ARRAIN PILOTAK

Norvegian bi aldiz lan egin nuen Stavanger hirian, bi enpresa desberdinetan. Lehen aldia izan zen 1974an, ia urte batez, ezkongabe nintzelarik eta bigarrena, 1982tik 1985era, familiarekin. Orduan emazte eta biak bi haurrekin bertara joanak ginen. Bi aldietan, konpainiak alokatzen zuen apartamentu edo etxe batean bizi izan ginen.

1974an, Kvernevik mendebaldeko auzo batean bizi nintzen, nire lehen enpresan lan egiten nuelarik. Nire orduko apartamentua, bi estai zituen aski etxe handi baten behe edo lurreko partea zegoen. “Lurreko” hitza beharbada hobe zegokion. Izan ere, apartamentu hau erdi lurperatua zen. Leiho gehienak hormetako goi parteetan ziren zulatuak.

Goiko apartamentuan, jabea eta haren familia, hots haren emaztea eta bizpahiru haur gazte bizi ziren. Aipatu dudan lurperatze honek arazorik ez zidan sortzen. Ezkongabe nintzen eta denbora gehiena itsasoan pasatzen nuen petrolio ikertze plataformetan. Gainerako egunetan, apartamentua aski zitzaidan afaltzeko eta lo egiteko, noizean behin botila bat hustuz laneko lagunekin. Horrez gain, lehorrean nintzenean, lan egiten nuen Sola auzotik ez zegoen urrunegi.

Jabearen bikotea atsegina zen, beti laguntzeko prest eta ea dena ongi zihoakidan kezkatzen eta ziurtatzen ari. Gainera, batzuetan gomitatzen ninduten haiekin bazkal edo afaltzera. Toki eta orduko familietako sukaldaritza ez zen Michelin izarrekin sariztatzekoa baina momentu atseginak pasatzen nituen, familia giro batean. Ahalegin bakarrak, arrain bolen edo piloten irensteko unetan egin behar nituen. Supermerkatuetan merke erosten ziren eta tokiko patatekin batez ere jaten ziren. Beharrik merke ziren! Bestela inork ez zituen erosi izanen.

Hala ere, haiekiko harremana hain atsegina izan zen non 1982an itzuli eta gero, asteburu batean emazte eta haurrekin autoa hartu nuen behin bizi izana nintzen lekua emazteari erakusteko. Zailtasunik gabe Kvernevikeko etxea atzeman genuen, tokiko fiordoari so egin eta abiatu aurretik, badaezpada, atea jo. Senar-emazteak pixka bat harrituta zeuden baina nitaz gogoratu ziren eta nik familia aurkeztu nien.

Beraz, afaltzera gomitatu genituen ondoko egunen batean, haien haurrekin, bistan da. Gogotik etorriko zirela erantzun ziguten baita haurtzainak haien haurrak zainduko zituela ere, maiz bezala, haien etxean.

1982an, Dusavik iparraldeko auzoan, bulegotik aski hurbil, Stavanger fiordoaren gainean bizi ginen. Semeek bi urte eta erdi inguru zituzten. Gazteak izan arren, ohitura emana genien gurekin eguneroko hiru apairuen hartzea, mahaiaren inguruan, guk bezala baina haien haur aulkietan eseririk, hastapenean koilarekin eta gero sardexkekin.

Afari honetan ere, aspaldian Kverneviken ezagutua nuen familiako giro hartan bezala, semeek gurekin afaldu zuten. Haien adineko jakin-minak, haien arreta osoa gure gomitatuengan finkatu zuen. Horrez gain, etxean gure artean erabiltzen ez genuen ingelesez entzun gintuzten. Ondorioz, afarian zehar, isilik egon ziren. Egia erran, adin horretan ez ziren ia batere frantsesez mintzatzen: bikiak ziren eta haien berezko hizkuntza zuten oraindik. Egunen batean, gure harridurarik handienerako, norvegiar auzoko batek erran zigun norvegiarrez ongi ematen zutela tokiko beste karrikako haurrekin. “Norvegiarrez? Nola izan daiteke? Gurekin frantsesez oraindik ez!” —erantzuna genion!

Afarirako menua osatzeko, arraina prestatua genuen. Emazteak gehien gustatzen zitzaigun arraina kozinatua zuen: itsas zapoa. Gure gomitatuek zein arrain mota zen galdetu zigutenean, apur bat harrituta egon ginen. Fjord baten ondoan bizi izanez gero, arrantza handiko herri batean, tokiko arrainei zegokienez gu baino jakintsuagoak izanen ziratekeela pentsatzen genuen. Izan ere, urte batzuk goizago bezala, batez ere arrain pilotak oraindik jaten zituzten, prezioarengatik, beharbada.

Halere, han arrain piloten jatea, a zer lastima! Portuko kaian, kanpoko dendetan, mota desberdinetako arrain fresko baino freskoagoa eros zitekeen, egun edo bezperan arrantzatua. Salbuespena zen izkiren saltzea. Osasun arrazoiengatik, legez, barkuetan hartu orduko egosten zituzten lehorrera eraman aurretik. Larunbateko luxu txikia, erosketak egiteko hiriko erdigunera joaten ginenean, kaiko denda batean izkira handien erostea eta tokiko ostatu batean garagardo batekin pintxo gisa jatea zen.

Gorago aipatu bezala, bikiak mahaiaren inguruan aski lasaiak izan ziren. Hala ere, adin hartan, haien elkarketaren indarrarekin, denetarik pixka bat egiten saiatzen ziren: landare ontziak iraultzen, terraza estaliaren teilatuan korrika egiten, legarren jaten, aita bulegotik ateratzen, hara oinez joanez eta abar. Behin, urte bat edo bi berantago, beste frantses haurtzaindegiko mutil batekin, etxearen karrikatik desagertuak ziren. Normalki han gelditzen ziren auzoko haurrekin jolasteko. Asteburua zen eta etxetik abiatuz bilatzen hasi nintzen etxearen inguruetan. Norvegiar auzoko haurrei galdetu nien ea semeak ikusiak zituzten. “Bai eta fiordora zihoazen” —erantzun zidaten. Bistan da lasterka ibiltzen hasi nintzen eta laster han aurkitu nituen, fiordoaren bazterreko arroketan.

Zer egiten duzue hemen mutikoak? Igeri egiten jakin gabe, lanjerosa da! Eta zu, zer eginen duzu anaia erortzen bada uretan?” —bikietako bati galdetu nion, urduri pixka bat. Udaberria bukatzen zen eta fiordoaren tenperatura 10 bat gradu inguru zegoen.

Bada, ni, uretan jausiko naiz anaia salbatzeko!”—erantzun zidan.

Gure afarirako gomitatuek, abiatzeko momentuan, gure bikiak hain lasaiak edo prestuak izanik harrituak zirela, erran ziguten. Haien haurrak mahaiaren inguruan eserita egotea, apairu oso baterako, ezinezkoa zitzaien.

Pixka bat berant zen eta bikien zozokerien zerrenda ez ginen aipatzen hasi!

2018/08/26 – “Maiatz” aldizkarian argitaratuta (67. zenbakian)