MATEMATIKAKOA

Matematikako klasean mutututa daude ikasleak, buru-belarri problemak, ekuazioak edo auskalo zer ebatzi nahian. Irakasle zorrotza, bere mahai zabalaren aurrean patxadaz eserita, azterketak zuzentzen-edo ari da; noizean behin edozein harrizko bihurtzeko moduko begiradak botaz. Bat-batean, kristalezko pitxerra eroriko bailitzan, ikasle bat oihu batez altxatu da, ero lez, pitxer imajinarioa mila zatitan txikituz, gelako guztiak ustekabean harrapatuz. “Eureka! Eureka! Lortu dut!”. Irakasleak, berehala, hatza indarrez altxatu eta atea seinalatuz kalera bota du. Eta gainerako ikasleek lanean jarraitu dute isil-isilik, irakaslearen zaintzapean, ezer gertatu ez balitz bezala.

Pasilloan dagoen ikaslea, ordea, pozez txoratzen dago.

Milaka urteko enigma matematikoa ebatzi berri du.