MANEX ETA KASKABELTZ HANDIA

Eguberrietako egun batean, Manex bihurritxoa, baserrian barna zebilen goizerdi aldean. Oporretan zegoen eta bere zorionerako, momentu hartan ere, gogotik gustatzen zitzaion gauza bat gertatzen ari zen: elurra mara-mara ari zuen, berari atsegin zitzaion bezala.

Dagoeneko baziren zenbait egun, elurra egin eta egin ari zuela. Ordurako baserriko inguruek elur-geruza polita zuten. Gauetan izotz handiak egiten zituen eta kanpoko animaliak larritzen eta estutzen hasiak ziren, janaririk ez zutelako aurkitzen.

Hori zela eta, Manex berehalaxe ohartu zen, etxeko hormen ondora hegazti asko hurbiltzen zirela babes eta jaki bila, esate baterako, zozoak, karnabak, kaskabeltzak, txantxangorriak, txepetxak, hormatxoriak, eta abar. Eta, jakina, Manex mutiko mugitu eta bizia izanik, berehalaxe bururatu zitzaion okerkeria bat egitea.

Bazekien ganbaran, nonbait, beste traste askoren artean, kaiola zahar bat zegoela, eta hartaz gogoratu zen aida batean. Zer bururatuko eta txoriren bat harrapatzen saiatzea!

Horretarako, ganbarara igo, kaiola zaharra bilatu eta aurkitu ondoren, zer trikimailu egin behar ote zuen pentsatzen hasi zen. Kaiola, zapata-kutxa baten tankerakoa zen, baina, handixeagoa. Manex segituan konturatu zen kaiolak bi ate txiki zituela, eta hortik berehala etorri zitzaion ideia interesgarri bat burura, alegia, kaiola leiho batean jarri, barruan ogi pixka bat daukala. Baina, hemen heldu da Manexen makurkeria, kaiola leihoan paratu bai, baina kanpo aldera ematen zuen atetxoa itxita utzi zuen, eta, barru aldera jotzen zuena, ordea, irekita.

Leihoa itxi eta Manex logela barruan gelditu zen lasai-lasai, zain, ikusteko ea zer jazotzen zen; mutikoa bere saltsan zegoen. Handik ez denbora luzera, kaskabeltz handi bat agertu zen leihoan, zuhurtasunez, ogiak erakarrita. Txoria kontu eta arreta handiz ibili zen, dena arakatu eta zelatatzen, bere neurriak hartzen, baina, azkenean, goseak menperatuta, txoriak ezin izan zion eutsi barrura sartzeko tentazio eta premiari. Presaka, jaten hasi zen ahal zuen guztia, urdaila ahalik eta gehiena bete, indarra berreskuratzeko eta arrisku hartatik albait lasterren ihes egin bere burua salbatzeko.

Baina, hara! Une hartantxe bertan ez zitzaion agertu bada Manex leiho erdian? Kaskabeltzak, izu-ikarak hartuta, ihesari eman zion aida batean, kanpo alderantz, baina kaiolako ate hura itxita zegoen eta ezin inola ere kalera joan. Mutikoak, ziztu bizian itxi zion barnealdekoa, eta horrelaxe harrapatu zuen kaskabeltz handi hura. Poz-pozik, etxe barrura eraman zuen Manexek kaiola txoriarekin. Sukaldean, ura eta janari gehiago jarri zizkion, hegaztia gustura senti zedin bere etxe berrian, baina txoria erotu beharrean zebilen kaiola barruan, izu-laborriak hartuta, mokoarekin burdin harien kontra behin eta berriz joz, indar handiz, ihes egin nahian, baina lortzen zuen gauza bakarra, moko alboetan zauriak egitea eta odoljarioa sortzea zen.

Horrelaxe jarraitu zuen kaskabeltz errukarriak egun osoan zehar, kolpeka itsututa, atsedenik hartu gabe, sukaldean ikusteko argitasuna egon zen bitartean.

Manex, oheratzeko garaian, alde batetik, pozik zegoen, egun hartan eskuratu zuelako hain gogokoa zuen txori haietako bat, baina, bestetik, ez zegoen batere lasai eta konbentzituta, kaskabeltz gaixoaren portaera eta jokabide erogarria ikusita.

Biharamunean ere, eguna argitu bezain azkar, zoritxarreko txoria esnatu eta, bezperan bezalaxe, jo eta su hasi zen kaiolako burdin hariak jotzen bere buruaren, hanka egiteko helburu. Ez zuen etsitzen. Moko ondoko zauriak ireki eta handitu egin zitzaizkion. Odoljarioa gero eta larriagoa zen. Horrela eman zuen bigarren egun santu osoa ere, Manexen begiradapean, jateko eta edateko betarik hartu gabe, harik eta gauerako, kaiolako txoko batean, guztiz ahuldu eta abailduta gelditu zen arte. Manexek ez zekien ongi zer pentsatu, baina bigarren gauean ere zeharo kezkatuta oheratu zen.

Hurrengo goizean, Manex gizagaixoaren atsekabea, zoritxarra eta negarraldia, kaskabeltz handia kaiola barruan hankaz gora, hilda ikusi zuenean! Ez zegoen hura inork kontsolatzerik. Goiz osoa erabat erretxinduta eta zapuztuta pasatu zuen, malkoak bukatu zitzaizkion arte. Seguru asko, gertaera hartatik ondorioren bat aterako zuen.