A ZE PAREA, KARAKOLA ETA MARGOA!

Zer zerikusi dute barraskiloek eta hormak margotzeko pinturek? Eta barraskiloek eta ketchupak? Ideiarik ez?

Noizbaiten barraskilo bat hartu duenak badaki zeinen itsaskorra den euren likina. Eta baratz bat duenak badaki ere barraskiloak eskaladaren maisu direla: jarri ezazu edozein oztopo barraskiloa eta zure letxugen artean eta ez duzu luzaro itxaron beharko jarritako oztopoa alferrikakoa dela ikusteko. Hor izango duzu barraskiloa zure letxugak dastatzen jada. Nola dira gai 9b+ graduko igoerak burutzeko?

Barraskiloek oinaren azpikaldean likin itsaskorra sortzen dute. Higitzeko, oineko giharrekin uhinen moduko mugimenduak egiten dituzte, harren antzera baina gorputza lurretik altxa gabe. Mugimendu hauei esker, sortutako likinaren gainean nabigatzeko gai dira. Eta zergatik ez dira ba itsatsita geratzen? Likinak propietate berezi bat duelako: azkar irabiatu edo mugitu ezkero, bere biskositatea gutxitu egiten da. Likina, glikoproteinak deitutako molekula luzez osaturiko gel bat da. Likina geldirik dagoenean, molekula luze horien artean lotura kimikoak daude, baina indar nahikoz eragin ezkero, lotura horiek puskatu, molekulak bata bestearekiko mugi daitezke eta likinaren jariotasuna handitu egiten da.

Antzera gertatzen da, adibidez, zenbait margorekin, keptchupa, odolarekin eta beste likido askorekin: geldirik daudenean edo indar txikiegiz eragiten badiegu, zenbait osagaien arteko loturek edo indarrek likidoaren jarioa oztopatuko dute. Indarra edo mugimendua geratzen denean loturak berehala sortuko dira berriz ere eta likidoa “lodiago” bihurtuko da. Horri esker, sabaia margotzen duzunean margoa ez zaizu aurpegi gainera eroriko. Margo-marka gehienek osagai bereziak jartzen dituzte margoetan pinturek propietate egokiak izan ditzaten. Brotxarekin margotzean brotxak eragindako indarrari esker pintura zirin bihurtzen da. Ketchupa potetik ateratzeko badakizue ere zer egin behar duzun, gogor astindu. Potea buruz behera heltzen baduzu, keptchupa ez da irteten (normalean). Indarra egiten hasten zara eta bat-batean… ketchup txorrostada ateratzen da indarrak jariakor bihurtu duelako.