Joanikot kapitaina Altzai-Lakarriko pastoralean

Joan edo Joanikot Arberoako baxenafarra zen, Nafarroako Erresumako militarra, kapitain graduaziokoa, eta politikoki beaumondarren bandoan kokaturik zena. Oztako Maiarekin ezkondua zen eta Zangozako merindadeko Tebas herrian bizi ziren.

XVI. mendea arras nahasia izan zen Nafarroako Erresumarako, eta agaramontarren eta beaumondarren arteko gerlak eta liskarrak etengabeak izan ziren. Beaumondarrek ez zuten Albretarren agintea gogoz onartzen, eta beraz, haien aldeko aldaketa bat atzeman nahian, 1512an gaztelar eta aragoitarren armadarekin bat egin zuten. Ez zuten inoiz pentsatu arrotzak gelditzeko etorriak zirenik, haien faboreko aldaketa bat egiteko baizik.

Horregatik, Joanikot Arberoakoa beaumondarrekin batera borrokatu zen Katalina erreginaren armadaren aurka, eskuz esku inbaditzaileekin batera. Katalina Foixeko eta Joan Albreteko erregina-erregeek Iruñetik alde egin behar izan zuten, Nafarroa Beherera hasieran, eta Biarnora gero. Nafarroa armada eta gobernatzaile arrotzen menpean geratu zelarik, Joanikot Tebasera itzuli zen emaztearekin batera.

1516an, Nafarroako errege-erreginak Nafarroa askatzeko saioa egin zuten. Ordurako denek garbi zeukaten, baita beaumondarrek ere, hura inbasio bat zela eta gaztelarrek ez zutela inolako asmorik erresumatik alde egiteko eta gobernua beaumondarren eskuetan uzteko. Horregatik beaumondar anitz gerlan parte hartu gabe gelditu ziren, horien artean, Joanikot kapitaina. Saioak porrot egin zuen, eta espainiarren mendekua ikaragarria izan zen: atxiloketak, torturak, hilketak, etxe eta ondasunen ebastea… Beaumondar batzuek agaramontarrekin bat egin zuten, eta 1521ean, Katalina eta Joanen seme zen Henrike IIak Nafarroa askatzeko antolatu zuen saioan parte hartu zuten, baita Joanikot kapitainak ere.

joani1

Trajeriaren hasiera

1521eko maiatzaren 9an, Asparrots jeneralaren agindupeko armada nafar-frantsesa Aturri ibaia zeharkatuz Nafarroa Beherera sartu zen. Osora 12.000 soldaduz osaturiko armada zen. Maiatzaren 13an Garaziko zitadelan gotorturiko espainiarrak errenditu ziren. Maiatzaren 16an iruindarrak altxatu ziren eta espainiarren armarri eta banderak lokatzetan arrastaka paseatu zituzten. Nafarren aholkuei muzin eginez, frantses tropek Logroñora jo zuten eta hor espainiarrek sekulako zafraldia eman zieten. Hortik gibelera eginez, Nafarroako Erresumara itzuli ziren, espainiar armada izugarri handia gibeletik zekartela. 1521eko ekainaren 30ean Nafarroako armada eta frantses aliatuak alde batetik eta Espainiako armada bestetik, arrez aurre aritu ziren Noainen, izugarrizko gatazka odoltsuan. Hango zelaiak hildakoz beterik geratu ziren eta garai hartan Europan boteretsuen zen espainiar armadak Nafarroa osoa birkonkistatzeari ekin zion sekulako krudelkeriaz, gizonak torturatuz eta erailez, etxeak eta soroak errez, emakumeak bortxatuz, etxeak hustuz eta ebatsiz…

Joanikot, Garaziko gazteluko alkaide izendaturik, gotorlekuaren defentsarako prestatu zen. Espainiarrek kanoien indarraz gaztelua hartu zuten, nafarren artean 300 bat hildako eraginez, eta Joan kapitaina preso harturik Iruñera eraman zuten. Han sasi-epaiketa batean heriotza-zigorra eman zioten. 1522ko uztailaren 26an Iruñeko karriketatik barna eraman zuten arrastaka era guztietako umilazioak eginez, eta gero urkatu zuten. Ondoren gorpua aizkorakadez laurdenkatu zuten. Burua urkamendiko pikan ezarri zuten erakusgai eta gorputzaren zatiak Iruñeko lau ate nagusietan. Espainiarrek horrela ospatu zuten inbasioaren garaipena.

joani2

Cisneros apezpiku espainiarra beste arizaleen artean.

Joana Etxartek idatziriko pastoral hau izugarri ederra iruditu zait, hautatu duen gaia, idatziz eman digun mezua, bi historien uztartzea (Nafarroako konkista eta Joanikoten eta Maiaren arteko maitasuna), ideiak eta gogoetak azaltzeko erakutsitako sentsibilitate handia, narrazioaren ildoak zuzen eta artez eramateko erabili duen luma trebea, … dena zoragarri egin zait eta bihotzean ongi barneratu. Horretaz gain, arizaleen lana egin behar dut laudatu, izugarrizko lan ederra eskaini baitigute Jean Pierra Rekalt errejentaren zuzendaritzapean. Eta zer erranik ez, Erramunek eta gainerako jostunek egindako jantzi ederrez, XVI. mendean murgiltzeko guztiz egokiak izan direnak.

Niri, gipuzkoar gisa, pastoral honek hainbat gogoeta sortarazi dizkit. Hamabosgarren jelkaldian Loiolako Iñaki azaltzen da, espainiarrekin batera, Nafarroa konkistatu nahian. Mingarria eta lotsa-emangarria bai, baina tamalez hori izan da gure historia. Jauntxoek indar handia izan dute beti gure Euskal Herrian, bandoen arteko gerlak, gorrotoak eta liskarrak etengabeak izan dira, eta horrek ez digu ezer onik ekarri. Artzainak, elkarrekin haserre direlarik, otsoa nagusi. Eta horixe gertatu zaigu euskaldunoi.

1512an, Nafarroa konkistatu zuen armada espainiarrean, Araba, Gipuzkoako eta Bizkaiko euskaldun ainitz ziren. Gaztelarrek jauntxo ganboarren eta oinaztarren sakelak ongi bete zituzten eta tropak biltzeko agindua eman zieten. Lurralde bakoitzeko 2000 gizon inguru, 1000 bando bakoitzeko. Osora, beraz, 6000 soldadu, bederen. Eta gainera, lehen lerroan borrokatu ziren nafarren aurka. Higuingarria! Eta zer erran, gaztelarren gezur eta promesak sinetsi zituzten nafar beaumondarrez? Horiek, Leringo Luis buru zutela, gidatu eta eraman zituzten etsaiak Iruñeko ateetaraino. Gipuzkoarra eta abertzalea naizen aldetik, amorru handia ematen dit honek guztiak, baina egia biribila delakoan, onartu beharra daukat. Anaiak anaien aurka, orduan eta orain. Bada tenorea historian egin ditugun akatsez ikas dezagun.

joani3

Güdüka bat.

joani4

Joanikot kapitainaren heriotza

Buka dezadan artikulu hau Joana Etxart bihotzez zorionduz eskaini digun lehen pastoral eder honengatik. Ez dut uste, Joanaren gaztetasuna eta idazteko duen trebezia ikusirik, azkena izanen denik. Nire azken hitzak izan daitezen Altzai eta Lakarriko herritarrentzat. Bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuet euskara, euskal kultura, Xiberoa eta Euskal Herriaren alde, egunero, eta horrelako egun berezietan, egiten duzuen lan handia. Eta agurtzeko zer hoberik, azken perediküko azken bertseta baino. Joanak Beñat Mardoren Jaun Baruak kantu ezaguneko hitzak baliatuz agur moduko eder hau eskaini zigun aipatu azken bertset horretan. 197.- Ondotik joan zitaie / nor züen etxetara / eta maita herria / üken dezadan plazera!