Keak eraman zuena

Bazen behin batean, Kataluniako hiri handi samar batean (Reus, Tarragona), emakume bat, bere arazotxo eta zereginekin, baina, hala eta guztiz ere, nahiko zoriontsu bizi zena. Bere senarrarekin batera, familia ugaria zeukan sortua.

Normala den bezala, seme-alaba haiek handitzen eta independizatzen joan ziren, harik eta senarra eta biak bakarrik gelditu ziren arte.

Denborak aurrera egin zuen bere bidean, eta, hala, zoritxarreko egun batean, senarra ere joan egin zitzaion etxetik, baina hau betiko, ordea. Halaxe bada, emakume hura, une hartatik aurrera bakar-bakarrik gelditu zen bizitokian. Etxe hura, hainbeste pertsona ezagutu zuena -seme-alabak, senarra, bilobak, eta abar- orain isil-isilik eta bakarrik zegoen, etxekoandrearekin soilik. Dagoeneko ez zegoen garai bateko zarata eta zalaparta; dena isiltasun eta bakartasuna zen.

Hala eta guztiz ere, emakume hark, nondik edo handik, indarrak ateratzen zituen bizirik aurrera jarraitzeko. Artean kemena eta ilusioa zeuzkan seme-alabak eta bilobak, etxean goxoki hartzeko asteburu eta jai egunetan. Amonak bere proiektu eta itxaropenak bizirik elikatzen zituen. Orain bilobak handitzen eta garatzen ikusi nahi zituen; haiek ziren bere bizipoz eta alaitasuna; bere adore eta energia.

Baina, denbora joan ahala, gero eta gehiago hasi zen nozitzen eta pairatzen Madrilgo Gobernuko murrizketen ondorio latzak eta hilgarriak. Egun jakin batean, ez zuen nahiko diru izan, elektrizitatean gastatutako faktura ordaintzeko, eta, hori dela-eta, handik gutxira argindarra eten egin zioten, alegia, korronte elektrikoa kendu egin zioten, inork deus ere esan gabe.

Hura zela-eta, gure amonatxoak ez zuen beste erremediorik izan, kandelak erabiltzen hastea baino, etxebizitzan argi eta bero pixka bat edukiko bazuen.

Horrela bada, egunak joan egunak etorri, gure emakume xaharra nola edo hala, nahiko ongi moldatzen zen. Baina, gau madarikatu batean, azken bilobarentzat artilezko oinetakoak egiten ari zen bitartean, kandelen argi apal haren aurrean, bera konturatu orduko, kandela batetik su hartu zuen oihalen batek.

Emakumea ohartu bezain azkar, lana utzi eta, larri eta estu jaikitzen hasi zen; ongi kostata lortu zuen altxatzea, urte dezente baitzeuzkan, 81 zehazki esanda. Baina, larrimin eta herstura hartan, nahi gabe, lurreko tapizarekin behaztopatu eta lurrera erori zen; jarrera txarrean gelditu zen gainera. Gauzak horrela, amonatxoak ez zuen modurik izan jaikitzeko. Aida batean, bere etorkizun izugarria, aterabide gabekoa eta iluna aurreikusi zuen. Jarraian, segituan ke beltzaren atzaparkada urragarriak hasi zen sentitzen begi, sudur eta eztarrian, gas itogarri eta jasanezin hark emakumeak emandako azken arnasa ezkutatu zuen arte.

Geroago, noski, hiriko agintariek zera adierazi zuten, elektrizitate konpaniak argindarra eten baino lehen, udalekoei jakinarazi behar ziela bere asmoa, baina konpainiak ez zuen horrela egin. Udalak ere honako hauxe jakinarazi zuen, alegia, jakin izan balu emakumeari korronte elektrikoa kendu behar ziotela, udalak berak ordainduko zuela xaharraren gastua, gizarte demokratiko batean ez dagoelako eskubiderik, bakarrik bizi den pertsona zahar bat horrela tratatzeko.

Elektrizitate konpainiak, agian bere errua aitortu eta ordainduko du, baina berandu. Nork itzuliko dio bizia gure zorigaiztoko protagonistari? Inork ez. Ke beltz lazgarriak, segundo gutxi batzuetan, emakume xaharraren itxaropen, ilusio, bizipoz eta proiektu guztiak ito eta desagerrarazi baitzituen betiko, inolako errukirik gabe, une anker eta krudel haietan.

Eta hola bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Reusko plazan.