MANEX ETA BIRIGARROAK

Dagoeneko jakina da Manex ez zela erraz etsitzen duten horietako mutiko bat. Hori horrela, handik egun gutxitara, eta berriz ere baserriaren eta eskolara arteko bidean, beste habia bat topatu zuen, kasu honetan birigarroek egina, zuhaixka batzuetan.

Buruan oraindik oso presente zeukan, zozoekin gertatu zitzaiona egun batzuk lehenago, eta, horrexegatik, bere buruari zin egin zion oraingo honetan askoz ere arreta eta ardura handiagoarekin ibiliko zela, akats berbera ez errepikatzeko. Hala, bada, habia aurkitu eta gero, mutikoa luzaroan aritu zen bilatzen unerik egokiena kuxkuxean egiteko, habiaren jabeak konturatu ez zitezen.

Momentu jakin batean, alegia, bi gurasoak habiatik urrunduta zeudenean, orduan aukeratu zuen baserritar txikiak abagunea habiaraino iristeko. Esan bezala, habia zuhaixka batzuen adarren artean zegoen, garai samar, eta, gainera, behean, zuhaixkak baino lehenago eta baita inguruetan ere, sasi, elorri, ote eta asun dezente zeuden, horrexegatik, denbora luzea eta ahalegin handia kostatu zitzaizkion zuhaixketaraino ailegatzea.

Behin zuhaixken ondoan egon eta gero, beste zailtasun bat ere bazeukan zain, orain habia zegoen lekuraino igo behar zuen, barruan zer zeukan ikusi ahal izateko; bi bat metro gora, adarren artean. Hala, bada, erne eta zoli ekin zion igotzeari eta segundo batzuen ondoren, aparteko eragozpenik gabe, goraino iritsi zen.

Habiak kopa itxura dotorea zeukan, ederki josia, eta, barruan, hiru arrautza urdin eta eder ikusi zituen. Kontu handiz, deus ere ukitu eta mugitu gabe, berehalaxe jaitsi eta alde egin zuen handik, birigarro ama edo aita itzuli baino lehen. Presaka, lasterka eta isilik ibili zen, lapurrak bezala, eta, hala ere, Manexi minututxo batzuk kostatu zitzaion handik aldentzea, inguruak zeukan zailtasuna zela eta; gogoratu: laharrak, oteak, asunak, elorriak eta abar zeuden.

Mutikoak bere kalkuluak ongi egin zituen, aurreko aldian bezalaxe hanka ez sartzeko. Badaezpada ere, inori ez zion bere sekretutxoa kontatu, horrela, lasaiago ibili eta jokatu ahal izateko. Anaia zaharrenari informazioa eskatu zion, jakiteko gutxi gorabehera noiz joanen ziren txorikumeak habiatik: jaio eta 2-3 aste behar izaten omen dute hegan hasteko; horren arabera jokatu nahi zuen Manexek.

Hortaz, bada, astebete pasatu zenean, mutikoari iruditu zitzaion momentu egokia izan zitekeela habiari beste ikustaldi bat egiteko. Oraingo aldian, ordea, zortzi bat egunean, askoz ere zuhurtzia handiagorekin ibili zen, hots, habiara batere hurbildu gabe eta inondik ere ez zirikatzeko gurasoak, hauek ez zapuzteko kumeak.

Eta, izan ere, halaxe gertatu zen, egun batean, eskola bukatutakoan, patxadaz, habia zegoen alderdira jo eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen hasi zen. Hantxe zeuden sastraka, elorri, ote eta asunen oztopo guztiak gainditu eta, berriz ere, gurasoak habiatik urruti zirenean, aida batean aprobetxatu zuen txorikumeak zeuden lekuraino igotzeko. Kontu handiz ibili behar izan zuen, adarrak busti samarrik zeudelako, eta, horren ondorioz, baita pixka bat irristakorrak ere. Ziztu bizian, txitak ikusi eta ospa! Bai, hantxe zeuden; zoragarriak! Denak lepoa tente eta ahoa zabalik, janari eske, gurasoak zirelakoan. Baina, ez, oraingo honetan ez ziren gurasoak, baizik eta Manex kuxkuxeroa.

Bere borondatearen aurka, baina, bazekien handik lehenbailehen alde egin behar zuela, habia zapuztuko ez bazuten. Akabo! Hara non ikusi zuen, bat-batean, gurasoetako bat adar batean, beregandik metro batzuetara, mokoan janaria zekarrela, berari etengabe begira, oso urduri eta mehatxuka!

-Madarikatua! –oihukatu zuen Manexek larri eta estu.

Ahalik eta azkarrena saiatu zen ihes egiten handik. Goitik behera, presaka hasi zen jaisten eta lurretik metro batera-edo zegoenean, bustita zegoen adar batean, oin bat alde batera joan zitzaion irristatuta eta bestea bestera. Hori horrela, erori eta egundoko kolpea hartu zuen hankartean, koskabiloetan, alegia, eta, ondorioz, minaren minez, berebiziko birao eta madarikazioak esan zituen ozenki:

-Arraio mila demonio! Zorte alua! Ai, ai, ai, ai, ai!

Adarren artean, hantxe joan zen buruz behera lurreraino, hankaz gora, zarata handia eraginez eta habia dardararaziz, bere txori eta guzti. Lurreratzea ere ez zen inondik ere samurra izan, sastraka haien artean. Batere deborarik galdu gabe, ahal izan zuen lasterrena jaiki, eta, bere kolpe, mailatu eta oinaze guztiekin ahalegindu zen ateratzen handik, asun, elorri eta oteen artean. Azkenean, lortu zuen, baina asko kostata eta ongi ziztaturik. Bitartean, birigarro gurasoak, han ibili ziren bueltaka eta itzulika, haserre, nazkaturik eta aspertuta, Manexek alde egin eta bakea noiz emanen zien zain.

Mutikoak bere buruarengatik baino kezka handiagoa zeukan habiarengatik, ea berriz ere zapuzten ote zioten. Txorien haserrea eta amorrua ikusita, beharbada ez litzateke batere harrigarria izanen. Badaezpada ere, lehen baino lehen lekutu zen handik etxe aldera. Berriz ere sekretutxoa gorde egin zuen; inori ez zion aztarrenik ere kontatu, eta, etxekoek galdetu ziotenean ea zergatik zeuzkan hainbeste ziztada eta harramazka gorputz osoan, berak erantzun zien bidean erori egin zela. Gezurrontzia!

Baina, beti bezala, orduan ere denborak aurrera egin zuen eta bost bat egun igarotakoan, Manexek kalkulatu zuen, birigarroen habiako txorikumeek ezin zutela falta denbora luzerik hegaldatzeko, habian azkenekoz ikusi zituenean lumaz hornitu samarrik baitzeuden. Horrexegatik, berehalaxe hasi zen bilatzen une egoki bat, habiara igo eta txorikumeak lapurtzeko, etxera eraman eta lumatu eta ongi garbitu ondoren, frijituta jateko, gatz pixka batekin. Oso gustuko zituen.

Gauzak horrela, egun jakin batean, hirugarren aldiz oztopo guztiak atzean utzi ondoren, berriro ere iritsi zen habiaraino. Bihotza taupaka zeukan: azeleratua. Ilusioz beteta zegoen, baina, aldi berean, kezkatxo bat edo beste ere bazeukan: zazpuztuta aurkituko ote zuen habia, azken egunean gertatutako iskanbilak gertatu eta gero?; txorikumeak hegaldatuta egonen ote ziren?; edota, aldiz, hantxe topatuko ote zituen hegaztitxoak, lodi-lodiak, berak nahi bezala? Segundo gutxi falta ziren jakinkizuna argitzeko.

Azkenean, habia barrura begiratu, eta, une batez, mutikoari iruditu zitzaion odola izoztu zitzaiola, izan ere, txorikumeak egon bai, hantxe zuden, baina denak hilak, baita usteltzen hasiak egon ere.

Manexek ez zuen azalpen handirik behar izan, berehalaxe ulertu zuen azken aldian sortutako nahasmendu latzaren ondorioz, birigarro gurasoek habia zapuztua zutela.

Berriro ere porrota gure baserritar txikiak, eta etxera burumakur, goibel eta isilik joan behar.