SAN FERMIN TXIKIKO AFITXEN IRABAZLEAK

Jone Etxarri eta Ekhi Iragi izan dira aurtengo San Fermin txikitoko kartel lehiaketen irabazleak.

·        9 pertsona aurkeztu ziren helduen kategorian eta 14 gazteenean.

·        Kartelak herri bozka bidez aukeratuak izan dira.

Aurten, Irailaren 21etik 23ra ospatuko diren San Fermin txikitoko jaiak iragartzeko, Alde Zaharreko bizilagunek helduen kategorian Jone Etxarriren “Auzoa Bizirik” eta gazteen kategorian Ekhi Iragiren kartelak aukeratu dituzte. Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako  lehiaketara 23 kartel aurkeztu ziren, 9 helduen kategorian eta 14 gazteenean.

Helduen kategorian (15 urte baino gehiago) Jone Etxarriren “Auzoa Bizirik” atera da irabazle, 74 bozka  jaso ditu 259tik. Kartela akuarelaz eta egurrezko margoz egina da, eta bertan auzoko jai ikurrak ageri dira, hala nola kilikiak edo zezenak, Maravillas Gaztetxeko sarreran fusionatuak.  Egilearen hitzetan honen helburua, festetan auzo borroka eta proiektu ezberdinak plazaratzea da.  Kartel honengatik, Jone Etxarrik Jai Batzordearen eskutik, 350 euroko txekea eta Santo Domingoko merkatuan 50 euro gastatzeko baleak jaso ditu.

Ekhi Iragiren, gazteen kategoriako kartel irabazlean ere Gaztetxea da ikur nagusia eta 163 bozketatik 99 jaso ditu. 2017an ere Ekhi izan genuen irabazle. Aurtengoan Nabarreriako iturria marraztu du eta honen atzean Gaztetxearen balkoian auzoko kilikiak. Sari bezala 100 euroko balea jaso du  jaietako programan agertzen diren auzoko edozein saltokietan erosteko.

2018ko San Fermin Txikiko kartela. Helduen kategoria https://youtu.be/Ysg7-4-U0r4

2018ko San Fermin Txikiko kartela. Gazteen kategoria  https://youtu.be/E6sym34yLxg