxitzearen ondorioz, ileen folikuluen tamaina leheneratzen da eta ileari eusten zaio. Gizonezkoek, alopezia androgenikoaren lehen faseetan hartu ahal dute, ahotik, konprimatuak dira, miligramo bat eguneko. Emakumezkoek eta haurrek ez dute hartu behar. Finasterida 5 mg eguneko hartzen da prostataren hiperplasia onbera tratatzeko.

Pello Iturria Sarasibar