MANEX LIKAREKIN

Manexek, kaskabeltz handiarekin lehendabizi eta karnabarekin ondoren, izan zituen porrot garratzen zaporeak dastatu eta gero, bolada luzetxo batez alde batera utzi zituen txoriak harrapatzeko gogoa eta grina, baina udaberriaren etorrerarekin batera, berriz ere, aida batean piztu zitzaion ideia horixe bera, bere buru geldigaitzean. Izan ere, udaberrian sartzearekin batera, baserri inguruko euntze gehienak hori-horiak jarri ziren, txikori belarren loreen eraginez.

Lore haien haziak, karnabek arrunt gustura jaten dituzte, eta arrazoi horrexegatik, Manexen baserriaren ondoko belardietan, berehala hasi ziren karnaba multzoak agertzen, gustura, jaki goxo hura gozamenez jateko. Baina manex ez zegoen lo, eta hura ikusita, burura aida batean etorri zitzaion likaren ideia. Izan ere, pertsona helduei aspaldian entzuna zien, bazegoela lika izeneko produktu artifizial bat, oso itsaskorra, eta txoriak harrapatzeko zeharo baliagarria zena.

Horiek horrela, egun gutxiren buruan, norbaiten bitartez lika eskuratu, eta mutikoa segituan hasi zen bere kalkuluak egiten; Manex horretan oso trebea zen. Azkenean, hauxe da egitea erabaki zuena: txikori belar loreen artean, bi makilatxo lurrean sartu, bertikalean, eta gainean beste bat horizontalean jarri, futbol atea edota langa balitz bezala. Horizontalean gelditu zen makilatxoa, likaz oso ongi igurtzi eta hornitu zuen, eta jarraian, bere burua urrutiratu eta pixka bat ezkutatzea baino ez zitzaion gelditzen.

Minutu gutxi batzuk igarotakoan, lehen karnaba taldetxoak hasi ziren iristen. Manex urduri eta irrikan jarri zen. Erne-erne begiratzen zion gertatzen zen guztiari. Txoritxo batzuk, poliki-poliki eta konfiantza osoz, inguratzen ari ziren Manexek jarritako tranpara. Halako batean, karnaba xalo bat, Manexen tresnatxoaren gainean pausatu zen. Ihes egiten saiatu zen, baina hegoak zenbat eta gehiago mugitu, orduan eta gehiago nahasten zitzaizkion lika malapartatuarekin. Manex, karnaba erabat geldiarazita zegoela ikusi bezain azkar, bere ezkutalekutik tximista moduan atera, animaliatxoarengana joan, kontu handiz hartu eta segituan etxera joan zen, txoritxoa kaiolan sartzeko.

Aurreko bi kasuetako akats berberak ez errepikatzeagatik, alegia, lehendabizi kaskabeltz handiarekin eta gero galbahean harrapatutako karnabarekin, hauxe da Manex burutsuak egin zuena: kaiola barruan, ontzitxo batean janaria jarri eta bestetxo batean ura. Jarraian, presondegi osoa arropa zahar batekin estali zion hegaztiari, kanpoko aldea ikusi gabe, lasaiago egon zedin, baina, aldi berean, argitasun pixka bat utzi zion, janari-edaria ikusi eta hartu ahal zezan, behar zuenean.

Baina, oraingo honetan ere kukuak makur jo zion mutikoari, izan ere, eta berriz ere, txori haren asmo eta gogo bakarra espetxe hartatik ihes egitea baitzen. Janaria eta ura bost axola; haiek zeharo ahaztuak zeuzkan momentu haietan, eta ez zien batere erreparatzen. Kaskabeltzaren kasuan bezalaxe, kartzelaren alde batetik bestera hasi zen mugitzen eten gabe, handik hanka egiteko zirrituaren bila, baina zirrikitua ez zuen inon ere topatzen.

Karnaba gaixoak bitartean, laztura eta izu-ikara itzel haietan, lumaje osoa behin eta berriz bustitzen zuen, Manexek edateko jarri zion edontziaren urarekin, eta horrela, egun pare baten ondoren, hotzeria hartuta, nekeak abailduta eta goseak jota, azkenean, txoritxoa gorpu bihurtu zen.

Gure mutikoa, berriro ere, jota eta porru eginda gelditu zen. Inola ere ezin zuen lortu bere helburua. Deabruaren madarikazioren bat zeukala ematen zuen. Berriz ere, haserre, negarti eta goibel gelditu behar izan zuen, beste aukera hoberen baten zain.

Xanti Begiristain Madotz.

Auritz, 2017-05-01.