BIDARRAIKO KABALKADA-TOBERA

Kabalkadak, toberak, zintzarrotsak, karrikaldiak, ikusgarriak… Iparralde osoan zehar zabaltzen ari dira. Berpizte baten seinale. Euskaldunok euskaldun izaten jarraitu nahi dugu, eta horretarako euskara eta euskal kultura ezinbestekoak zaizkigu. Horixe da berpizte honen arrazoia, arrazoi guztiz identitarioa. Aurten Baxenabarreko Bidarrai herriak antolatu, prestatu eta eman du kabalkada-tobera airosa eta ederra. Bidarrain bada Otxaldetarrak izeneko elkartea, euskara eta euskal kultura begiratzen, sostengatzen eta zabaltzen dituena. Duela bi urte, elkartekoek kabalkada-tobera prestatzea deliberatu zuten.

Bidarrain kabalkadak eta toberak izan dira aspaldian. 1923an tobera famatuak izan ziren, auzo-herri guztietan oihartzun nabarmena utzi zutenak. 1946an etxe-sartze moduko kabalkada ospetsua izan zen. Hauxe izan zen, xiur aski, Angulematik Lapurdira etorritako eta gure artean famatua egindako Pablo Tillac margolariak bere margolan batean irudikatu zuena. 2002an izan zen kabalkada ederra, baina toberarik ez. Beraz, 1923tik hona, hauek dira egiazki Bidarrain antolatu diren lehen kabalkada-toberak.

Joanes Otxalde bidarraitar bertsolariaren izena duen Otxaldetarrak elkartea izan da, arestian aipatu dudan bezala, antolamendua bere gain hartu duena. Horretaz gain, ehun eta laurogei herritar inguruk hartu dute parte, gauza batean edo bestean. Kattalin Salaberri eta Peio Jorajuria izan dira tobera-idazleak, Bixente Ziaurriz eta Jokin Irungarai dantza eta antzerki gidariak, Bernadette Urrutia-Etxeberri eta Battitt Etxart dantzako laguntzaileak eta Erramun Intxaurgarat, Battitt Garat eta Ximun Garat musika eramaileak. Ez ditzagun jantzi-egileak, teknikariak, musikariak, bertsolariak, eta gainerakoak ahantzi.

Bi saio antolatu zituzten. Lehena irailaren 24rako eta bigarrena urriaren 1erako, biak igandez, eta arratsaldeko 3,30etan hastekoak. Ni lehenera joan nintzen. Ordu bietarako Bidarraiko plazan nengoen. Eguzki ederrak Bidarraiko bazterrak argitzen zituen, herria jendez gainezkoa zegoen, sarrerak jadanik bukatuak ziren, eta herritarrak eta bertara joandakoak hizketa alegeran ari ziren herriko ostatuetan. Hiruak eta erditan, erran bezala, hasi zen. Ordurako mila eta hirurehun pertsona ziren pilota-plazan jarritako harmailak betetzen. Pittaka-pittaka 130 jokalari sartu ziren pilota-plazara. Hasieran sei zaldizko, zaldi-orga ondoren, gero ohiko oilarrak, zapurrak, bolantak, makilariak, andere xuriak, herritarrak, ikurrina eta nafar bandera airoski astintzen zituzten banderariak…, eta bukaera aldean, Jaun Jujea, Andere Abokata, Jaun Usiera eta auzi-idazkaria. Toberaren doinu pean, bi itzuliño egin zuten pilota-plazan eta gero denek batera, Ortzaiztarrak izeneko dantza-jauzia eman zuten. Ondoren, Gillen Hiribarren eta Patxi Iriart bertsolariek harrerako saio ederra eskaini ziguten bertan bilduta ginen guztioi.

jos2

Pablo Tillac – Bidarraiko kabalkada – 1946koa?

Salaberri eta Jorajuria idazleek tobera lau agerralditan banatu dute, ohikoa den bezala. Ikus ditzagun banan-banan:

Lehen agerraldian, Harpeko Saindua eraman zuten auzira. Honek arrangura handia erakutsi zuen, bisitariek eta turistek ez baitute bakean bizitzen uzten. Amaiera aldean, hiru OHE (Objektu Hegalari Ezezagun) agertu ziren plazan. Egoera korapilatu zen gero, basurde baten gibeletik zetorren ehiztari bat azaldu zelarik, eta zirtzilak ohiko ergelkeriak egiten hasi zirelarik. Agerraldiaren bukaeran kadrilak dantzatu zituzten,

Bigarren agerraldian, Lukinka Jaun Auzapeza eraman zuten auzira. Honi itsuskeria handiak leporatzen zizkioten. Gero mahaiak eta kadirak jarri, eta Herriko Kontseilu osoa azaldu zen bilkura bat egiteko prest. Han bilduta zirela, Siziliako mafioso bat azaldu zen lurrak erosi eta negozio ilunak egin nahian. Segidan bere helburu zehatza azaldu zuen: kasino edo joko-etxe bat nahi zuen Bidarrain zabaldu. Kontseilari batzuk alde ziren, besteak berriz kontra. Hor ibili ziren eztabaida luze eta umoretsuan. Azken urte hauetan Bidarrain izan diren kontu ezagun batzuk zekarzkiguten gogora. Promotoreen hainbat proiekturen salaketa izan zen. Gero bertsolarien txanda iritsi zen eta hauek bazterrak inarrosi zituztelarik, neska talde handi batek fandango ederra dantzatu zuen. Sorkuntza omen. Agerraldia bukatzeko hogeita lau bolantez eta lau andere xuriz osaturiko taldeak Euskaldunak eta Sorginak airoski dantzatu zituzten.

Hirugarren agerraldian, Extefana izeneko emazte bat eraman zuten auzira. Honi bekatu handia leporatzen zioten. Hiru seme-alaben ama omen zen, eta hiruak Ortzaizeko ikastolan matrikulatu zituen euskaraz ikas zezaten. Eskola publikoko errientsa erdalzalea hor azaldu zen Extefanaren jarrera salatuz. Ama honen erruz, ikasle taldea ezin osatuz ibili omen ziren herriko eskola publikoan eta horregatik hainbat oren galdu. Eta gainera, zertarako ikasi euskaraz? erraiten zuen inolako ahalkerik gabe. Euskara pixka bat jakitea ez dago gaizki, aitatxi eta amatxirekin egiteko, baina gehiago ez, eta eskolan gutxiago!

Gero bigarren lekuko bat azaldu zen, Pito Jauna izenekoa. Honek gogor egin zuen euskararen, ikastolaren, Olentzeroren eta Otxaldetarrak elkartearen kontra. Euskara zertarako? Egin dezagun guziok frantses ederraz!

Geroxeago, hirugarren lekuko bat sartu zen auzira. Joanes Otxalde bertsolari zaharra zen. Euskararen aldeko bertso ederrak bota zituen, eta horretaz gain, rap soinuaz eta gazte modernoz lagundurik, beste hainbat bertso. Jaun Usiera, ez zen bat ere pozik Otxalderekin eta oroitu zion Ameriketan utziak zituela emaztea eta hamaika seme-alaba. Otxalde ez zen horrekin kikildu eta bi bertso bota zituen Extefanari eta ikastolari sostengua emanez. Horrek izugarri haserretu zuen errientsa eta hor ibili zen ikastolako andereño batekin etengabeko liskarretan. Hortxe azaldu zen orduan, bakea egin nahian apez beltza, Bidarrain eta auzo-herrietan aritzen den egiazko apeza irudikatzen zuena. Gero bertsolariek hirugarren saioa eman zuten bazterrak piztuz eta nahasiz, eta bukatzeko bolanteek Gabota eta soka-dantza eder bat eman zituzten.

jos3

Laugarren agerraldian, bertsolariek agurra eman zuten, jendearen aldetik txaloaldi luzea jasoz, eta gero bi makilari gazteak hor ibili ziren makila dantzatzen eta airera jaurtitzen. Bet-betan, lehen agerraldiko ehiztaria sartu zen basurdearen bila, eta tiro erratu batez epai-mahaiko idazkaria kolpatu zuen. Hiru neska erizain sartu ziren hura artatzera. Egiazki hiru mutil neskaz jantzita ziren. Hor ibili ziren ipurdia eta zangoak erakutsiz. Apez beltza ere sartu zen eta aztikeria bat eginez, saiatu zen idazkaria arrapizten. Baina, hau ere alferrik! Azkenean Harpeko Saindua azaldu zen eta pixontzi baten barruan zena idazkariaren gainera isuriz, arrapiztu zuen. Sekulako haserrealdia izan zen orduan, hor sartu ziren zirtzilak, eta ibili ziren denak liskar eta kalapitetan Jaun Jujeak igorritako jendarmak plazan sartu eta denak makiladaz igorri zituzten arte.

Orduan izan zen deliberoen tenorea. Lehen deliberoarekin, arrazoia eman zioten Harpeko Sainduari eta herriko auzapezari eskatu zioten turisten eta bisitarien ibilerak murrizteko. Bigarren deliberoan, Herri Kontseiluari eskatu zioten promotoreen proiektu horiek bertan behera uzteko; eta hirugarren deliberoan, arrazoia eman zioten Extefana andereari. Ber denboran, Bidarrain ikastola bat jartzeko zuten agindu, eta baita urtero kabalkada-tobera bat egin dezaten ere. Deliberoak eman ondoren, Jaun Jujeak pilota-plaza mukuru betetzen zuen publikoa urrup eta klik egitera gomitatu zituenbazter batean ezarririk zuten kantinara. Epaileak ostatura joatean, parte-hartzaile guztiak plazara sartu ziren eta Mutxikoak izeneko dantza-jauzia emanez bukatu zuten. Gero kabalkada ederrean, zaldizkoak aitzinetik, eta gainerako guztiak gibeletik, plazan bi itzuliño egin eta alde egin zuten.

jos4
5,30etarako bukatua zen bi orenez luzatu zen tobera ederra. Jendea, harmailetatik jaitsiz, hortik hurbil ezarritako kantinara hurbildu zen, eta hor ibili ginen denok, taloa eta xingarra janez, eztarria bustiz edota solas aspertuan, ikusitakoaz era guztietako iruzkinak eginez. Orohar, publikoa biziki kontent zen ikusitako toberarekin, baten batek kantuen falta aipatu bazuen ere.

Ene irudikoz, kabalkada-tobera ederra izan zen Bidarrain eskaini zigutena, auzolanean egindako ikusgarri baliosa. Ziur naiz tobera eder honek gehiago ekarriko dituela, bai Bidarrain eta bai Iparraldeko gainerako herrietan ere; eta euskararen sugarra bizirik iraunarazteko arras baliagarria izanen dela. Nire zorion beroenak Otxaldetarrak elkartekoei, eta modu batean edo bestean, ikusgarri eder honetan parte hartu duten guzti-guztiei. Gaur, bihar eta etzi, Bidarrain eta Euskal Herri osoan, haize berriek euskararen alde ufatuko dutelakoan nago.