Gaztainondoak

Erromatarrek gaztainondoa Europa osora zabaldu zuten haren fruitua populazio zein tropentzako oso elikagai garrantzitsua baitzen, baita haren zura ere. Hala ere, historiaurreko aztarnategietako indusketek frogatzen dute gaztainondoa Europan bazegoela Tertziarioren bukaeratik. Jatorria non duen zehaztea ordea zaila da. Zientzialari askok Balkanetan, Asia Txikian eta Kaukason kokatzen dute.

Gaztainondoa (Castanea Sativa) 20-35 m-ko garaiera eta 2 m-ko diametro enborra edukitzera irits daitekeen zuhaitza da. Hosto erorkorrak (kaduzifolioa), sinpleak, txandakatuak, zerradunak, oblongo-lantza itxurakoak, berdeak hasieran eta horiak udazkenean. Zuhaitzak lore ar eta emeak ditu (monoikoa), 10-20 zentimetroko gerbetan daude: lore arrak gerbaren goiko aldean sortzen dira, eta emeak behe aldean. Udazkenerako lore emeek 3-7 hazi gordetzen dituzten kupula (morkotsa, lakatza) arantzatsu berdeak sortzen dituzte. Zurtoina lodia, zuzena eta laburra, grisaxka gazte denean eta gaztaina-kolorekoa gero. Azala oso pitzatua du.

Leku laiotzekoa, euria sarri egiten duen tokikoa, herrialde askotan bezala, Euskal Herrian ere mendeetan zehar gaztaina funtsezko elikagaia izan da, babarrunak, artoa eta babak izan diren bezalaxe. Kontuan izan behar dugu XVII. mendera arte artoa ez zen ezagutzen Euskal Herrian, ezta gariaren irina ere. Patataren laborantza Euskal Herrian, 1760 inguruan hasi zen, eta Independentzia Gerran, 1808-1814an, zabaldu eta indartu zen, Araban batez ere.

Gaztaina karbono-hidratotan oso aberatsa da. Oro har, arbendola, hurritza edo intxaurrak baino bi aldiz karbohidrato gehiago ditu, hogei aldiz lipido gutxiago eta bost aldiz proteina gutxiago. Potasioa, kaltzioa, magnesioa, kobrea, C eta B konplexuko bitaminak ere baditu.

Gaztainaren bilketa irailatik azarora bitartean egiten da, lurrera eroritako morkotsak bilduz eta zuhaitzak makil luzeekin astinduz. Fruitua soilik nahiz morkots eta guzti zurezko matxardak erabiliz biltzen dira. Kontserbazio modu desberdinak erabili izan dira Euskal Herrian, esaterako, lurrean zuloa egin eta bertan morkotsa kendu ondoren lurperatu eta zuloa itxi, baita modu berean baina treskatan. Beste modu bat, harriz egindako eskortatan (erizerak), morkotsak eta guzti, adarrez eta hostoz estaliak. Baita etxoletan ere, morkotsen barruan gaztainak gordeta.

Euskal Herriko herri-medikuntzan ez da gehiegi aipatzen. Hala ere, hostoen infusioa aho mukosaren hanturaren aurka (gargarak), espektoratzaile moduan eta eztularen aurka erabiltzen da. Era berean, hostoen infusioa eta azalaren egosketa, taninoen eragin idorgarria dela eta, beherakoen aurka erabiltzen dira.

Zurgintzan egun zoritxarrez gutxi erabiltzen da. Teilatu hegalak eta antzeko gauzak egiteko metro bateko piezak erabiltzen dira. Duela 30-40 urte, berriz, altzari asko gaztainondo zein intxaurrondoarez zurez egiten ziren. Gaztainondoaren zura haritzarena bezain estimatua eta garestia zen, biguna eta lantzen erraza. Euskal Herrian, 30 urte baino gehiago dituzten altzari asko gaztainondoaren zurezkoak dira. Saskigintzan ere erabiltzen da. Artisau trebeak ditugu Euskal Herrian.

Tinta eta txankro onddoen eraginez makina bat gaztainadi galdu dira, batez ere, XX mendeko azken bi hamarkadetan. Tintak gaztainondoen sustraiei erasotzen die eta zuhaitza lehortu egiten da. Txankroak berriz adarrei erasotzen die. Zoritxarrez, duela gutxi, beste etsai bat sortu zaie gaztainondoei, intsektu bat, Drycosmus kuriphilus izenekoa.

Pello Iturria Sarasibar