MANEX ETA KARNABA

Manexek, kaskabeltz handiarekin halako atsekabea igaro eta gero, trago txar hura ahalik eta azkarrena gainditzeko, erabaki zuen hoberena zela, berehalaxe beste saialdiren bat egitea. Biharamunean bertan, segituan erreparatu zien karnaba batzuei. Izan ere, halako txoriak, etxe ondoko horma batera ari ziren behin eta berriz hurbiltzen, landare batzuen haziak jateko. Manexi ez zitzaion inola ere pasatu xehetasun bat, alegia, landare hazidun haiek ukuiluko atetik hurbil samar zeudela, eta hori horrela, buruko makineria berehalaxe jarri zuen martxan.

Oso denbora gutxiren buruan, gogoratu zuen pertsona heldu batzuei entzundako kontu bat, hau da, galbahea erabili ahal zela txoriak harrapatzeko, eta berehalaxe oroitu zen haren teknikaz.

Ziztu bizian ukuilura jaitsi, pixka batean bilatzen aritu eta, zorioneko galbahea segidan aurkitu zuen. Garbitu eta txukundu ondoren, orduan bi gauza behar zituen mekanismoa behar bezala martxan jartzeko: lokarri luzetxo bat eta makila txiki bat. Manex azkar mugitu zen etxean barna, ukuiluan, etxebizitzan eta ganbaran. Azkenean, denbora gutxian, dena prest zeukan.

Botak jantzi, berokia soinean sartu eta gerturik zegoen kalera joateko. Kanpoan hotz zegoen eta elurra lodi. Hoztu gabe eta ahal izan zuen modurik bizkorrenean, dena jarririk utzi zuen aida batean: landare hazidunen gainean, galbahea, alde bat lurrean bermatuta eta bestea makilatxo motzaren gainean, hau zutik zegoela. Galbahea lurrera erortzen zenerako, ongi kalkulatu zuen zirrikiturik ez gelditzeko, txoriek ez zezaten ihes egin. Gero, sokatxoa makilari ongi lotu eta ukuiluko leihatilaraino luzatu zuen delako lokarria. Ukuilu barruan jarri, leihatilaren atzean, eta txoriak noiz etorriko zain gelditu zen. Handik denbora gutxira, karnaba batzuk hasi ziren hurbiltzen landare hazidunetara, errezelo pixka batekin, hori bai, baina, hala ere, galbaheari ez zioten aparteko garrantzirik eman eta berehala ekin zioten lanari, hau da, galbahe azpira sartu, landareen gainean pausatu eta haziak jaten hasi. Manexek gorputza pixka bat urduri sumatu zuen, baina, hala ere, lortu zuen bere burua hotz mantentzea, harik eta momenturik egokiena iritsi zen arte. Halako batean, hiru karnaba ikusi zituen galbahearen azpian: bat erdi aldean eta beste biak bazterretan. Orduan zela unerik hoberena erabakita, zapla! tenkatu zuen soka. Galbahea istantean erori zen elur gainera. Manex, ukuilutik atera eta ziztu bizian joan zen ikustera zer gertatu zen tresna azpian. Karnaba bat barruan zegoen harrapatuta; urduri eta oso izututa, jirabiraka hegaldatu nahian. Bazterretako beste biek, ordea, lortu zuten ihes egitea.

Manexek, kontu oso handiz, eskua bahe azpian sartu eta berehala lortu zuen txori gaixoa harrapatzea. Pozaren pozez eta lasterka, berriz ere kaiolaren bila joan zen txori eta guzti, animalia txikitxo hura hantxe sartzeko. Kaiolan sartu ondoren, eta aurreko egunetako akats berbera ez errepikatzeagatik, erabaki zuena zera izan zen, kaiola etxeko gela ilun batean jartzea, horrela, txoria argirik gabe, iluntasunean, lasaiago egonen zelakoan, mokoka eta kolpeka aritu gabe.

Gauzak horrela, kaskabeltz handiarekin egin zuen bezalaxe, aurkitu ahal izan zuen janaria eta ura kaiola barruan paratu, eta traste gela ilunera eraman zuen; hantxe kokatu zuen kaiola karnabarekin. Manexek arreta eta jakin-min handiz jarraitu zuen txori izutiaren bilakaera. Ilunpetan, hegazti txikia isil-gordeka gelditu zen, kolpe txarrik hartu gabe. Horrela eduki zuen egun eta gau osoan, biharamun arte.

Eguna argitu zuen bezain azkar, mutikoa irrikaz eta aldi berean kezkaz joan zen gela ilunera, bere gatibua ikustea. Une hartan geldi-geldirik eta isilik zegoen, baina argia piztu bezain laster, kaskabeltza bezala hasi zen, izu-laborri kolpeka, ihes egin nahian, eta horrexegatik, zegoen bezalaxe utzi zuen berriz ere traste gelan, egun osoan zehar, ea noizbait etsi eta lasaitzen hasten ote zen. Baina, Manexen zoritxarrerako, bigarren egunsentian karnaba oso makal eta itxura txarrarekin agertu zen; eguerdirako bizitzeari utzi zion, gose, egarri eta ahuleriaren ondorioz.

Manexek berriro ere berebiziko zaputza harrapatu zuen; muzindurik gelditu zen. Auskalo zein pentsamendutan murgilduta geratu ote zen!