BEBRAS

Bebras, lituanieraz kastorea izateaz gain, denbora-pasa itxura duten problematxoak ebatzi behar diren lehiaketa bat da.

Bebraseko ariketen adibide bat da puxtarria labirintotik ateratzea eskatzen duena.

Ariketa honek irudiko labirintoa erakusten du eta honela dio:

Kastoreak egur zati biribila aurkitu du. Barruan zizareak egindako tunelak eta zuloak daudela ikusita, guraso trebeak horrekin jostailua egitea erabaki du. Hasieran, puxtarri bat jarri du erdian, eta jokoa puxtarria handik ateratzean datza. Hori lortzeko, egurrezko diskoa ezkerrera (L) eta eskuinera (R) biratu behar da. Biraketa bakoitzaren ondorioz, puxtarria biraka doa hurrengo zulora edo, amaieran, kanpora.

 

HURRENGO SEGIDETATIK, ZEINEK DARAMA PUXTARRIA IRTEERARAINO?

1. erantzuna: LRRLR  □ 2. erantzuna: RLRLL  □ 3. erantzuna: LRRLRL  □ 4. erantzuna: LRRRRL

Irakurle, asmatzen al duzu zuk zein den erantzuna? Eta asmatuko al zenuke zergatik ari naizen hemen lehiaketa honi buruz?

Bada, ikus dezakeguna da ariketa honetan aukeran bi mugimendu ditugula: Eskuinera (R) eta Ezkerrera (L) eta mugimendu horien segida zehatz baten bidez lortuko dugu puxtarria labirintotik ateratzea. Horixe da programa informatiko bat, helburu bat lortzeko, problema bat ebazteko, konputagailuak exekutatzen duen agindu segida bat.

Baina nire azken ekarpenetan pentsaera konputazionalaz aritu izan naiz, abstrakzioaz azkenekoan, eta honek ba al dauka pentsaera konputazionalarekin zer ikusirik?

Problematxo hau ebatzi nahi baldin badugu ezin dugu saiatu puxtarria hasierako puntutik labirintoaren irteerara eramaten. Horretarako lehenengo agindu baten exekuzioaren ondorioz puxtarria nora doan aztertu behar dugu, puntu horretatik beste agindu baten ondorioz nora joango den eta horrela puxtarria irteerara iritsi arte. Hau deskonposaketa da, pentsaera konputazionalaren alderdi garrantzitsu bat.

Pentsaera logikoa ere azaltzen da ariketa honetan. Izan ere aginduen logika ulertu behar da haien emaitza aurreikusteko eta idatzitako agindu sekuentzia aztertzeko. Horrekin, programa ebaluatuahal izango da, hau da, ondorioztatu ahal izango da programak aurreikusitako funtzionamendua ote duen.

Hurrengoan badakizue, denbora pasa bat ebazten ari zaretenean, pentsatu ea informatikarekin edo pentsaera konputazionalarekin zerikusirik ba ote duen. Eta interesgarria iruditu bazaizue, lehiaketa hau euskaraz egiteko aukera badago, bebras.ehu.eus estekan.

Iturria: https://www.sarean.eus/bebras/