MANEX ETA BUZTANIKARA

Apirileko egun batean, dagoeneko udaberrian ongi sartuta, Manexen baserrian belar berdea egiten hasi berriak ziren baratze ondoan, segarekin. Behiak, egunez, ukuilutik kanpora ateratzen zituzten euntzeetan bazkatzeko, baina urrixak eta txekorrak ez, hauek etxean uzten zituzten geldi-geldirik, gehiago gizen zitezen eta bukaeran hiltegira eramateko, behin salduta. Azken haientzat, hain zuzen ere, ebakitzen zuten belar berde hura, ukuilura eraman eta gero abelgorri gazte haiei emateko, hantxe, egoera sedentario hartan, lehenbailehen loditzeko eta geroago saltzeko. Egun bakoitzean oso belar gutxi ebakitzen zuten, bizpahiru eskorga betetzeko adina-edo, egun hartan bertan jaten emateko.

Urtaroko hartako sasoi hartan belarra ebakitzen zutenean, belar soroan gelditzen zen soilgune hartara hegazti asko joaten ziren janari bila, handiak eta txikiak, konparazio batera, zozoak, belenabarrak, buztanikarak, beleak eta abar, han xomorro asko aurkitzen baitzituzten jateko, esate baterako, harrak, zizareak, bareak, intsektuak, armiarmak eta abar.

Baserriko mutiko gazteena berehala konturatu zen horretaz, eta, noski, tentaldiari ezin eutsi. Segituan karabinaren bila joan, hartu eta bere logelako leihora hurbildu zen tiro egiteko. Kontu handiz leihoa ireki, begiratu eta segidan ikusi zuen buztanikara bat baratze ondoan, isatsa etengabe astintzen eta bere burua alde batetik beste batera paseoan eramaten, lasterraldi arinak eginez, zer suma eta zer aurki, harrapatu eta jaki goxoa zintzurrera sartzeko.

Arreta handiz itxoin zuen buztanikara pixka bat hurbildu zen arte, eta orduan, ustez ongi apuntatu ondoren, balina jaurti zion jotzeko itxaropenarekin, baina ez, luma bakar bat ere ez zion ukitu. Tiroaren zaratarekin, txoria, izututa, hegaldatu eta airean joan zen ahalik eta azkarrena, pixka bat behintzat urrutiratu zen arte. Simaur pilaren gainean sentitu zen hegaztia lasaiago, momentuz, bederen.

Baina Manexek jardun eta jardun jarraitu zuen, oraindik ez baitzegoen amore emateko prest, eta horregatik, aida batean, ukuiluko eskailerak jaisteari ekin zion, karabina aldean zeramala. Ukuiluko ateko leihatilatik ikusi zuen buztanikara urrun zegoela, behi-ongarri piloaren gainean, bere paseotxoak egiten.

Gauzak horrela, Manexi iruditu zitzaion txoria urrutiegi zegoela balinarekin jotzeko. Orduan zer erabakiko, eta tiro bat apuntatu gabe botatzea lumaduna zegoen aldera, karabinaren zaratotsarekin agin berriz ere hegan hasi eta hurbilduko zitzaion itxaropenarekin. Bazekien probabilitatea oso txikia zela arrakasta lortzeko, baina probatzeagatik deus ere ez zuela galduko erabaki zuen, eta egin ere, halaxe egin zuen.

Ateko leihatilan karabina bermatu, arma pixka bat behi-ongarri piloa zegoen aldera bideratu eta besterik gabe, hau da, batere apuntatu gabe, tiro egin zion, handik uxatu eta ikusteko nora zihoan. Baina, hara! Hura Manexen harridura! Bat-batean ikusi baitzuen buztanikara behi-ongarri metaren gainean, jirabiraka, iraulka eta itzulika. Ezin zuen ulertu.

-Baina, baina zer arraio gertatu ote da hor? -bere baitan.

Eta bere buruari galdera gehiagorik egin gabe, karabina bazter batean utzi, atea zabaldu eta ziztu batean abiatu zen lasterka, zoritxarreko txoria zegoen alde hartara. Ordurako jada hegaztia azkenekoetan zegoen; handik gutxira azken arnasa eman eta zendu egin zen lumadun gaixoa. Manexek eskuetan hartu eta segidan ohartu zen tiroa buru erdi-erdian zeukala, hots, nekez jo zitekeen hobekiago, hurbiletik botata ere. Une hartantxe ulertu zuen zergatik mugitu zen hainbeste zorigaiztoko buztanikara, alegia, buruan dagoelako nerbio sistemaren gune nagusia, eta, seguru asko, kirioek eraginen zioten jirabirako mugimedu hura.

Jarraian zera pentsatu zuen mutikoak bere baitan:

-Alajainkoa!, batzuetan askoz ere gehiago ehizatzen da batere apuntatu gabe, arreta handiz apuntatuta baino!

Bizitzaren paradoxak!