MANEX ETA LERA

Udan, belarrak ondu eta etxeratu ondoren, Manex batzuetan leran aritzen zen, jakina, ez elur gainean, baina, nola edo hala, moldatzen zen lera gainean ibiltzeko.

Kontua zera da, mutikoa bizi zen baserriak bazuela euntze bat, zati bat arrunt aldapatsua zuena, eta, horrexegatik, malda hartan, goitik behera ibili ahal zen leraz, belar ebaki berriaren gainean. Kontu hura, anai-arrebak ikusita ikasi zuen gure bihurritxoak; jakina da, zer ikusi hura ikasi.

Lehenago ere esana dago Manex oso elur zalea zela, baina, noski, bazekien udan nekez ikusiko zuela elurra baserri inguruan eta urtaro hura benetan luze egiten zitzaion elurraren zain, leran ibili ezinda. Horrexegatik, beste bide bat bilatzen eta baliatzen zuen, udan leraren gainean ibili ahal izateko, eta, hain zuzen ere, huraxe zen, alegia, baserriko belar-soro hartako aldapa pikoa. Hain zen handia aldats hura, non belarra ebaki eta jaso ondoren, lera bere kabuz jaisten baitzen, pertsona batek pixka bat gidatu eta bideratuz gero.

Aldapa hark, besteak beste, arrisku handi samar bat ere bazuen, eta, zera zen, malda bukatzen zen lekuan bertan hesia zegoela, burdin hari arantzadunezkoa, izan ere, hantxe bertan bukatzen zen beraien belazea eta jarraian auzokoarena zegoen.

Baina, arrisku hura ez zen oztopo handia Manexek eta bere senideek toki hartaz ez gozatzeko, ordurako trikimailua hartua baitzioten aldapari, eta bazekiten zer egin lera geldiarazi eta bertatik ongi ateratzeko.

Lera zurezkoa zen, anaia zaharrenek egina aurreko urteetan, batez ere, negu aldean, elurretan erabiltzeko, baina, ikusten dugunez, urtaro beroan ere ateratzen zioten bere etekina.

Normalean, gure mutikoa, gainerako anai-arrebekin batera aritzen zen malda hartan, txandaka, behera eta gora. Beheranzkoan, leraren gainean, eta, goranzkoan, oinez, lerari tiraka, lokarri batez. Baina, jakina, era hartan aritzeak, aldizka, alegia, ondorioz ekartzen zuen denbora luzetxo egon behar izaten zutela norberaren txandaren zain, eta horrek Manexi, noski, ez zion batere graziarik egiten, horrexegatik, batzuetan, egiten zuena zera zen, gainerako senide guztiak beste eginkizunen batean ari ziren bitartean, berak bakarrik, eta isilean, lera hartu, etxetik atera eta sokatik tiraka, aipatutako aldaparaino eramaten zuen, halaxe, denbora osoan bera bakar-bakarrik jostatu ahal izateko, malda zoragarri eta arriskutsu hartan.

Halaxe, ba, ilunabar batean, egun hartako baserri lan premiazkoenak egin ondoren, hantxe plantatu zen gure Manex, aldapako goialdean, lera hartuta. Leku egokian kokatu, leran eseri, bere kalkulutxoak egin eta han joan zen goitik behera, ziztu bizian. Trebetasun handiz gidatu eta batere arazorik gabe egin zuen lera gelditzeko maniobra.

Belarra motx-motxa zegoen eta lurra oso lehorra, horrexegatik, lera arrunt ongi irristatu zen malda piko hartan. Mutikoak gora igo zuen lera sokatik tiraka eta berriz ere operazio bera errepikatu zuen hainbat aldiz. Berarentzat gozamen hutsa zen, eta, gainera, lera ez zuen inorekin partekatu behar, bakarrik baitzegoen. Denbora osoan irristailua bere eskumenean egon zen.

Hainbat minututan behera eta gora aritu ondoren, jada erabaki zuen egin behar zuela azken bidaiatxoa. Beti bezala, leran eseri, kontzentratu, kalkulatu eta goitik behera abiatu zen pozik eta alai. Ongi zihoan, baina aldapa erdialdean-edo, lerak harri koxkor bat edo dena delakoa zapaldu eta mugimendu arraro bat egin zuen; boteka hasi zen. Une batez, kontrola pixka bat galdu zuen. Hala ere, Manexek berehala zuzendu zuen tresna mugikorra eta aurrera jarraitu ziztu bizian, baina, konturatu orduko, gainean zuen behealdeko hesi arantzaduna. Iristear zegoen. Jadanik ez zuen denbora eta modurik lera geldiarazteko. Oso azkar zihoan. Burdin hari arantzadunen aurka jotzea arrunt arriskutsua izan liteke. Ez zekien zerekin joko zuen: buruarekin, lepoarekin, bularrarekin. Edozerekin jota ere, hagitz makurra izan liteke. Ia bertan zegoen. Zerbait egin behar zuen dagoeneko, minik jasoko ez bazuen!

Azken unean zer eginen?, eta bere burua atzera bota!, hau da, hesiaren azpian erdi etzanda igaro zen. Mugimendu azkar eta ausart hark salbatu zuen ezbehar handiago batetik. A zer ikara eta beldurra! Handik segundo batzuetara oraindik dardarka bizian zen gizajoa, eta erabat zurbil. Ekintza osoa iragan ondoren ohartu zen benetan zer arriskua izan zuen. Izuturik gelditu zen.

Eskerrak lurretik lehendabiziko burdin harira tarte handi samarra zegoela; bestela, auskalo zer gertatuko zatekeen. Manex berriro ere jaio izan balitz bezala sentitu zen. Dena dela, etxera afaltzera joan zenean, ez zuen hitz-erdirik ere esan, isil-isilik gelditu zen, mutuen antzean. Isilpeko hura bere buruarentzat gorde zuen.