JARDUERA FISIKOAN NUTRIZIO-HEZKUNTZA FARMAZIATIK

Farmazialariak zuzenduriko Nutrizio-Hezkuntza Egitasmoaren baitan (Plenufar 6, Plan de Educación Nutricional por el Farmacéutico), 104 farmazia nafarrak (4.500 Estatuan) kanpaina berri batean parte hartzen ari gara. Kanpainaren goiburua “Jarduera Fisikoan Nutrizio-Hezkuntza” da. Apirilaren 3an hasi zen eta ekainaren 15ean bukatuko da.

Farmazialari parte-hartzaileok jarduera fisikoaren garrantzia azpimarratzen ari gara, bai osasunari eusteko, baita gaixotasunak prebenitzeko eta kontrolatzeko ere. Era berean, jarduera fisikoan nutrizio ohitura gomendagarriez mintzatzen ari gara kanpainan.

Gelditasun fisikoa zio guztietatik hilkortasuneko laugarren arrisku faktorea da. Hauexek dira hiltzeko arrisku faktorerik garrantzitsuenak (0-8 heriotza urteko, milioitan): tentsio arterial altua, 7,5; tabakoaren kontsumoa, 5,1; glukosa maila altua odolean, 3,4; sedentarismoa, 3,2; gainpisua eta obesitatea, 2,6; kolesterol maila altua odolean, 2,6; sexu-transmisioko gaixotasunak, 2,4; alkoholaren kontsumoa, 2,3; gaztaroko malnutrizioa, 2,2; kutxadura (erregai solidoak), 2,0.

Jarduera fisikoak hiltzeko arriskua gutxitzen du. Ariketa fisikoa egiten bada, heriotza-tasa gutxitzen da. Arriskua %39ra jaitsi ahal da. Horretarako, 420-700 minutu asteko ibili behar da (15 minutu kilometroko) edo 135-240 minutu asteko lasterka egin (6,5 minutu kilometroko).

Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioak jarraian aipatzen ditugun jarduera fisikoaren, sedentarismoaren eta pantaila-denboraren gaineko gomendioak eman zituen, 2015ean.

Ibiltzen ez diren umeek, ariketa fisikoa askotan, edozein intentsitatekoak, egin behar dute. Sedentarismoari aurre egiteko, aulkian edo haur-kotxean eserita, ordu bete baino gutxiago egon behar dute.

Bost urte baino gutxiago dituzten haurrek, ariketa fisikoa 180 minutu eguneko gutxienez, edozein intentsitatekoak, egin behar dute. Sedentarismoari aurre egiteko, aulkian edo haur-kotxean eserita, ordu bete baino gutxiago egon behar dute. Pantailekiko esposizioa (telebista, ordenagailua etab.), berriz, ordu bete baino gutxiago eguneko izan behar da.

5-17 urte bitartekoek, ariketa fisikoa 60 minutu eguneko gutxienez, ertaineko intentsitatekoak eta intentsitate handikoak egin behar dute. Sedentarismoari aurre egiteko, aisialdietan ariketa fisikoa egin behar dute (ikastetxera oinez edo txirringaz joan, esaterako). Pantailekiko esposizioa jolaserako, bi ordu eguneko gehienez, izan behar da.

Gizaki helduek, ariketa fisikoa 150 minutu asteko gutxienez, ertaineko intentsitatekoak edo 75 minutu asteko intentsitate handikoak egin behar dute. Sedentarismoari aurre egiteko, ez egon eserita ordu bete baino gehiago, jaiki bainura, kafe bat hartzera, inprimagailura, baita aisialdietan ariketa fisikoa egin ere. Pantailekiko esposizioa, berriz, ahalik eta denbora gutxien izan behar da.

Ariketa fisikoa egiteak gaixotasun kronikoak, obesitatea eta gaixotasun kardiobaskularrak saihesten ditu. Funtzio kognitiboa eta bizi-kalitatea hobetzen ditu. Zahartze osasungarria izatera eramaten du. Hurrengo idazkian jarraituko dugu.

Pello Iturria Sarasibar