ELIKAGAIEKIKO ALERGIAK ETA INTOLERANTZIAK

2015ean, elikagaiekiko anafilaxiari eta alergiari buruzko kanpaina bat egin zen Europan. Antolatzaileak European Academy of Allergy and Clinical Immunology, Pharmaceutical Group of European Union eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak izan ziren.

Kanpainan, besteak beste, esaten zen elikagaiekiko alergiaren maiztasuna azkar handitzen ari dela (Europako biztanleriaren %17ak horietako alergiaren bat jasan lezake), eta maiztasuna haurrengan handiagoa dela (20 haurretik batek elikagaiekiko alergiaren bat izan lezake).

Elikagaiekiko alergiarik ohikoenak Europan, behi-esnearekin, arrautzekin, gariarekin, sojarekin, fruitu lehorrekin, arrainekin eta itsaskiekin erlazionatuta daude. Alergia horiek anafilaxi larria eragiteko arriskua dela eta, neurriak hartu behar dira, heriotza ere gerta baitaiteke. Zorionez, diagnostiko goiztiarrek eta tratamenduek gertakari larri horietatik babesten dute, baita pazienteen bizi-kalitatea hobetu ere.

Anafilaxia dela eta, 300 europarretik batek, bizitzaren uneren batean, anafilaxia pairatzen duela esaten zen. Halaber, jakinarazten zen Europako eskola gehienetan badagoela gutxienez haur bat elikagaiekiko alergiengatik anafilaxia jasatzeko arriskua duena. Bestetik, azken hamar urteotan erreakzio alergiko larriek eragindako ospitalizazio-kasuak zazpi aldiz handiagotu direla esaten zen. Anafilaxia elikagaiek eragindako oso erreakzio alergiko larria da, baita intsektuen ziztadek, zenbait medikamentuk edota latexak ere anafilaxia eragin ahal dute. Garaiz tratatzen ez bada heriotza eragin dezake. Adrenalinak, azkar injektatuta, bizia salbatu ahal du. Anafilaxiari aurre egiteko protokoloek eta immunoterapia alergeno-espezifikoak geroko erreakzio-arriskuak gutxitzen dituzte.

Alergia kasuetan, organismoaren sistema immuneak janariaren konposatu proteiko (alergenoa) bati aurre egiten dio. Alergenoarekiko lehen kontaktuan organismoak alergeno horren aurkako antigorputzak sortzen ditu (E motako immunoglobulina). Alergenoarekiko bigarren esposizioan, antigorputz horiek eta beste konposatuak (histamina, besteak beste) askatzen dira. Histaminak arnasketako, bihotz-hodietako, dermiseko edota urdail-hesteetako arazoak eragiten ditu.

Alergiaz gainera, elikagaiekiko intolerantziak badira, zeinetan organismoak ezin duen elikagaia digeritu edo xurgatu. Sistema immunologikoak ez du zerikusirik intolerantziekin. Digestio edota elikagaien metabolismoen asaldu horiek jatorri genetikoak izan ahal dira, edota urteak igaro ahala, azaldu ahal dira. Laktosarekiko intolerantzia da kasu ezagunenetako bat.

Laktosarekiko intolerantzia duten gizakiek ez dute behar beste laktasa entzima. Hori dela eta ezin dute laktosa metabolizatu eta digeritu, eta horren ondorioz, urdail-hesteetako sintoma klinikoak azaltzen dira: flatulentzia eta hantura-sentsazioa esaterako, eta kasuak larriagoak badira, beherakoak eta okadak pairatu ahal dira. Merkatuan badira laktasa duten produktuak: konprimatuak, kapsulak, hautsak eta soluzioak.

Farmazialariok paziente horiei askotan medikuarengana edota nutrizioko espezialistarengana joatea gomendatzen diegu. Aditu horiek elikagai kaltegarririk gabeko dieta orekatuak hartzeko aginduko die. Kontua da, askotan, ez dela erraza jakitea zeintzuk diren ditxosozko produktu horiek.

Pello Iturria Sarasibar