FISIKAKO NOBEL SARIA, LASERRAREN FISIKAN EKARPEN IRAULTZAILEAK EGIN ZITUZTENENTZAT

Arthur Ashkin, Gerard Mourou eta Donna Strickland, Fisikako 2018ko Nobel saridunak. Arg. Nobel Media AB 2018

Arthur Ashkin, Gerard Mourou eta Donna Strickland ikertzaileek jasoko dute 2018ko Fisikako Nobel saria, “laserraren fisikan egindako ekarpen iraultzaileengatik”. Nobel Fundazioak azpimarratu duenez, ikertzaile horiek egindako aurrerapenei esker laserra oso tresna baliagarria bihurtu da hainbat arlotan; esaterako, industrian, biologian eta medikuntzan.

Bi zatitan banatu dute aurtengo saria. Erdia Arthur Ashkinentzat izango da, pintza optikoak asmatzeagatik eta haiek biologian aplikatzeagatik. Ashkinek amets bat zuen: argiarekin objektu fisikoak mugitu ahal izatea. Eta, garai hartan zientzia-fikzioa zirudien arren, lortu egin zuen. 1960an lehen laserrak asmatu zirenean, berehala hasi zen haiekin lanean Ashkin, New Yorkeko Bell Laborategietan. Laserrekin partikula txikiak mugitzea lortu zuen, eta konturatu zen partikulak izpiaren erdira mugitzen zirela (izpian zehar erradiazio-presioaren gradiente bat dagoelako). Gero, leiar baten bidez laserra enfokatuta, partikulak puntu jakin batean eustea lortu zuen. Pintza optikoak asmatu zituen.

Handik urte batzuetara, pintza optikoak beste teknika batzuekin konbinatuta, atomoak eusteko tranpak ere lortuko ziren. Bestalde, Ashkinek berak erakutsi zuen pintza optikoak biologiarako ere oso baliagarriak izan zitezkeela. Infragorri-laserrak erabilita, bakterio biziak kalterik eragin gabe eutsi zitezkeela frogatu zuen, 1984an. Handik aurrera, pintza optiko horiekin, bakterioak, birusak eta zelulak ikertzen hasi zen, baita zelula-barruko sistemak ere. Eta, gaur egun, oso erabilia da teknika hori biologian.

Intentsitate handiko laserrak

Sariaren beste erdia Gerard Mourou eta Donna Stricklandentzat izango da, intentsitate handiko pultsu ultramotzak sortzeko teknika asmatzeagatik. Laserra sortu zenetik, gero eta intentsitate handiagoko pultsuak lortzen saiatu izan dira ikertzaileak. 1980ko hamarkadaren erdirako, ordea, mugara iritsi zirela zirudien; izan ere, intentsitatea gehiago handitzen saiatzen baziren, material anplifikatzailea suntsitzen zen.

Stricklandek eta Mourouk arazo hori gainditzen zuen teknika berri bat asmatu zuten (CPA teknika): pultsua denboran laburtu, gero anplifikatu, eta, azkenik konprimatu. Hala, laserren intentsitatea asko handitu zitekeela erakutsi zuten, 1985aren amaieran argitaratutako artikulu batean. Stricklanden lehen argitalpen zientifikoa izan zen. Doktore-tesia egiten ari zen, Mourou zuzendari zuela. Orain, Fisikako Nobel saria jasotzen duen hirugarren emakumea izango da, azkenak jaso zuenetik 55 urtera.

Iraultza ekarri zuen aurkikuntza hark, eta intentsitate handiko laserrak egiteko oinarrizko teknika bihurtu zen. Egun, halako laserrak asko erabiltzen dira; adibidez, ikusmena hobetzeko laser-bidezko ebakuntzak egiteko, hainbat material mozteko edo zulatzeko, eta beste hamaika aplikaziotarako. Eta, ziurrenik, oraindik ezagutzen ez ditugun askoz gehiago izango dituzte etorkizunean.

Lotura: https://zientzia.eus/artikuluak/fisikako-nobel-saria-laserraren-fisikan-ekarpen-ir/

Lizentzia: CC-BY-SA 3.0