MANEX LOGELAN

Azkenean, esan liteke lehenengo aldiz ospatu ahal izan zuela arrakasta bat Manexek. Txorikumeak arrisku guztietatik bizirik atera eta aurrera egitea, oso pozgarria izan zen mutikoarentzat; animo izugarria eman zion bere abenturatxoetan jarraitzeko.

Baserritar txikiak, kaiola bere hiru txoritxoekin, gauez sukaldera eramaten zuen, han hegaztitxoak bertatik bertara ikus zitzan eta beraiekin gozatzeko. Goizean, aldiz, jaiki bezain azkar, kaiola sukaldean hartu eta bere logelako leihora eramaten zuen, txorikumeak eguzkitan eta izadiaren aurrean egon ahal zitezen. Ordurako, karnaba kume haiek, oso ongi moldatzen ziren jateko eta edateko Manexek jartzen zizkien janariak eta ura: bakar-bakarrik, beren kabuz, gurasoen laguntzarik gabe.

Hala eta guztiz ere, mutiko buru azkarrak berehala erreparatu zion, inondik inora espero ez zuen beste gauza bati, alegia, txorikumeen gurasoek oraindik ere jarraitzen zutela kaiolara joaten, janaria eta edaria beren kumeei emateko, kaiola leihoan zegoen bitartean.

Horiek horrela, Manexek berehalaxe izan zuen burutapen polit bat, “eta kaiola logela barruan jarriko banu, zer gertatuko litzateke? Orduan ere, joanen al lirateke kaiolaraino gurasoak jana eta edana eramatera?”. Zalantza horren aurrean, mutikoak pentsatu zuen ongi legokeela proba egitea. “Agian lau txori eskuratuko ditiat tiro bakar batez!”, esan zion bere buruari, hau da, lehengo hiru kumeak gehi guraso bat, egin zuen gogoeta.

Gauzak horrela, bere buruko errota txikia berehalaxe jarri zuen martxan. Iruditu zitzaion posibilitate bat izan litekeela, kaiola logela barruko aulki baten gainean pausatuta uztea. Pixka batez, buru barruan aritu zen plana diseinatzen eta fintzen, eta horrelaxe eraman zuen aurrera bere ideia.

Hitzetik hortzera aulki bat logela erdialdean ezarri, jarraian kaiola aulki gainean jarri eta bera ohatze azpian sartu zen, ezkutaturik gelditzeko, baina, ez lehenago, leihoa erabat zabaldu eta bi atalak lokarri mehe batekin lotu baino lehen. Jakina, ohatze azpian sartzerako sokatxoa berarekin eraman zuen, ideia zera baitzen, txoritxoen gurasoetako bat sartu eta kaiola gainean pausatzen baldin bazen, orduan Manexek lokarriari bere indar guztiekin tiratuko zion, leihoa ahalik eta azkarrena ixteko, txori gaixoa harrapa zezan.

Behin ohe azpian, isilik eta geldirik geratu zen txoriaren zain. Urduri eta aldi berean itxaropentsu. Minutuak luze egitean ari zitzaizkion, ez baitzekien zer gertatuko zen. Baina, halako batean, Manex pixka bat kezkatzen hasita zegoenean, bi gurasoetako bat leihoan agertu eta ertz batean jarri zen, mokoan zerbait zekarrela. Mutikoa kezkak larriturik eta egonezinik. Arnasari gogotik eusten zion, isil-isilik. Karnabak, une batzuetan zalantzan egon ondoren, alde batera eta bestera begiratu, eta, azkenean, erabakitasun handiz aurrera egin zuen, kaiola gainean jarri arte.

Baserritarrak, ia-ia ekintza erreflexu bat balitz bezala eta bi aldiz pentsatu gabe, bere indar guztiekin tira egin zion lokarriari eta leihoa segituan itxi zen, kolpe batez. Ziztu bizian ohatze azpitik atera, jaiki eta leiho aldera jo zuen jauzi batean. Txoriak ere gauza bera egin zuen, izututa, toki huraxe baitzen argitasun pixka bat gelditzen zen leku bakarra, gainerako guztia ilunpetan gelditu zen eta, leihoa itxi eta gero. Manexek, azkar-azkar mugitu, eta berehalaxe eskuratu zuen karnaba gaixo eta dardartia, leihoko kristal ondoan, mokoka ari zenean bere etsipenean; bihotza zeharo azeleratua zeukan koitaduak.

Mutilak hegaztiari ongi eutsi eta kontu handiz, kaiolan sartu zuen, bere kumetxoekin batera. Egun hartan ere, aurrekoan bezalaxe, zortea bere alde izan zuen Manexek. Badirudi, gauzak ongi ateratzen hasita zituela. Une hartan behintzat pozik eta zoriontsu sentitzen zen, nahiz eta ez zekien seguru zer gertatuko ote zen karnaba heldu harekin; huraxe zen bere kezkabide bakarra momentu hartan. Gogoratu beharra baitago, berak harrapatutako aurreko hiru txori helduak, kaiolan bertan hil zitzaizkiola, ez zirelako ongi egokitu. Azkeneko hau, ohituko ote zen? Auskalo! Ikusi egin behar. Gau hartan behinik behin lasai egin zuen lo.